Duela 50 urte baino gehiago gozatzen dute iruindarrek eta bisitariek Iruñeko erdigune historikoan dagoen zoo txikiaz, eta azpiegitura hori duela hamarkadak da hiritarren bizipenen, kultur- eta natur-ondarearen parte. San Rokeko errebelinean hiriko gotorleku modernoaren elementuen artean tartekatzen diren berdeguneak probestuz, egunez egun ikusten ahal da urtaroen joana, bai ikuspuntu botanikotik, baita animalien bizitzaren ziklo naturalaren ikuspuntutik ere.
Gaur egun 281 animaliak osatzen dute Takonerako zozo txikia, besteak beste, hausnarkariek (8 orein-eme), hainbat anatida espeziek (148) eta hiru urtxintxek osatzen duten karraskarien taldeak. Albaitaritzaren ikuspegitik gainbegiratutako animaliak dira, eta Iruñeko Udalaren Elikagaien Ikuskaritza eta Zoonosi Zerbitzuak zaindu eta elikatzen ditu.
Udal-dotazio hori zerbitzuko albaitariek eta hiru zaintzailek artatzen dute. Horren ardura duten langileen eguneroko zereginak dira esparrua garbitu eta mantentzea, animaliak elikatu eta haien egoera zaintzea, bai eta lorezaintzako lan batzuk egitea ere. Urtaroek zeregin ezberdinak ekartzen dituzte zoo txikira, hala nola udaberrian lorezaintza lanak egitea, udan garbiketa, edo udazken eta neguan hostoak jaso eta instalazioak mantentzea, hurrenez hurrez.
Eguna oso garaiz hasten da Taconeran, orein-emeak goizean goiz eta pentsu berezi batekin elikatzen baitituzte, eremu mugatu batean, gainerako animaliena jatera joan ez daitezen; gero,egunean zehar euren kabuz bazkatuko dira errebelineko zelaietan. Hegaztiek, berriz, laborea jaten dute egunean bitan, nahiz eta animalia mota bakoitzari modu ezberdinean ematen zaion jakia: batzuek lurretik jaten dute eta besteek nahiago dute urmaeleko uretan “arrantzatzea”. Hegazti askok urmaelen hondoan hazten diren alga eta krustazeo txikiekin osatzen dute dieta; hori horrela, eremu horiek ere mantendu eta garbitu egin behar dira aldizka.
Gaur egun beltxargak, antzarak, ahateak, paumak, pintada arruntak, indioilar arruntak, faisaiak, urtxintxak eta oreinak, besteak beste, elkarrekin bizi eta hazten dira eta, garai batean, eremu horretan, hiritarrek adar handiko orein arrak eta kimuak jateko gora igotzeko joeragatik harresia errematatzen duen harrizko gerrikoa arriskuan jartzen zuten ahuntz hispaniarrak ere ikusten ahal zituzten. Are, adarzabalak, untxiak eta basurdeak ere baziren. Eremu hori sei hamarkada baino gehiagoz erabili izanak, aldaketa askorako bidea eman du, horietako batzuk nahi gabe, baina beste batzuk nahita, orein-arrak kentzea esaterako, gehiegizko odolkidetasunera eraman baitzuten orein-taldea.
TAKONERAKO LUBANARROETAKO INBENTARIOA