Udalak berriz jarri ditu abian Barbazán Apezpikuaren ingurabideko indusketak, Iruñearen jatorria ikertzeko xedez

Udalak berriz jarri ditu abian Barbazán Apezpikuaren ingurabideko indusketak, Iruñearen jatorria ikertzeko xedez
Zundaketak eta laginketak eginen dira iaz Kalonjeen atea eta Erdi Aroko harresi zaharra aurkitu zituzten eremuaren ondoan
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak indusketa-lanen bigarren fasea jarri du abian Barbazán Apezpikuaren ingurabidean, hiriko jatorri eta gotorlekuen inguruan gehiago ikertzeko eta ezagutzeko xedez. Bigarren fasea iaz ‘Kalonjeen atea’ aurkitu zuten tokiaren aldameneko eremuan eginen dira. Ate hori osagai paregabea da Iruñeko Erdi Aroko harresiko hondakinen artean. 

Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako eta Kiroleko zinegotziak aurkeztu du lanen plangintza, Iñaki Sagredo Garde arkeologo eta indusketaren arduradunarekin batera, Larrate Kultur Kudeaketa enpresaren eskutik. Lanei esker, 2025eko irailean egin ziren jarduketetan induskatu zen eremua handituko da, eta hala, xehetasun handiagoz aztertuko dira substratuaren azpiko mailak eta substratuaren eta harresien sektore horretako eraikuntza-egiturekin duten lotura. Hasiera batean, 10 metro luze eta 5 metro zabal dituen eremu ireki batean eginen dira lan arkeologikoak, eta gainera, berriz ere irekiko da ‘Kalonjeen atea’ dagoen sektorea. Halaber, topografia- eta fotogrametria-lanak eginen dira eremu horretan. Gainera, eremuaren barruan, erregistro arkeologikoa egiteko eta aurkitzen ahal diren materialak kudeatzeko laborategi bat instalatuko da, eta horri esker, aurkikuntzak aztertzen ahalko dira indusketa-lanak egiteari utzi gabe.

Lanak egun Barbazán Apezpikuaren Dorrearen ondoan ikusten ahal den arku itsuaren zatian eginen dira, ‘Kalonjeen atetik’ Barbazán Apezpikuaren kaperaraino. Jarduketak aukera emanen du kokapen horretan mendeetan zehar egin diren ondoz ondoko eraikuntzak aztertu eta ikertzeko: batetik, katedralaren eraberritzeak, eta bestetik, XVI. mendetik aurrera txertatu izan diren defentsa-bastioiak. Gainera, mendeetan zehar toki horri eman zaizkion erabileren inguruko informazioa eskuratzea aurreikusten da, eta alderdi defentsiboaz gain, katedralaren eremuari lotutako baratzeen gune eta joan-etorriak egiteko eremu gisa aztertuko da. Azterlan horiek egiteko, eremu guztia estaltzen duen material betegarri ugaria kenduko da. Aztertu eta gero, aurretik kendutako materialaz estaliko da berriz eremua. 

Nafarroako Gobernuaren Kultura Zuzendaritza Nagusia – Vianako Printzea Erakundeak baldintza hori jarri du, besteak beste, indusketa-lanak egitea baimentzeko. Indusketa horiek ez daude ezein obra zibilekin lotuta, bai, ordea, ikerketak egiteko azterlanekin. Ildo horretan, Sagredok berak azpimarratu duenez, lanak ikerketa-proiektu baten parte dira, eta Nabarreria hiriko harresiei buruz gehiago jakitea dute xede. Horrekin guztiarekin, gerora eginen den proiektu baten plangintza egiteko baliatuko dira lanak, eta Nafarroako Erresumaren parte izan ziren gotorleku eta eraikuntza guztiak jasoko dira proiektuaren barruan. 

Aurreikuspenen arabera, 17.900 euro inbertituko ditu Udalak indusketa arkeologikoko lanetan eremu horretan, eta dagoeneko abian dira aste honetan: lurra inausteari ekin zaio, eta datorren hastean, lan arkeologikoen txanda izanen da. Inausketak egin bitartean, datorren astetik aurrera, hainbat jarduera proposatzen dira herritarrei lanen berri emateko: besteak beste, modu seguruan behatzeko guneak gaitzea, prozesuaren jarraipena egin ahal izateko, eta bisita gidatuak antolatzea irailaren 26an eta urriaren 3an, biak 12:00etan. 010 Herritarrendako Arreta Telefonora (948420100) deituta eman behar da izena bisitetan. Era berean, aurreikuspenen arabera, aurkikuntzei buruzko ondorioak erakusketa batean jarriko dira ikusgai urriaren 26an, 19:00etan, Kondestable Civivoxean. 

‘Kalonjeen atea’ lanen lehenengo fasean aurkitu zuten
Orain aditzera emandako lanak 2025eko irailean egindakoen osagarri izanen dira, orduantxe egin baitzen ikerketa-lanen lehenengo fasea. Orduan, irailaren 15etik 23ra, 25 metro karratutan egin ziren lan arkeologikoak, Barbazán Apezpikuaren Dorrearen ondoan. Lanei esker, ‘Kalonjeen atea’ delakoa aurkitu zuten Nabarreria hiriko Erdi Aroko harresi zaharrean. Garrantzi berezia izan zuen aurkikuntza horrek, aurrez ez baitzen ate horren inguruko informaziorik aurkitu. Ateak tamaina berezia du, eta itxita aurkitu zuten, Barbazán Apezpikuaren kaperaren ondoan. 1,3 metro zabal eta 3 metro luze zen, eta arku eskartzano bat zuen ateburuan. Aztertu eta gero, estali egin zuten berriro, aurkitutako osagaia kontserbatzeko irizpideei jarraikiz.

Atearen ondoan, zeramika erromatarraren aztarnak ere aurkitu zituzten, hala nola terra sigillata hispanikoa eta zeramika erromatar arrunta. Material horiek eta belztutako estratua ikusita, adituek uste dute aurkikuntza K.o. III. mendekoa dela. Hauxe da adituen hipotesia: sute handi baten ondorioz dago belztuta estratu hori, eta, hain zuzen ere, katedralean egin ziren hurrengo indusketetan antzeman egin zituzten sute horrek eragindako kalteak. Indusketan aurkitutako guztia Nafarroako Gobernuko Gordailu Arkeologikora bidali zuten, eta bertan dago erregistratuta eta gordeta. 

¿Te ha sido útil esta página?