Ezagutza argia da, idatzi zuen neska gazte batek horman, eta hori da horma-irudi horren xedea; garai, jatorri, arraza eta esparru ezberdinetako emakumeak ikusaraztea, gauza komun batekin: guztiek egin dituzte beren gizarteak hobetzen lagundu duten ekarpenak. Gaur amaitu dute ofizialki Aitzindarien Bidea, Lezkairuko izen bereko parkean dagoena, hasiera-hasieratik, emakumeak izendatzeko sortu zen espazioa.
Gaur goizean parkean izan da Herritarren Aferen Batzordea. Bertan, María García-Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkariak eta artistek horma-irudia gainbegiratu eta bertatik bertara azaldu dute espazio publikoan egindako esku-hartze artistikoaren amaierako emaitza. Hala, horma ofizialki amaitu dute genero-desberdinkeriak ikusarazteko data esanguratsu baten inguruan: martxoaren 8an.
Baina lan asko du atzetik. Udalak 2021eko abuztuan artista sorta poliedriko bati –«Variopintas» kolektiboa– enkargua egin zion terraza gisako parkearen gailurrean dagoen frisoa diseinatu eta egiteko. Lehenik zirriborroa egin zuten, eta ondoren, Deltadec enpresaren laguntzarekin, beren proposamenak proiektatu zituzten horman marrazteko. Hilabeteetan zehar herritarrek Gabriela Barrio (Tea en la Azotea), Mila García (Similarte), Rebecca Gil, Itziar Goñi, Idoia Iribertegui, Leire Olkotz, Concha Pasamar eta Berta Suescun artistek egindako talde-lan horren aurrerapenak ikusteko aukera izan dute. Horiei, 2021eko azken hilabeteetan, lantegi irekien bidez, beste 80 pertsonaren esfortzua gehitu zaie; herritar horiek aldarrikapen-lan honen ekoizpenean parte hartu dute.
Lana kolore biziko paleta zabal batekin landua dago, tarteka diseinatua, baina diziplina anitzeko kolektibo horretako kideek mantentzen dituzten estiloen arteko trantsizioak egiten dituzten elementu fisiko edo grafikoekin. Zortzi egileak hainbat esparru-artistikotatik datoz, hala nola, ehungintza edo edo paper-ebakinak, ilustrazioa, poesia, pintura, eskultura eta diseinua. Udalak YouTuben duen kanalean gaurtik aurrera horma-irudiaren making offa jasotzen duen film ertain bat ikusgai egonen da.
47 emakume borrokalari
Horma-irudi parte-hartzaile hori historian zehar kultura, arte, hezkuntza edo zientzia arloetan aitzindari izan diren emakumeei egindako omenaldi bat da. Emakume horiek irizpide zabalarekin aukeratu dira beren jarduerari, jatorriari eta kronologiari dagokienez, nolabait bide berriak egin zituztelako. Guztiek ireki diete bidea, hainbat modutan, beren garaikideei eta hurrengo belaunaldiei. Hautaketa arte-kolektiboak berak egin zuen prozesu neketsu baten bidez, eta azkenik, emakume esanguratsuetan oinarritu da, nahiz eta gehienak ez izan oso ezagunak. Horien artean Nafarroako zortzi emakume daude.
Omendutako emakumeak bost kontinenteetako hainbat herrialdetatik datoz: Frantzia, Italia, Espainia, Estatu Batuak, India, Peru, Ingalaterra, Alemania, Honduras, Nigeria, Kenia, Japonia, Australia, Errusia, Costa Rica, Mexiko, Egipto, Somalia eta Argentina. IV. mendetik gaur egunera arte bizi izan ziren. Emakume horiek aitzindari izan ziren edo dira diseinatzaileak, tatuatzaileak, eskubide zibil edo ingurumenekoen aldeko aktibistak, artistak, pintoreak, musikariak, hainbat herrialde eta garaitako gizarteetako erreformatzaileak, zientzialariak, filosofoak, irakasleak, kazetariak, naturalistak, argazkilariak, zinema-zuzendariak, astronautak, medikuak eta abar izateagatik.
‘Aitzindarien bideko’ emakumeak
- Josephine Baker
- Maud Wagner
- Sofonisba Anguissola
- Rosetta Tharpe
- Camino Oscoz
- Savitri Phule
- Ruth Buendía
- Wallada bint al-Mustakfi
- Christine de Pizan
- Rosalind Franklin
- Josefina Castellví Piulachs
- Marianne Brant
- Berta Cáceres
- Malala Yousafzai
- Ane Goodall
- Funmilayo Ransome-Kuti
- Gerda Taro
- Maruja Mallo
- Teresa Catalán
- Wangari Maathai
- Harriet Tubman
- Carmen Baroja
- Eularia Abaitua
- Benita Asas
- Maddalen Jauregiberry
- Margaret Elizabeth Fountaine
- Remigia Echarren Aranguren
- Vanessa Bell
- Alice Guy
- Tazuko Sanake
- Vida Jane Mary Goldstein
- María Blasco
- Valentina Tereskhova
- Chavela Vargas
- Martija de Jaúregui
- Hipatia de Alejandría
- Lotte Reiniger
- Francisca Bartolozzi (Pitti Bartolozzi)
- María del Villar Berruezo
- Murasaki Shikibu
- Leyla Hussein
- Maddalena Casulana
- Azucena Villaflor
- Anne Sullivan
- Helen Keller
- Carmen Amaya
- Sylvia Alice Earle