Hauxe da Buztintxuriko bizilagunek auzorako hautatu duten lehentasunezko proiektua: Gipuzkoako etorbideko haurren jolastokia berritzea

Hauxe da Buztintxuriko bizilagunek auzorako hautatu duten lehentasunezko proiektua: Gipuzkoako etorbideko haurren jolastokia berritzea
Aurkeztu ziren hiru proposamenetako bat hautatzeko bozketan 107 lagunek hartu zuten parte, 87k online eta 20k aurrez aurre
Buztintxuri

 

Aurkeztutako hiru aukeren artean, Gipuzkoako etorbideko haurren jolastokia berritzeko proiektua hautatu dute Buztintxuriko bizilagunek: urtea bukatu baino lehen gauzatuko da, partaidetzazko aurrekontuen kargura. Guztira 107 lagunek bozkatu dute, 87k Decide Pamplona webgunearen bidez eta beste 20k aurrez aurre; ekainaren 23tik 28ra bitarte izan dute bozkatzeko aukera, aste hori bozketa egiteko aukeratu baitzen proiektua hautatzeko parte hartzeko prozesuaren barruan.

Bozketa oso estua izan da, eta haurren jolastokia berritzeko proiektuak jaso ditu boto gehien (48). Bi boto gutxiago lortu ditu (46) Erraldoien plazako argiak berritzeko proiektuak: energia-efizientzia optimizatzea eta inguruko segurtasuna hobetzea zuen helburu. Hirugarren proposamenak 13 boto baino ez ditu erdietsi, eta, beraz, beste proiektuekiko aldea nabarmena da. Egitasmo horrek txakurrendako eremu bat eraikitzea proposatzen zuen. Proiektu horiek guztiak ekainean aurkeztu zizkieten bizilagunei, eta horri esker, aukera izan zuten bozketa egin aurretik proposamenak xeheki ezagutzeko eta ekarpenak egiteko.

Hautatutako proposamena gauzatze aldera, 100.000 euro bideratuko dira Gipuzkoako etorbideko haurren jolastokia berritzeko: gunea goitik behera hobetuko da, eta horretarako, elementu egokitu berriak jarri, lurzoru indargetzailea berritu eta itzalguneak hobetuko dira.

¿Te ha sido útil esta página?