Iruñeko Udalak eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak, haurrendako euskarazko album irudidunen Etxepare sariaren laguntzaz, “Biko-teka” ilustrazio- eta narrazio-lantegiaren beste edizio batean izena emateko epea zabaldu dute abenduaren 4ra arte. Ilustrazio- eta narrazio-lantegia bikoteka garatuko da, euskaraz, urtarrilaren 25etik 29ra, Kondestable Civivoxean.
Lantegiaren bosgarren edizioa da honakoa, eta haren bidez euskarazko liburu irudidunak sortzea sustatu nahi da. Narrazioaren eta ilustrazioaren arloetan lan egin nahi dutenendako pentsatuta dago. Jardueraren izenak dioen bezala, prestakuntza bikoteka eginen da. Harkaitz Cano idazleak eta Aitziber Alonso irudigileak gidatuko dute. Dani Martiarena idazleak eta Ana Ibáñez irudigileak ere parte hartuko dute, gonbidatu gisa. Izena emateko administrazioa@galtzagorri.eus helbide elektronikora idatzi behar da.
Narrazio-atalean interesa dutenek idazlan laburra aurkeztu behar dute, orri batekoa gehienez. Ilustrazio-atalean parte hartu nahi dutenek, berriz, hiru ilustrazio aurkeztu behar dituzte. Banaka edo bikoteka eman daiteke izena. Bikoteka aurkezteko, idazlanari eta ilustrazioei dagozkien aurreko betebeharrez gain, proiektuaren zirriborroa aurkeztu beharko da. Materialarekin batera curriculuma eta NANaren fotokopia aurkeztuko dira. Aurkeztutako eskaeren artean egile berriak lehenetsiko dira.
Bakarka aurkezten direnei Galtzagorri Elkarteak berak aurkituko die lantegian aritzeko bikotekidea, gainontzeko hautagaien artean. Gehienez, zortzi bikote hautatuko dira; eta hauek prestakuntza-lantegian parte hartzeko beka bat jasoko dute. Horrela, ekimenaren beste helburuetako bat erdietsiko da: irudigileek eta idazleek elkar ezagutzea eta liburu grafikoa taldean sortzeko lan-dinamikak ikastea.
Lantegi trinkoa da, lau egunekoa, guztira 37 prestakuntza-orduz. Parte-hartzaileek album irudidun bat sortzeko faseak landuko dituzte, hots: ideia pentsatu, nola idatzi, sekuentziatu eta irudiztatu.