Azaroaren 17an, ostegunarekin, Lehen eta Bigarren Zabalguneetako Auzo-eztabaidagunea eginen da eta bertan Enrique Maya Iruñeko alkateak eta María García-Barberena auzoko zinegotziak hartuko dute parte. Herritarrek beren galdera, proposamen eta ekarpenak aldez aurretik egiteko aukera izateko xedez, postontzi elektroniko bat (foros@pamplona.es) gaitu da; bertara eta decide.pamplona.es webgunera interesekoak diren gaiak igortzen ahalko dira azaroaren 14ra arte (astelehena). Kontsulta horiei eta eztabaidagunean sortzen direnei bertan emanen zaie erantzuna. Topaketa Arte eta Goi-mailako Diseinu Eskolako (Amaia kalea, 27) ekitaldi-aretoan eginen da 18:30etik 20:00etara.
Elkarrizketa guneak izateko sortu zituen Iruñeko Udalak Auzo-eztabaidaguneak, hiriko biztanleek beren ingurune hurbilenei buruz dituzten kezkak bertatik bertara ezagutzeko xedez. Horregatik, hitzordu horietan aldizka parte hartzen dute bai alkateak berak bai sortutako zalantzak argitu eta herritarrendako interesekoak izan daitezkeen alderdi zehatzetan sakontzen ahal duten Udaleko zinegotzi eta teknikariek.
Bizilagunen, elkarteen eta entitateen sarrera librea izanen da, leku guztiak bete arte. Halaber, interesa izan eta bertaratzeko aukerarik ez dutenek saioa jarraitzen ahalko dute Udaleko Herritarren Partaidetzako Alorraren Youtubeko kanalaren bidez. Halaber, sare sozialetan elkarrizketa sustatzeko #ForoEnsanches | #ZabalguneetakoEztabaidagunea traolak sortu dira.
Udalaren eta herritarren arteko topaketak 2004an abiatu ziren eta 2009tik aurrera ohiko hitzordu bihurtu ziren. COVID-19aren pandemiaren ostean, Iruñeko Udalak joan den urteko azken hiruhilekoan ekin zien berriro auzo-eztabaidaguneei, prebentzio-neurriek eta murrizketek berriz bilkurak egiteko aukera eman zutenean. Mendillorri, Sanduzelai eta Milagrosa – Arrosadia – Azpilagañako auzo-eztabaidaguneak egin ziren orduan. Donibane auzoari buruzko saioa apirilaren 28an egin zen eta Etxabakoitzekoa, berriz, maiatzaren 11n. Udako geldialdiaren ostean, topaketak urriaren 25ean berrabiarazi ziren, Arrotxapeko Auzo-eztabaidagunearekin. Orain Zabalguneen txanda da eta abenduaren 15ean Ermitagaña-Mendebaldeako Auzo-eztabaidagunea eginen da. Hala osatuko da alkateak eta auzoko zinegotziek hiriko auzo guztietako auzotarrekin egitekoa zuten topaketa-zikloa.