Hemen da Ecozine Zinema eta Ingurumeneko Nazioarteko Jaialdiko bederatzigarren edizioa: apirilaren 13tik 16ra, hausnartzera, solas egitera eta ekitera gonbit egiteko lau film eskainiko dira

Hemen da Ecozine Zinema eta Ingurumeneko Nazioarteko Jaialdiko bederatzigarren edizioa: apirilaren 13tik 16ra, hausnartzera, solas egitera eta ekitera gonbit egiteko lau film eskainiko dira
Sarrera librea da eta proiekzio bakoitzaren sortzaileekin eta gaiaren inguruko adituekin solasaldi bat barne hartzen du
Fitxategi
Ecozine

 

Ecozine Zinema eta Ingurumeneko Nazioarteko Jaialdi bederatzigarrenez itzuli da Iruñera: apirilaren 13tik 16ra bitarte lau film dokumental proiektatuko dira Golem Baiona zinema-aretoetan. Aurten, sail ofizialean lehiatzen diren nazioarteko hiru dokumental eta Galiziako bat proiektatuko dira, jatorrizko bertsioan eta azpitituluekin. Proiekzioarekin batera solasaldi ireki bat eginen da gonbidatuekin.

Saio guztiak 19:30ean eginen dira, eta sarrerak dagoeneko eskuragarri daude Golem Baiona zinema-aretoetako txarteldegietan, 16:30etik 22:00etara bitarte. Filmak jende orori zuzenduta daude eta bakoitza egiteko prozesua sakonago ezagutzeko aukera dago film bakoitzaren sortzaileekin eginen diren elkarrizketei esker: euren esperientziak eta filmaketetan aurre egin beharreko egoerak partekatuko dituzte publikoarekin.

Zikloa apirilaren 13an (astelehena) abiatuko da, Krista Burānek 2025ean egindako All birds sing beautifuly (Txori guztiek ederki abesten dute) film letoniarraren eskutik. Errepide-dokumental eta -musikal honek gainbehera azkarrean dauden hegazti-espezieak ditu ardatz, eta zehazki horien populazioak Letonian eta Europa osoan. Espezie asko desagertu dira azken hogei urteetan eta haiekin batera beren kantuak ere desagertu dira, gizakion ekintzen ondorioz isilduak.

Italiatik dator hurrengo hitzordua, apirilaren 14an (asteartea): Simone Bardiren Eîdòn (2025). Oroimenaren sakonenetik, ahots misteriotsu batek Po ibaiaren deltaren garaipenen eta haren itzal gero eta handiagoen berri ematen digu. Izan ere, bertan oreka moduko bat hautsi da, agian betiko. Iraganeko lainoen eta oraingo ziurgabetasunen erdian, Sacca di Scardovari aldeko arrantzale-familia baten erresilientzia ekologikoa agertzen zaigu.

Apirilaren 15ean, asteazkena, Alejandro Enriquez zuzendari galiziarraren Rapa filma proiektatuko da. 2024ko landa-thrillerrak Galiziako mendiko zaldien arrazaren errealitatea islatzen du: desagertzen ari dira, abere-lapurren eta otsoen jazarpenagatik, bai eta gizakiok energiaren multinazionalen bidez egiten ditugun ekintzengatik ere. Filmak ederki islatzen du Pontevedrako Sabucedo herriko biztanleen borroka desorekatua, lurraldearekin lotzen dituzten antzinako tradizioei eusteko lehia hain zuzen.

Ecozine jaialdiari amaiera emateko, apirilaren 16an (osteguna) Julien Eliek 2025ean zuzendutako Shifting baselines (Oinarri aldakorrak) dokumental kanadarraren txanda izanen da. Erreferentzia-puntu aldakorrek ingurumen-normaltasuna zer den eta nola degradatzen den ulertzeko giza pertzepzioaren aldaketa deskribatzen dute, Boca Chicako (AEB) egoeratik abiatuta, bertan bizikide baitira suzirien jaurtiketak, saltzaile ibiltariak eta eragindako kalteak aztertzen dituzten ekologistak.

Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude Golem Baiona zinema-aretoetako txarteldegietan, ohiko ordutegian. Jaialdiari buruzko informazio guztia Ingurumen Hezkuntzako webgunean kontsultatzen ahal da: https://educacionambiental.pamplona.es/eu/hiritargoa/ecozine-film-jaialdia/#ofiziala


ECOZINE FILM FESTIVAL JAIALDIA. APIRILAK 13 – 16. GOLEM BAIONA ZINEMA-ARETOAK, 19:30. SARRERA LIBREA

  • Apirilak 13, astelehena: 

    • All birds sing beautifuly (Txori guztiek ederki abesten dute)

    • Letonia, 2025, 87 min. JBGA (letoniera). Zuzendaria: Krista Burāne

  • Apirilak 14, asteartea: 

    • Eîdòn

    • Italia, 2025, 71 min. JBGA (italiera). Zuzendaria: Simone Bardi

  • Apirilak 15, asteazkena: 

    • Rapa

    • Espainia, 2024, 114 min. JBGA (galiziera) Zuzendaria: Alejandro Enriquez

  • Apirilak 16, osteguna: 

    • Shifting baselines (Oinarri aldakorrak)

    • Kanada, 2025, 100 min. JBGA (ingelesa) Zuzendaria: Julien Elie

¿Te ha sido útil esta página?