Hemingwayri eta berak idatzitako ‘Fiesta’ eleberriari buruzko erakusketak abuztuaren 23ra arte egonen dira ikusgai Kondestablearen jauregian

Hemingwayri eta berak idatzitako ‘Fiesta’ eleberriari buruzko erakusketak abuztuaren 23ra arte egonen dira ikusgai Kondestablearen jauregian
Bi erakusguneak zentroak udan duen ordutegian bisitatzen ahalko dira

Hemingwayri eta berak idatzitako Fiesta eleberriari buruzko erakusketak ekainaz geroztik daude ikusgai Kondestablearen jauregian, eta sanferminen ostean ere bertan jarraituko dute. Abuztuaren 23ra arte bisitatzen ahalko dira biak zentroak udan duen ohiko ordutegian: astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatiik 22:00etara, eta larunbatetan, goizez.

Fiesta: 100 urte erakusketa, Nafar Ateneoarekin eta Nafarroako Liburutegiarekin lankidetzan egin dute, Kondestablearen jauregiko ezkaratzean dago eta haren bidez omenaldia egin nahi zaio sanferminak nazioartekotzen lagundu zuen eleberriari, hura argitaratu zeneko mendeurrenean.  Erakusketak hainbat argitalpenez osaturiko bilduma biltzen du, hainbat hizkuntzatan, bai eta Carlos Fernández del Castillo ilustratzailearen marrazkiak ere: eleberriaren argitalpen jakin batean ageri dira, Reino de Cordelia argitaletxeak 2023an egindako argitalpenean, alegia.

Bigarren erakusketa, Hemingwayk ikusiak izenekoa, Kondestablearen jauregiko 2. aretoan bisitatzen ahal da eta idazle estatubatuarrak sanferminak bisitatu zituen urteetako kartel irabazleak biltzen ditu. Ernest Hemingwayk bederatzi aldiz bisitatu zuen Iruñea festak zirela eta, argi bereizitako bi denbora tartetan. Lehenengoa 20ko hamarkadari dagokio, 1923tik 1927ra bitarte, eta beste bi bisita egin zituen 1929an eta 1931n. Gerra zibilaren ostean, dagoeneko idazle ospetsua zenean, Hemingway beste bitan itzuli zen Iruñera, 1953an eta 1959an, hil baino bi urte lehenago. 

Sanferminak unibertsal bihurtu zituen eleberria 
Fiesta, (The Sun Also Rises’) 1926ko urrian argitaratu zen, literatura garaikideko lanik nabarmenenetako bat da eta sanferminak unibertsal bihurtu zituen eleberria ere bada.

Hemingway 1923an etorri zen Iruñera lehenengo aldiz, kazetari gisa. Bizi izan zituen sanferminekiko lilura islatzen da eleberrian: hiru urte geroago idatzi zuen eta festetan bizitako giroa islatzen saiatu zen. Sanferminetan parte hartzeko AEBetako eta Britainia Handiko erbesteratu talde batek Paristik egiten dituen bidaiak kontatzen ditu liburuak, eta hiriko lekuei buruzko berariazko aipamenak jasotzen ditu, hala nola Gazteluko Plazari, Iruña Kafeari, zezen-plazari edo Estafeta kaleari buruzkoak, besteak beste.


KONDESTABLEAREN JAUREGIKO ERAKUSKETAK

  • Abuztuaren 23ra bitarte

    • Fiesta: 100 urte

    •  Hemingwayk ikusiak

  • Udako ordutegia 

    • Astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara. Larunbatetan, 09:00etatik 14:00etara

    • Itxita: igandeetan eta jaiegunetan

¿Te ha sido útil esta página?