Hamar kartel dira guztira, eta iruindarrek hamabi egun izanen dituzte 2025eko sanferminetako kartela bozkatzeko. Epaimahaiak hautatu ditu dagoeneko hamar kartel finalistak. Eta orain iruindarren txanda da: maiatzaren 7tik (asteazkena) aurrera gogokoen duten kartela bozkatzen ahalko dute. Aurrekoetan bezala, hiru bide gaitu dira guztien bozka-eskubidea errazte aldera: batetik, 010 Herritarrendako Arreta telefonora deituta bozkatzen ahalko da (mugikorretik edo Iruñeatik kanpoko tokiren batetik kanpotik deituz gero, 948 420 100 telefonora erabili behar da). Bestetik, aurrez aurre bozkatzen ahalko da Civivox Sareko zentro guztietan, eta horretarako, boto-ontziak jarri dituzte herritarren eskura. Bi kasuetan, bozketa maiatzaren 17an (larunbata) itxiko da, 13:30ean. Halaber, online bozkatzeko aukera egonen da, www.pamplona.es/eu Udal-webgunearen eta www.pamplonaescultura.es/eu webgunearen bidez. Online bozkatzeko epea maiatzaren 18an itxiko da (igandea), 23:59an.
Bozketaren inguruko xehetasun guztiak gaur goizean aurkeztu dituzte Garbiñe Bueno Zabalza lehen alkateordeak eta Íñigo Gómez Eguíluz Kulturako Alorreko zuzendariak, eta aurtengo epaimahaikideekin batera, hautatutako hamar kartelak jakinarazi dituzte. Kartelak Kondestablearen jauregiko patioan egonen dira ikusgai, bozketa amaitu arte.
Honako hauek dira hamar lan finalistak, dagozkien bozketarako zenbakiarekin eta plika-zenbakiarekin:
• 1. kartela. 3017. plika. Distira
• 2. kartela. 3129. plika. Uztailaren 6an, 12:00etan
• 3. kartela. 3225. plika. Lore-koroa
• 4. kartela. 3144. plika. Festaz bete-betea!
• 5. kartela. 3395. plika. Iruindarren etxea
• 6. kartela. 3247. plika. Bauhaus 1919
• 7. kartela. 3155. plika. Ni Iruña naiz
• 8. kartela. 3520. plika. Uneak
• 9. kartela. 3514. plika. Zaldiko
• 10. kartela. 3440. plika. Egin korri
Boto gehien eskuratzen dituen kartela 2025eko sanferminetako irudia izanen da, eta 5.000 euroko sari bat eskuratuko du. Bozkatzeko aldirako hautatutako beste 9 kartelek 500na euro jasoko dituzte, lehiaketako azken aldian parte hartzeko egindako lanagatik.
Lehiaketaren arauei jarraikiz, ezin izanen da jakinarazi nor den kartel bakoitzaren egilea lehiaketaren behin betiko ebazpena eman arte, kartel hori hamar finalisten artean aukeraturik egon zein ez. Anonimotasun-betebeharrari lotutako oinarriak ez betetzea arau-hauste larritzat joko da, eta edizio honetatik baztertzeaz gain, 3 urtez lehiaketara ezin aurkeztea ekarriko du.
Iaz adimen artifizial sortzailea erabiltzea mugatu zen, baina ez zen guztiz debekatu; aldiz, aurten debekatuta zegoen kartelak egiterako orduan adimen artifiziala erabiltzea, eta lanek originalak eta argitaratu gabeak izan behar zuten.
Kartel finalistak hautatu dituen epaimahaia zortzi epaimahaikidek osatu dute. Iñigo Gómez Eguíluz Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko alorreko zuzendaria izan da epaimahaiburua, eta hauek izan dira epaimahaikideak: Patricia Martiartu Fernández Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolako zuzendariorde eta irakaslea; Beatriz Remiro Virto NC Encomunicación agentziako diseinatzaile eta Nafarroako Komunikazio-Enpresen Elkarteko kidea; Nicolás Aznárez López de Guerrero ilustratzaile eta Tiza elkarteko kidea; Liébana Goñi Yárnoz artista eta ilustratzailea; Oier Zuñiga Pérez de Urabain artista eta ilustratzailea eta Beatriz Iribarren Zabalegui Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko Kultur Hedapeneko zerbitzuburua. Lidia Aguerri Hermoso de Mendozak alor horretako administrari gisa dihardu, eta lehiaketaren idazkaria izan da.
Iruñean erroldatuta daudenek bozkatzen ahalko dute
Hamar finalistak hautatu eta gero, Iruñean erroldatuta daudenek erabakiko dute zein den kartel irabazlea. Izan ere, haiek izanen dira bozkatzeko aukera izanen duten bakarrak, horretarako prestatutako bitartekoen bidez.
Nahi duenak telematikoki bozkatzen ahalko du, www.pamplona.es/eu eta www.pamplonaescultura.es/eu udal-webguneen bidez. Bozkatu ahal izateko, posta elektronikoko helbide bat izan beharko dute. Gogokoen duten kartelari botoa eman eta gero, inprimaki bat bete beharko dute: NANa, AIZa edo pasaportea (hizkiak barne) idatzi beharko dute, baita izen-abizenak eta baliozko helbide elektroniko bat ere. Sistemak esteka bat bidaliko du emandako helbide elektronikora, eta esteka hori baliozkotu beharko da botoa gauzatzeko. Bakoitzak boto bakar bat ematen ahalko du.
010 herritarrendako arreta-telefonoaren bidez bozkatuko dutenei Internet bidez eskatuko diren datu horiek guztiak eskatuko zaizkie, helbide elektronikoa izan ezik. Beraz, izen-abizenak eta bozkatu nahi duten kartelaren izena jakinarazi beharko dute. Halaber, deitzen duen pertsonari NANa eskatuko zaio, beste bide batez ez duela bozkatu egiaztatzeko.
Aurrez aurre bozkatzea nahiago dutenek hiriko Civivox guztietan boto-ontziak izanen dituzte bozkatu ahal izateko. Boto-paper batzuen bidez bozkatzen ahalko dute, eta NAN zenbakia eskatuko zaie. Hala, aurrez aurre emandako botoak botoen guztizko erregistroan sartzen direnean, datuak egiaztatuko dira bikoizketak saihesteko.
Iruñeko Udalak, aurreko edizioetan bezala, hainbat segurtasun-mekanismo gaitu ditu bozketa modu egokian garatu dadin. Botoa eman dezaketen pertsonen autentifikazioa indartu da, IP beretik bozketa masiboak saihestu eta boto bikoizturik ez dagoela berresteko.
Online bozketa maiatzaren 18an (igandea) bukatuko da, 23:59an. Telefono bidez edo aurrez aurre bozkatzeko epea, berriz, maiatzaren 17an amaituko da, 13:30ean. Civivoxetan astelehenetik larunbatera bozkatzeko aukera dago, ordu hauetan: 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara; Maiatzaren 17ko (larunbata) 13:30era arte bozkatzen ahalko da. Bestalde, hauxe da 010 telefonoaren ohiko arreta-ordutegia: astelehenetik ostiralera 08:00etatik 19:00etara eta larunbatetan 09:30etik 13:30era.
Sanferminetako kartela aukeratzeko egiten den hamaseigarren herri-bozketa da. Parte hartzeko prozesua 2008an abiatu zen, eta 2020an eta 2021ean ez zen egin, koronabirusaren pandemiaren ondorioz jaiak bertan behera geratu baitziren.
490 parte-hartzaileren artean egin da hautaketa
Aurtengo Sanferminetako Kartelen Lehiaketan 490 lan jaso ditu Iruñeko Udalak. Gehienak (468) Espainiako Estatutik datoz, eta 22, nazioartetik. Estatutik jasotako lanetatik, 284 Nafarroatik jaso dituzte (137 Iruñetik), eta beste 184ak estatuko beste probintzietatik jaso dituzte: Madrildik, 27; Gipuzkoatik, 24; Bartzelonatik, 17; Valentziatik, 16; Bizkaitik, 14; Arabatik, 13; Alacant eta Zaragozatik, 7; Errioxatik, 6; Castellótik, 5; Burgosetik eta Málaga eta Leóndik, 4; halaber, probintzia hauek 3 kartel aurkeztu dituzte: Salamancak, Ciudad Realek, Albacetek, Pontevedrak, Tarragonak, Las Palmasek, Sevillak eta Kantabriak. Gainera, beste 15 probintziak kartel bat edo bi aurkeztu dituzte.
Nazioartetik jaso diren kartelei dagokienez, zortzi Estatu Batuetatik jaso dira; zazpi, Frantziatik, eta bi, Alemaniatik. Azkenik, kartel bakar bat aurkeztu dute Erresuma Batuak, Serbiak, Ekuadorrek, Argentinak eta Belgikak.
Parte-hartzaileen adinari dagokionez, 30 eta 49 urte bitartekoek aurkeztu dituzte kartel gehien, 175. 50 urtetik gorakoek, berriz, 172 kartel. 19 eta 29 urte bitarteko gazteen kasuan, 112 kartel aurkeztu dituzte, eta adingabeek, 30.
286 kartel gizonezkoek aurkeztu dituzte, eta emakumezkoek, 202. Beste bik ez dute beren sexua zein den zehaztu.
2025EKO SANFERMINETAKO KARTEL LEHIAKETAREN FINALISTAK. EPAIMAHAIAREN BALORAZIOA
• 1. kartela. 3017. plika. Kartelaren izenburua: Distira
Irudia sanferminetako nortasunaren abstrakzio-proposamen zirraragarria da, eta arrazoi horregatik hautatu dute. Gutxien-gutxienera murriztutako kartel gorri bat da, distira arin bat du, eta jaietako zapiaren bibrazioa iradokitzen digu. Izaera indartsua eta originaltasun erradikala darabil. Ezin hobeki laburbiltzen du jaien irudi inklusiboa, askotarikoa eta horizontala, eta horretarako, zapi gorria baliatzen du, jaien sinbolo adierazgarrienetako bat. Era berean, aukera ematen du gaur egun jaien irudi, sinbolo eta esanahi adierazgarrienak zeintzuk diren hausnartzeko.
• 2. kartela. 3129. plika. Kartelaren izenburua: Uztailaren 6an, 12:00etan
Kartelak maisukiro islatzen du Iruña nola lehertu eta eraldatzen den txupinazoan, eta erdiko haustura bisualaren bidez haren narratiba egituratzen du, une gogoangarri horren aurretiko eta ondorengo irudia sinbolizatuz. Konposizio dinamikoa darabil, eta keinu-trazuen eta koloretako orbanen bidez, kaos kolektiboa eta jendetzaren energia gainezkatua islatzen du, mugimenduen eta emozioen sintesi bisuala lortuta. Paleta kromatikoak ohiko gorria eta txuria ditu oinarri, baina ñabardura espresionisten bidez aberastu dute; hala, festaren intentsitatea areagotzen da, haien identitatearen erroa galdu gabe. Eskuz eginiko tipografia koloreaniztunak berezkotasuna eta bizitasuna ematen dio kartelari, berrikuntza grafikoa eta funtsezko elementu sinbolikoak bateratuta. Ikuspegi abstraktu eta sentsoriala darabil, eta esperientzia emozionala lehenesten du irudipenaren gainetik, sanferminetako memoria kulturalarekin bat eginez. Oro har, originaltasun tekniko handiko diseinua da, eta hizkera garaikide eta iradokitzaile baten bidez, festaren esentzia kartsua ekartzen du gogora.
• 3. kartela. 3225. plika. Kartelaren izenburua: Lore-koroa
Festen egungo ikuspuntua islatzen du, modu sinbolikoan eta ikuspegi integratzailearekin. Kartelaren egitura bisuala erdiko figura baten inguruan ardazten da; hala, zirkulu ireki bat sortzen da, jai-elementuen eztandaren seinale. Itxuraz, estetika naifa darabil, eta grafismoak eta koloreen trataerak kartel zaharrak ekartzen dituzte gogora, jai herrikoiaren irudi alai eta adierazgarria osatuta.
• 4. kartela. 3144. plika. Kartelaren izenburua: Festaz bete-betea!
Diseinuak freskotasuna eta kohesioa baliatzen ditu sanferminen jai-giroa islatzeko: aske utzitako zezen bat irudikatzen du, zeinak pozez betetako lasterketa kaotiko bat eragiten duen; halaber, kartelak sinbolo klasikoak (erraldoiak, txarangak) eta eguneroko figurak (haurrak, osasun-langileak) bateratzen ditu, ekitaldiaren dimentsio komunitarioa azpimarratuz. Hiruki-formako erdiko egitura mugimenduan dauden figurez beteta dago, eta horrek erritmo bisual sutsua sortzen du, mezuari argitasuna eta bizitasuna ematen dion artisau-tipografia osatuz. Paleta kromatikoa gorrian eta zurian ainguratuta dago, baina lur-koloreko tonu kartsuek aberasten dute, eta horri esker, tradizioa eta modernitatea orekatzen dira, irakurgarritasunari uko egin gabe. Eskuzko trazuko teknika digitalak egiazkotasuna eta epeltasuna ematen dio diseinuari, berrikuntza eta artisautza bateratuta. Oro har, obra narratiba bisual inklusiboa izateagatik nabarmentzen da, baita emozioz betetako konposizio dinamikoan Iruñeko zalaparta eta emozioak kapsulatzeko gai izateagatik ere.
• 5. kartela. 3395. plika. Kartelaren izenburua: Iruindarren etxea
Kartelaren kalitate teknikoa nabarmentzekoa da, baita festak gertutik bizitzen ditugunondako ohiko eszena bat transmititzeko gaitasuna ere. Olioa erabiltzeak epeltasuna eta testura ematen dio kartelari, eta arropa esekita duen balkoiaren irudiak sanferminetan hain berezkoak diren zalaparta hasi aurretiko une horiek ekartzen ditu gogora. Proposamen xumea da, baina oso iradokitzailea.
• 6. kartela. 3247. plika. Kartelaren izenburua: Bauhaus 1919
Kartel honek diseinu kontzeptual eta abstraktua du, Alemaniako Bauhaus diseinu-eskolan oinarritua. Hizkera bisualaren alde egiten du apustu. Ikonografia baliatuz, sanferminetako gai tradizionalak irudikatzen dira, modu errepikakorrean eta oso ongi egituratuta: hala nola zezenak, korrikalariak, zapiak... Dimentsio grafiko moduko bat sortzen da, eta koloreek eta formak erritmo bisuala ematen diote kontzeptuari. Sanferminetako jaiekin lotzen diren hiru kolore puruak erabili ditu egileak: gorria, beltza eta zuria. Tipografia garbia da, eta informazioa modu hierarkizatuan antolatua dago: oreka ematen dio multzo osoari, eta argitasuna mezuari.
• 7. kartela. 3155. plika. Kartelaren izenburua: Ni Iruña naiz
Nabarmentzekoa da zer zirrara sortzen duen eta zeinen ongi eratuta dagoen. Ilustrazioa oso landua da, baina xumea aldi berean, eta armonia bikaina ikusten da ilustrazioaren eta kartel osoaren artean. Erraz antzematen da Caravinagre nor den, eta pertsonaia horrek indarra eta nortasuna ematen dio kartel osoari; hala, kartelak festaren esentziarekin bat egiten du zuzen-zuzenean.
• 8. kartela. 3520. plika. Kartelaren izenburua: Uneak
Proposamen honetan erraz ikusten da sanferminek hain berezkoa duten zalaparta: gaua amaitu gabe hasten da eguna, hamaika esperientzia gurutzatzen dira, eta milaka kointzidentzia bitxi izan ohi dira. Mugimenduz, erritmoz eta indarrez beteriko irudia da, kolore eta trazu biziak ditu, paperaren mugak gainditzerainokoak, eta bikain irudikatzen du gure festek sortzen diguten lilura. Ilustrazioak estilo propioa du, eta horrek zirrara, indar eta ausardia itzelak ematen dizkio kartelari. Estilo horrek 1980ko hamarkadako kartelgintza ekartzen digu gogora, marrazkiaren mugimenduak eta askatasunak erabat hartzen baitute iruditeria. Elkarrekin bizitzeko eta elkartzeko gaitasuna aldarrikatzen du kartelak, eta horixe da hain zuzen ere gure festen ardatza.
• 9. kartela. 3514. plika. Kartelaren izenburua: Zaldiko
Zaldiko pertsonaia herrikoiak du protagonismo osoa kartel honetan. Zaldiko da atal nagusia, eta haren inguruan egituratzen da informazio guztia. Karteletan gutxi erabili izan da pertsonaia hori, baina festan protagonismo handia du. Kartelak estilo naifa du, eta sinpletasuna eta apaltasuna ditu ezaugarri nagusi. Oinarrizko formekin egina da, eta kolore lauak eta marra leunak ditu. Apaltasuna eta naturaltasuna transmititzen dituzte horrelako marrazkiek. Kolore-paleta oso ondo egokitzen zaio pertsonaiari, eta oso ondo islatzen du festa. Informazioa modu orekatuan antolatuta dago ilustrazioaren inguruan, eta hitzek eskuzkoagoa den tipografia gogorarazten dute, estilo grafikoari fidel. Gainera, zatitan banatuta dago informazioa, eta horrek ulermena errazten du.
• 10. kartela. 3440. plika. Kartelaren izenburua: Egin korri
Irudi sinplea da, eta bikain laburbiltzen du festa; gainera, kolore lauak ditu oinarrian, eta horri guztiari esker entzierroa oso modu grafiko eta sutsuan irudikatzen du. Koloreen masa zedarrituak dira, eta egileak bi dimentsioko itxura eman dio propio, baina hala ere, sakonera ere ikusten zaio: izan ere, horixe lortzen da kolore-masak bata bestearen gainean jarrita, eta are gehiago harea-koloreko hondoa erabilita. Indar bisual eta dinamismo handiko irudia da, eta ikonikotasun txikikoa; ondorioz, kartelari begiratzen dionak berregin behar du irudia.