Herri kirolek ere tokia izanen dute sanferminetan, urtero bezala. Foruen plaza izanen da herri kirolen epizentroa, uztailaren 8tik 14ra, 12:00etatik aurrera osatuko den egitarauan. Sanfermin hauetarako hainbat modalitatetako Nafarroako hamaika txapelketa aurreikusi dira: Sokatirako San Fermin hiru txapelketa, motozerrak, emakumezkoen harri jasotzea, erakustaldiak eta proba konbinatuak.

Astelehenean hasiko da programazioa: Sokatirako San Fermin Txapelketa 4x4 modalitate mistoan, eta Nafarroako Aizkora Txapelketa, emakumezkoetan; bi oineko eta 45 hazbeteko hiru enbor moztu beharko dituzte parte hartzaileek. Uztailaren 9an, asteartearekin, Kañamares anaien erakustaldia aurreikusi da, oholak egin eta enborra aitzurrarekin moztuko baitute. Goizak aurrera eginen du gizonezkoen Nafarroako Harri-jasotzaile Txapelketarekin: 125 kiloko harri zilindrikoa, 112,5eko kubikoa eta 100 kiloko bolarekin bi minutuko txandak eginen dituzte.
Uztailaren 10ean, asteazkenarekin, jaietako Haurren Egunean, kimu, haur eta kadete mailetakoek proba konbinatuen erakustaldia eginen dute: lokotx biltzea, zaku lasterketa, txinga lasterketa eta korrika. Horiei guztiei, gizonezkoen, emakumezkoen eta kadeteen Nafarroako Trontzalarien Txapelketa gehituko zaizkie, eta kategoriaren arabera hainbat hazbeteko enborrak moztuko dituzte. Uztailaren 11n, ostegunarekin, giza proba erakustaldia eginen da. Emakumezkoen kategorian 200 kiloko harria eta gizonezkoen kategorian 400 kilokoa mugitzen saiatuko dira. Goiza amaitzeko, gizonezkoen hirugarren mailako Nafarroako Aizkora Txapelketako kanporaketa bat jokatuko da, eta bi kanaerdiko moztu beharko dituzte.
Uztailaren 12an, ostiralarekin, jaietako hitzordu tradizionaletako bat eginen da: Motozerralarien San Fermin Saria, eta 30 minutuko bi txanda edukiko dituzte irudi bat egiteko. Programak Nafarroako Ingude-jasotzaileen Txapelketa ere barne hartzen du eta helburua ahalik eta altxaldi gehien egitea da, gizonezkoen kategorian 18 kiloko pisua duen ingudearekin eta emakumezkoen kategorian 9 kilokoarekin.
Uztailaren 13ko eguerdiak lau hitzordu izanen ditu. Goiza emakumezkoen aizkora erakustaldiarekin hasiko da, eta Nafarroako Txinga-erute Txapelketarekin jarraituko du: 50 kiloko pisua izanen dute txingek gizonezkoen mailan, eta 25 kilo emakumezkoen txapelketan. Eguna amaitzeko, fardo altxaketa erakustaldia eta binakako aizkora erakustaldia eginen dira.
Jaietako azken egunerako emakumezkoen San Fermin Harri-jasotzaileen Txapelketa dago aurreikusita. 63 kiloko harri zilindriko batekin eta 50 kiloko bola batekin lehiatuko dira. Jaietako Nafarroako azken bi txapelketak honako hauek izanen dira: gizonezkoen Binakako Aizkora Txapelketa, sei kanaerdiko eta 60 hazbeteko sei enbor moztuko dituzte, eta gizonezkoen Gurdi-jasotzaileen Txapelketa, 200 kilo inguru jasotzeko erronkarekin.
2024KO SANFERMINAK HERRI-KIROLAK. FORUEN PLAZA, UZTAILAK 8 – 14, 12:00
- Uztailak 8, astelehena
- Sokatirako San Fermin 4 x 4 Txapelketa (mistoa)
- Nafarroako Aizkolarien Txapelketa (emakumeak)
- Sokatirako San Fermin 4 x 4 Txapelketa (mistoa)
- Uztailak 9, asteartea
- Kañamares anaien erakustaldia
- Nafarroako Harri-jasotzaileen Txapelketa (gizonak)
- Kañamares anaien erakustaldia
- Uztailak 10, asteazkena
- Proba konbinatuen erakustaldia: lokotx-bilketa, zaku-lasterketa, txinga-lasterketa eta korrika (kimuak, haurrak eta kadeteak).
- Nafarroako Trontzalarien Txapelketa (gizonak)
- Nafarroako Trontzalarien Txapelketa (emakumeak)
- Nafarroako Trontzalarien Txapelketa (kadeteak)
- Proba konbinatuen erakustaldia: lokotx-bilketa, zaku-lasterketa, txinga-lasterketa eta korrika (kimuak, haurrak eta kadeteak).
- Uztailak 11, osteguna
- Giza proba erakustaldia
- Gizonezkoen Nafarroako 3. mailako Aizkolarien Txapelketa (kanporaketa)
- Giza proba erakustaldia
- Uztailak 12, ostirala
- Motozerralarien San Fermin Saria
- Nafarroako Ingude-jasotzaileen Txapelketa
- Motozerralarien San Fermin Saria
- Uztailak 13, larunbata
- Emakume aizkolarien erakustaldia, bikoteka
- Zama-jasotzaileen erakustaldia
- Nafarroako Txinga-erute Txapelketa (gizonak)
- Nafarroako Txinga-erute Txapelketa (emakumeak)
- Emakume aizkolarien erakustaldia, bikoteka
- Uztailak 14, igandea
- Harri-jasotzaileen San Fermin Txapelketa (emakumeak)
- Nafarroako Binakako Aizkolari Txapelketa (gizonak).
- Nafarroako Gurdi-jasotzaileen Txapelketa (gizonak)
- Harri-jasotzaileen San Fermin Txapelketa (emakumeak)