Hemeretzi federazio Iruñeko Udalarekin lankidetzan arituko dira Kirolari – Sport Kids eremuan: sanferminetako kirolgunea, Media Lunako lubanarroetan

Hemeretzi federazio Iruñeko Udalarekin lankidetzan arituko dira Kirolari – Sport Kids eremuan: sanferminetako kirolgunea, Media Lunako lubanarroetan
Bertan hainbat kirol-modalitate ezagutu eta praktikatzeko aukera egonen da, eta uztailaren 7tik 14ra bitarte parte hartzen ahalko da, 11:00etatik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era
Kirolari

 

Beste behin, uztailaren 7tik 14ra bitarte, Media Lunako lubanarroetan antolatu dute Kirolari – Sport Kids eremua: Iruñeko Udalak sanferminetako kirol eta aisiako gune hori jarri du martxan, Nafarroako hemeretzi kirol-federaziorekin elkarlanean. Aurreko urteetako idiosinkrasiari eutsi diote aurten ere: 8 eta 14 urte bitarteko haur eta nerabeendako jarduerak antolatu dituzte, kirol-jarduera eta bizimodu osasuntsua sustatzeko xedez. 

Ohi bezala, goizez eta arratsaldez egonen da irekita, eta parte-hartzaileek guztira bost ordu izanen dituzte aukeratzen dituzten kirolak ezagutu eta egiteko: 11:00etatik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era egonen da irekita. Íñigo Gómez Eguíluz Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zuzendaria eta udal-teknikariak laguntzaile diren kirol-federazioekin bildu dira gaur goizean, agiriak eta kirol-jardueren egutegiak entregatzeko eta antolakuntzaren inguruko alderdiren bati azken ukitua emateko. Federazio hauek hartuko dute parte aurten: xakea, atletismoa, saskibaloia, beisbola eta softbola, kirol egokituak, esgrima, futbola, gimnastika, golfa, herri-kirolak, hipika, padela, euskal pilota, piraguismoa, errugbia, taekwondoa, arku-tiroa eta boleibola.

Kirol-jarduerak gune hauetan eginen dira: Media Lunako lubanarroetako eta San Bartolome gotorlekuko hainbat eremutan eta Iruñeko Gotorlekuen Interpretazio Zentroko patioan. Prestatutako guneetan sei kiroletik gora egiten ahalko dira egunero. Beste gune hauetan ere antolatuko dituzte kirol-jarduerak: Jito Alai pilotalekuan euskal pilotan jokatzeko aukera izanen da uztailaren 8an, 9an eta 10ean, goizez; Caparrosoren Errotan, berriz, piragusimoaz gozatzeko aukera izanen dute uztailaren 8an, 10ean, 12an eta 14an, bai goizez eta bai arratsaldez. Guztira zortzi gunetan eginen dira kirol-federazioek antolatutako jarduerak, eta egunero hainbat diziplina jarriko dituzte martxan. 

Iruñerriko Mankomunitatearekin elkarlanean, aurten ere ur-taberna egonen da Kirolari – Sport Kids eremuan, kirolariek hidratatzeko aukera izan dezaten. Kaiku eta Frilac-Frigo enpresek askariak eskainiko dituzte: esnea eta izozkiak izanen dira, eguna bukatu arte kirola egiten jarraitzeko. Eduardo Díaz Lasa Osasunako speakerrak girotuko ditu egunak. Azkenik, federazioek eta entitate laguntzaileek opariak eta produktuak eskainiko dituzte, eta egun bakoitzaren amaieran Media Lunako lubanarroetara gerturatzen diren haur eta nerabeen artean zozketatuko dira produktu horiek.  

 

2025EKO SANFERMINAK. KIROLARI – SPORT KIDS. MEDIA LUNAKO LUBANARROETAN, UZTAILAREN 7TIK 14RA

•    Nafarroako Xake Federazioa 
•    Nafarroako Atletismo Federazioa 
•    Nafarroako Saskibaloi Federazioa 
•    Nafarroako Eskubaloi Federazioa 
•    Nafarroako Beisbol eta Softbol Federazioa 
•    Nafarroako Kirol Egokituen Federazioa 
•    Nafarroako Esgrima Federazioa 
•    Nafarroako Futbol Federazioa 
•    Nafarroako Gimnastika Federazioa 
•    Nafarroako Golf Federazioa 
•    Nafarroako Herri Kirolen Federazioa 
•    Nafarroako Hipika Federazioa 
•    Nafarroako Padel Federazioa 
•    Euskal Pilotaren Nafarroako Federazioa 
•    Nafarroako Piraguismo Federazioa 
•    Nafarroako Errugbi Federazioa 
•    Nafarroako Taekwondo Federazioa 
•    Nafarroako Arku Tiroko Federazioa 
•    Nafarroako Boleibol Federazioa
 

¿Te ha sido útil esta página?