2020ko deialdia bertan behera gelditu eta aurreko urtean sanferminak ospatu ezin izan ondoren, Iruñeko Udalak 2022ko Sanferminetako Kartelen Lehiaketarako deia egin du, festak irudikatuko dituen irudia aukeratzeko, bi urteko hutsunearen ondoren. Kartel irabazleak 6.000 euroko saria izanen du, egin zen azken lehiaketan aldiz 3.600 eurokoa izan zen. Lanak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den unean hasiko da, eta apirilaren 1ean, 14:00etan amaitu.
Edizio honetan hainbat berritasun txertatu dira. Alde batetik, kartelaren hautaketa mistoa mantenduko da, izan ere, epaimahai tekniko bat aurrez hautaketa bat egiteaz arduratuko da, eta hautatutako obren gainean herritarren bozketa irekiko da. Hala ere, aurreko urteetan bozketa horretara zortzi lan heltzen baziren ere, oraingoan hamar finalista izanen dira. Bestalde, lanak aurkezteko prozedura soilik telematikoki izanen da, www.pamplonaescultura.es webgunearen bidez.
Behin aurkezteko epea hasita, interesdunek bere kartel-proposamena eta parte hartzeko datuak aurkeztu beharko dituzte, webguneko hasierako orrialdean ‘Sanferminetako Kartel Lehiaketa’ izenburupean prestatutako online formulario baten bidez. Kartel bakarra aurkezten ahalko da pertsona fisiko edo pertsona fisiko talde bakoitzeko. Ezin izanen dira pertsona juridikoak izan. Gainera, lehiaketa-prozesuak dirauen bitartean ezin izanen da, inolaz ere, jendaurrean jakitera eman kartelaren egilea nor den.
Kartelaren oinarriak
Kartelak jatorrizkoa eta argitaratu gabea izan beharko du, eta teknika librekoa. Garrantzitsua da azpimarratzea aurkeztutako artxibo digitala hartuko dela azken lantzat. Irudiak 70 cm-ko zabalera eta 100 cm-ko altuera duen formatu bertikalean erakutsi beharko du kartela. Egindako sorkuntza artistikoaz gain, kartelean nahitaez hiriaren armarria eta honako testu hauek agertuko dira: San Fermín, 2022, Pamplona/Iruña, Del 6 al 14 de julio/Uztailaren 6tik 14ra.
Armarriari dagokionez, aukera egonen da Iruñeko Udalak bere logotipo ofizialean erabiltzen duen diseinu bera txertatzeko (koloretako aldaera edo kolore bakarrekoa), baina harekin batera doan legendarik gabe. Diseinu hori www.pamplonaescultura.es/escudos-de-pamplona/ webgunean deskargatu daiteke. Aukera dago, baita ere, kartelaren egileak bere diseinuarekin irudikatzeko, betiere ezagutzeko eta identifikatzeko modukoa bada eta elementu guztiak behar bezala irudikatuta badaude. Zehazki, honako hauek txertatu behar dira: lehoia ibilian eta haren gainean errege-koroa, Nafarroako kateez inguratua orla gisara, eta haren gainean beste errege-koroa bat. Armarriaren balizko diseinu berria armarriaren kolore ofizialetan egin daiteke bai eta monokromo zurian eta monokromo beltzean ere, edo proposatutako kartelarekin zerikusia duten tonalitateetan, betiere jatorrizko armarriaren zentzua hutsaldu edo haren kontra egiten ez duen bitartean.
Izen-ematea egiaztatzea
Izena emateko formularioa hiru hizkuntzatan betetzen ahalko da: euskaraz, gaztelaniaz, eta ingelesez. Bertan sartu beharko dira datu pertsonalak (izena, abizenak, jaioterria, helbidea...), artistaren ibilbide profesional txiki bat eta kartelaren datuak, hala nola, lema eta deskribapen labur bat, barne hartuta kartelaren kontzeptuaren garapen teorikoa eta elementuak.
Halaber, fitxategi bakarra atxikiko da, PDF formatuan (sistemak ez ditu beste luzapenen bat duten fitxategiak onartuko), honako neurri hauekin: 820 x 1171 pixel, eta 72 pixel/hazbeteko bereizmenaz. Irudiaren tamaina gehienez 2 MBkoa izanen da.
Hala ere, behin formularioa beteta lehiaketan parte-hartzea baieztatu beharko da, horretarako bidalitako posta elektronikoari erantzunez. Postak formularioko datuen laburpen bat jasoko du (izena eta abizenak, identifikazio-agiria eta kartelaren lema). Hautagaia datuekin ados baldin badago, horiek balioztatu beharko ditu izen-ematea amaitutzat emateko. Bigarren postan kartelaren lemari eta identifikazio-agiriari lotutako plika zenbakia jasoko du. Mezu hori izanen da lehiaketan parte hartzeko egiaztagiria.
Nahiz eta hautapen-fasean bereizmen txikiko fitxategi bat aurkeztu, egileak edo egileek jatorrizko fitxategiak tamaina naturalean inprimatzeko bereizmen nahikoa duela bermatu behar dute, bere kartela irabazle suertatuz gero.
Jarraibideak
- Izena emateko prozeduraren hasiera
- Behin deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, formulariora sartzeko aukera izanen da www.pamplonaescultura.es webgunearen bidez (“Sanfeminetako Kartelen Lehiaketa” izeneko esteka sakatuta). Gune horretan berean egonen dira eskuragarri oinarriak, kontsultak egiteko.
- Goiburuko hizkuntzen menuan, kartela aurkezteko hizkuntza aukeratzen ahalko da (gaztelania, euskara eta ingelesa).
- Hurrengo laukian jakitera eman behar da lana bakarka edo taldeka aurkezten den. Bete beharreko eremuak ezberdinak dira aurrekoan egindako hautuaren arabera.
Izena emateko datuak
- Datu pertsonalak:
- Banakakoak: Izena, abizenak, NAN, AIZ, IFK edo beste zenbait, telefonoa eta posta elektronikoa (bi laukitan errepikatzen da eta beharrezkoa da posta elektronikoa berrestea).
- Taldekakoa: Elkartearen izena, arduraduna, NAN, AIZ, IFK edo beste bat, telefonoa eta helbide elektronikoa (bi laukitan errepikatzen da eta beharrezkoa da helbide elektronikoa berrestea).
- Jaioteguna eta jaioterria:
- Data, Herrialdea, Autonomia Erkidegoa, Probintzia eta Herria. (Espainia)
- Data, Herrialdea (Espainiakoa ez bada)
- Helbidea:
- Herrialdea, Autonomia Erkidegoa, Probintzia, Herria, Kalea, Ataria, Solairua (hautazkoa) eta Posta kodea (Espainia)
- Data, Herrialdea (Espainiakoa ez bada)
- Kartelaren datuak:
- Kartelaren lema
- Kartelaren deskribapena: kartelaren kontzeptuaren eta osagaien garapen teorikoa, hala nola konposizioarena, koloreena, tipografiarena eta sinbologiarena (200 karaktere gehienez).
- Ibilbide profesionala: curriculuma (800 karaktere gehienez).
- Kartelaren irudia: JPG formatuko artxibo bakarra atxikiko da, gehienez 2 MB duena. Kartelak 820 x 1171 pixeleko neurria izan behar du, eta 72 pixel/hazbeteko bereizmena. Kartelaren konfigurazioak bertikala izan behar du, eta formatuak, 70 cm-ko zabalerakoa x 100 cm-ko altuerakoa.
- TESTUA: Pamplona/Iruña; San Fermín 2022; Del 6 al 14 de julio/Uztailaren 6tik 14ra
- Erantzukizunpeko adierazpena. Klikatu beharko da lehiaketara aurkeztutako kartelaren egilea izatearen gaineko aitorpena, non esan behar baita, halaber, obra jatorrizkoa eta argitaragabea dela.
Parte-hartzea egiaztatzea
-
- Lanaren sortzaileak ‘gaitutako botoia’ sakatuta igorriko du formularioa. Izen-ematea ez da izapide honekin amaitzen.
- Interesdunak mezu elektroniko bat jasoko du aurrez emandako helbidean, eta horra bidaliko diote formularioaren datuen laburpena (izena eta abizenak, identifikazio-agiria eta kartelaren lema).
- Mezu horrek honako pauso hau eskatuko dio: BALIOZKOTU ETA IZEN-EMATEA BUKATU
- Hori eginda, interesdunak bigarren eta azken mezu bat jasoko du, non BERRETSIKO ZAIOn lehiaketan parte-hartzea, kartelaren LEMA (aurrez emana), IDENTIFIKAZIO AGIRIA eta lehiaketan erreferentzia izanen duen PLIKA-ZENBAKIA. Mezu hori izanen da lehiaketan parte hartzeko egiaztagiria.