Hautatu dira datozen urteetan esparru-akordio bidez Iruñeko espazio publikoetan birgaitze-lanak eginen dituzten enpresak

Hautatu dira datozen urteetan esparru-akordio bidez Iruñeko espazio publikoetan birgaitze-lanak eginen dituzten enpresak
Aurreikuspenen arabera, milioi bat eurotara irits daiteke galtzada eta zoladura lanetarako eta oinezkoen eremuak moldatu edo sortzeko lanetarako urteko gastua

 

 

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi du esparru-akordio bidez hiriko espazio publikoetan birgaitze-lanak eginen dituzten enpresen zerrenda. Kontratua bi sortatan lizitatu zen, bat zoladura- eta galtzada-lanetarako, eta bestea oinezkoen eremuak moldatu edo sortzeko lanetarako. Aurreikusita dago urteko gastua gehienez milioi bat eurokoa izatea hiru luzapen izan ditzakeen esparru-akordioa batean, eta inbertsioa, guztira, lau milioi eurokoa izatea 2024ra arte.

1. sortarako hautatu dira, puntuazio-ordenaren arabera, eta, beraz, lanen enkarguen ordenaren arabera, Asfaltos Biurrun SA, Viaria Aglomerado Covial SL, Asfaltia SL, Construcciones Boreste SA eta Obysur Asfaltos SL. Guztiek % 19,99 eta % 3,51 arteko beheratze-portzentajeak aurkeztu dituzte. Sorta horretarako urtean 300.000 euro bideratuko dira. 2. sortan, urtean 700.000 euro inguruko aurrekontuarekin, Guillén Obras y Proyectos SL, Construcciones y Excavaciones Erri Berri SL, Excavaciones Fermín Osés SL, construcciones Lacunza Hermanos SL eta Obras y Servicios Tex SL enpresak izanen dira. Guztiek % 6,80 eta % 0 arteko beheratze-portzentajeak eskaini dituzte. Enpresa bakoitzak bakarrik sorta batean parte har zezakeen.

Esparru-akordio horren bitartez, Iruñeko Udalak, besteak beste, honako jarduketa hauek egin nahi ditu: espaloiak berritzea Etxabakoitzeko Urdánoz etxe-multzoan; espaloiak berritzea Mendillorrin (beste fase bat); asfaltatze-kanpaina; esku hartzeak San Domingo aldapako ezpondan; Lehen Zabalguneko Aita Moret eta Chinchilla Jeneralaren kaleak berrurbanizatzea eta espaloi bat eraikitzea Sanduzelaiko Kaiko kalean.

Lanak galtzadan zein oinezkoen eremuetan

Galtzadako lanek biltzen dituzte, zehazki, bigunguneak kentzea eta zoladuraren azpian dauden beste arazo batzuk konpontzea (ertz-erretenak), euri-urak luzetarako ebakuatzeko sistema hobetzea eta zoladura berritzea edo dagoena indartzea, kasu bakoitzean egoki jotzen denarekin bat. Baita abiadura murrizteko osagai finkoak paratzea ere, hala nola abiadura-mugagailuak edo antekoak. Halaber, barne-hartzen ahalko lituzkete ertz-erretenak hobetzea lortzeko beharrezko obra zibil txikiak, hala nola zintarriak berriz jartzea, eta abar. Logikoa den bezala, bidearen seinaleztapena ere egin liteke, edo egin diren jarduketei azken ukitua eman eta horiek amaitzeko edozein lan.

Oinezkoen eremuak moldatu edo sortzeko lanak jarduketa eginen den eremua eraitsi eta prestatzean datza, beharrezko esku-hartzeak egiteko xedez. Barne-hartzen dira horretarako eta eremua erabat errematatuta eta amaituta uzteko beharrezkoak diren lanak, baita euste-horma txikiekin, oinezkoendako pasabideekin eta, oro har, urbanizazio-lan orokorrekin lotutako edozein lan ere. Halaber, egin litezke hiria urbanizatzeko beharrezkoak diren instalazioak hobetzearekin lotutako lanak, hala nola, argiteria publikoa edo antzekoak aldatzea.

¿Te ha sido útil esta página?