Gaurtik aurrera, herritarrek bozka ematen ahal dute 2025eko sanferminetako txupinazoa nork edo zer entitatek jaurtiko duen aukeratzeko. Iruñean erroldatuta dauden 16 urtetik gorakoek ematen ahal dute botoa, bakoitzak bakarra, eta Sanferminetako Mahaiak proposatutako bost hautagaietako bat aukeratu beharko dute: AFAN (Alzheimerra eta bestelako dementziaren bat dutenen Senideen Elkartea), Iruñeko Gaiteroak, Alberto Gurrea Saenz, Juan José Martinena Ruiz, Yala Nafarroa con Palestina dira hautagaiak. Bozka ematean, NANa edo nortasuna egiaztatzeko antzeko egiaztagiriren bat eman beharko dute.
Ekainaren 13an amaituko da bozkatzeko epea, ostiralarekin, egun hori barne, eta hiru modutan ematen ahal da botoa: aurrez aurre, telefonoz eta Internet bidez. Aurrez aurre bozkatzeko, Civivoxetara joan behar da, hainbat ontzi jarri baitituzte boto-paperekin: astelehenetik larunbatera daude zabalik, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara (Kondestable Civivoxa igandeetan ere zabalik egoten da). Telefonoz bozkatu nahi duenak 010 – 948 420 100 telefonora deitu beharko du: astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 19:00etara, eta larunbatetan, 09:30etik 13:30era. Internet bidezko botoa https://votacionessanfermin.pamplona.es/eu/ webgunean ematen ahal da, eguneko 24 orduetan, ekainaren 13ra arte (ostirala), egun hori barne.
Ekainaren 17an (asteartea) jakinaraziko dute bozketaren emaitza: Joseba Asiron Iruñeko alkateak prentsaurrekoa emanen du horretarako. Berdinketaren bat gertatzen bada, berdinduta dauden hautagaiei proposatuko zaie txupinazoa elkarrekin jaurtitzea. Boto gehien jasotzen dituen hautagaia entitate bat bada, gehienez ere erakundearen 3 ordezkarik jaurtitzen ahalko dute txupinazoa.
Txupinazoa jaurtitzen duenak hitz hauekin emanen die hasiera aurtengo festei: “Pamplonesas, pamploneses, ¡Viva San Fermín! Iruindarrak, Gora San Fermin!”. Alkatetza Dekretuan zehazten dira hitz horiek, eta ezin zaie beste ezer gehitu, ez iritzia adierazten duen hitzik eta ez bestelakorik ere.
SANFERMINETAKO MAHAIAK PROPOSATUTAKO BOST HAUTAGAIAK
Bakar bat hautatu behar da.
• AFAN, Alzheimerra eta bestelako dementziaren bat dutenen Senideen Elkartea.
• Iruñeko Gaiteroak.
• Alberto Gurrea Saenz.
• Juan José Martinena Ruiz.
• Yala Nafarroa con Palestina.
HERRITARREN BOZKETA
• Iruñean erroldatuta dauden 16 urtetik gorakoendako.
• Ekainak 2 (astelehena) - 13 (ostirala).
o Aurrez aurre: Civivox sarean, astelehenetik larunbatera, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara. Kondestable Civivoxa igandeetan ere zabalik egoten da.
o Telefonoz: 010ra deituta, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 19:00etara, eta larunbatetan, 09:30etik 13:30era.
o Internet bidez: https://votacionessanfermin.pamplona.es/eu/ webgunean, 24 orduz, ekainaren 13ra arte, egun hori barne.