Hemen da ‘Musika-aretoak kalean’ zikloaren beste edizio bat: hamabi kontzertu eginen dira aire zabalean, Iruñeko Basotxoan eta Aitzoainen, Tuteran, Elizondon eta Erronkarin

Hemen da ‘Musika-aretoak kalean’ zikloaren beste edizio bat: hamabi kontzertu eginen dira aire zabalean, Iruñeko Basotxoan eta Aitzoainen, Tuteran, Elizondon eta Erronkarin
Iruñeko zortzi kontzertuak ekainaren 17tik irailaren 2ra bitarte eginen dira eta beste lau herrietakoak, berriz, ekaineko, uztaileko eta abuztuko larunbatetan
Salas de Música en la Calle

 

Iruñeko Udalak, Navarra Music Commission / NICDOrekin lankidetzan, Musika-aretoak kalean zikloaren beste edizio bat antolatu du udan. Formatu eta edukiera ezberdinetan musikaren alde lan egiten duten espazioak babesten ditu ekimenak, eta horren harira, guztira zortzi kontzertu eginen dira  hirigunetik gertu dagoen Basotxoko agertokian; horrez gain, beste lau kontzertu eginen dira Aitzoainen, Tuteran, Elizondon eta Erronkarin. Hamabi kontzertuek askotariko estiloak barne hartzen dituzte, hala nola rapa/jazza, rock alternatiboa, rock melodikoa, bluesa, metal hardcorea, punk-indiea eta rock-metala.

Musika-aretoak kalean zikloak aurten izanen dituen berritasun nagusiak prentsaurrekoan aurkeztu dituzte Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak eta Paula Noya López NICDOko Musikako alorreko zuzendariak. Iruñeko zortzi kontzertuak asteazkenetan eginen dira, ekainaren 17tik irailaren 2ra bitarte, eta Nafarroako beste lau herrietakoak, berriz, ekaineko, uztaileko eta abuztuko larunbatetan: herriko jaiekin bat eginen dira, doan, 20:00etatik aurrera. Zikloa aurreratu dute aurreko edizioekin alderatuta, eguraldia hobea izatea bermatzeko.

Kontzertuak entzule mota orori zuzenduta daude. Moisés no duerme artistaren rap-jazza izanen da Iruñeko agertokira igotzen lehena, eta, ondoren, Oxytocin, Montana Stomp, The Blackening, Zinez, Tiburona, Lausoka eta Lukiek etorriko dira. Honako areto hauek parte hartuko dute ekimenean: Laba, Garazi, Canalla, Geltoki, Txintxarri, Terminal, Krawill eta Zentral. Aitzoainen, Tuteran, Elizondon eta Erronkarin honako talde hauek arituko dira, hurrenez hurren: Correcaminos, El Hombre del saco eta The anger Price, Geminiss eta El Desván; Las Puertas del Infierno, la Guarrida, Txokoto eta Errota aretoak izanen dira kontzertuen agertokiak.

Basotxoko agertokia
Moises No duermeren rapak emanen dio hasiera zikloari,  ekainaren 17an, Iruñean, Geltokiren eskutik; artistak bere ibilbidea rap letragile eta ekoizle gisa egin du, eta Raperos de Emaús edo Brindisi Nero talde eta kolektiboen sorrerarekin uztartu du bere bakarkako proiektua duela ia bi hamarkadaz geroztik. Hiriko jazzaren esparruko izen nabarmenetako batzuekin batera arituko da: Dani Olaz, Sofía Pino, Jose García, Jon Gómez eta Pablo Maza. Era berean,  azken diskoa aurkeztuko du, Azul izenekoa, artistaren diskografiako abesti ezagunenetako batzuk biltzen dituen bilduma batekin batera. Bigarren hitzordua ekainaren 24an izanen da, Garaziren eskutik, eta Oxytocin indie eta rock alternatiboko talde gaztea igoko da taulagainera. Taldea Iruñean eratu zen eta egiten ditten soinuak shoegazea, grungea eta atmosfera erakargarriak uztartzen ditu. 

Sanferminen ondoren berriro ekinen zaio zikloari: uztailaren 22an Montana Stomp taldea arituko da, Canalla aretoaren eskutik. Susana Colt buru duen Zaragozako taldea egungo soinuaren deskarga bat da, eta Southern Rock amerikarretik eta British Bluesetik 70eko hamarkadako rockaren koloreetara doazen eraginak ditu. Uztaileko beste kontzertua, hilaren 29koa, Krawillen eskutik dator: The Blackening-ek, Iruñean 2019an sortutako metal/hardcore bandak, soinu gogor, oldarkor eta zorrotza eskainiko du.

Abuztuaren 5ean Zinez Iruñeko taldearen txanda izanen da: bigarren diskoa aurkeztuko dute eta Labaren eskutik datoz. Abuztuaren 19an, Tiburona Madrilgo taldea arituko da, Txintxarriren eskutik, eta hilabeteari amaiera emateko, abuztuaren 26an, Iruñeko Lausoka rock eta metal taldea arituko da, Terminal aretoaren eskutik. Zikloaren azken kontzertua Lukiek hirukote bizkaitarrak emanen du: euskal eszena alternatiboko erreferentziazko taldea Zentralen eskutik dator.

Festa giroko lau kontzertu
Iruñean eginen diren kontzertuekin batera, beste lau eginen dira. Lehenengoa Aitzoainen eginen da, ekainaren 27an (larunbata), eta Correcaminos talde iruindarraren country rockaren txanda izanen da,,  zuzeneko sendo eta dinamikoaz gozatzeko aukera paregabea. Tuteran, uztailaren 25ean, El hombre del saco taldeak hard rock musika joko du eta The anger Pricek, berriz, funka eta rap metala, biak ala biak la Guarridaren eskutik. Hurrengo hitzordua Elizondon izanen da, abuztuaren 1ean, eta Txokotoren eskutik Geminiss taldearen rock and rolla entzuteko aukera egonen da. Eta abuztuaren 22an, Erronkarin, El desván taldearen rock melodikoa entzuteko aukera izanen dute, Errotaren eskutik.


MUSIKA-ARETOAK KALEAN, 2026. 20:00

IRUÑA (ASTEAZKENETAN)

  • Basotxo kalean, 20:00etan

    • 2026/06/17: Moises no duerme. Rapa/Jazza. Geltokiren eskutik.

    • 2026/06/24: Oxytocin. Rock alternatiboa. Garaziren eskutik.

    • 2026/07/22: Montana Stomp. Blues rocka. Canallaren eskutik.

    • 2026/07/29: The Blackening. Metal hardcorea. Krawillen eskutik.

    • 2026/08/05: Zinez. Rock alternatiboa. Labaren eskutik

    • 2026/08/19: Tiburona. Punka – Indiea. Txintxarriren eskutik

    • 2026/08/26: Lausoka.  Rocka – metala. Terminalen eskutik

    • 2026/09/02: Lukiek. Rock alternatiboa. Zentralen eskutik.


BESTE HERRI BATZUK (LARUNBATETAN)

  • Aitzoain

    • 2026/06/27: Correcaminos. Rockabillya, country-rocka. La puertas del infiernoren eskutik

  • Tutera

    • 2026/07/25: El hombre del saco. Hard rocka. The anger Price. Funka, rap-metala. La Guarridaren eskutik

  • Elizondo

    • 2026/08/01: Geminiss. Rock and rolla. Txokotoren eskutik

  • Erronkari

    • 2026/08/22: El desván. Rock melodikoa. Errotaren eskutik

¿Te ha sido útil esta página?