Datorren astelehenera arte, egun hori barne, egonen da zabalik Erripagaña, Beloso eta Bidezarreko Auzo-eztabaidagunerako ekarpenak aurkezteko epea. Proposamenak eta iradokizunak bidaltzeko bi bide daude: foros@pamplona.es helbide elektronikora idatzita edo Erabaki Iruña webgunearen bidez. Herritarrek egindako ekarpenak auzo-eztabaidagune nagusian jorratuko dira: ekainaren 19an (osteguna) izanen da, Elorri ikastetxe publikoan (Etxalatz Jaurerriaren kalea z.g.).
Erripagaña, Beloso eta Bidezarreko Auzo-eztabaidagunean honako hauek hartuko dute parte: Maider Beloki Unzu auzoko zinegotzi eta Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotziak, Aitziber Campión Ganboa Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi bereziak eta hainbat udal-teknikarik. Eztabaidagune nagusiarekin batera, Haurrendako eztabaidagunea eginen da, eta bertan 3 eta 12 urte bitarteko haurrek hartuko dute parte: 17:00etatik 19:00etara izanen da, Elorri ikastetxe publikoan; haurrek ateratako ondorioak auzo-eztabaidagune nagusiaren hasieran aurkeztuko dira.
Joan ezin duenak Internet bidez ikusten ahalko du eztabaidagune nagusia, Participa Pamplona Youtubeko kanalean. Entzumen arazoak edo desgaitasunak dituztenendako irisgarria izanen da saioa: zeinu-hizkuntzako interprete bat, estenotipia (azpidatziekin) eta begizta magnetikoa izanen dituzte. Udalaren zerbitzu hauek aurkeztuko dituzte: Plaza On Iruñeko Boluntarioen Udal Sarea, Gaztediaren Etxea eta Bitartekaritza Komunitarioko Bulegoa / Komunitate Polizia. Halaber, bi proiektu komunitario hauek izanen dituzte hizpide: Erripagañako Auzotarren elkartea eta Bidezarreko Auzotarren elkartea.
Azken auzo-eztabaidagunearen aitzakian, hainbat jarduera eginen dituzte: ekainaren 17an (asteartea) ibilaldi bat eginen dute auzoan barna: 17:00etan Erripagañako auzo-lokaletik abiatuko dira, eta Londres eta Ángel Postigo Mejías kaleen artean dagoen plazara arte joanen dira. Ibilaldian honako hauek hartuko dute parte: Maider Beloki Unzu auzoko zinegotziak, Komunitate Poliziako hainbat kidek, hainbat udal-teknikarik, Erripagañako Auzotarren elkarteak eta Bidezarreko Auzotarren elkarteak sustatutako proiektuetako langileek eta interesa duten auzotarrek. Ibilaldia bukatu eta gero, Stand2 elkarteak kaleak girotzeko saio bat eginen du 18:30ean.
Ekainaren 19an (ostegunarekin), 17:00etatik aurrera, Elorri ikastetxe publikoan Hiri Markaren erakusketa (Pamplona=bagara-Iruña=de verdad) jarriko dute ikusgai, baita Udalak 2025erako prestatutako beste egitasmo batzuk ere.
ERRIPAGAÑA, BELOSO ETA BIDEZARREKO AUZO-EZTABAIDAGUNEA
Ekainak 17, asteartea:
o Ibilaldia auzoan barna: 17:00 – 18:30. Erripagañako auzo-lokaletik irtengo dira, eta Londres eta Ángel Postigo Mejías kaleen artean dagoen plazararaino joanen dira dira.
o Kultur jarduera: 18:30ean, Londres eta Ángel Postigo Mejías kaleen artean dagoen plazan. Stand2 elkarteak kaleak girotuko ditu.
Ekainak 19, osteguna:
o Hiri Markaren erakusketa (Pamplona=Bagara-Iruña=de verdad) eta udal-egitasmoak. 17:00etatik aurrera. Elorri ikastetxe publikoan.
o Haurrendako eztabaidagunea: 17:00 – 19:00. Elorri ikastetxe publikoan.
o Auzo-eztabaidagune nagusia: 18:30 – 20:00. Elorri ikastetxe publikoan.