Txupinazo Txikiari eta beste ekitaldi batzuei esker, haurrek protagonismoa hartuko dute 2026ko sanferminetan, baita auzoek ere, jarduera gehiago antolatu baitira bertan. Jaietako programa ofizialak 516 ekitaldi barne hartzen ditu, besteak beste, honako hauek: askotariko gustu eta estilotako musika, haur- eta gazte-jolasak, erakusketak, su artifizialak, kirol-jarduerak, antzerkia, kalejira, ganadu-azienda, bezperak eta prozesioa, txupinazoa eta Gaixoa ni. 2026ko sanferminetako programa ofizialaren diseinuak keinua egiten dio Ernest Hemingway estatubatuarrari, eta jaietako ‘momentikoa asko jartzen ditu balioan.
Programazio osoa gaur (asteazkena) aurkeztu dute Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotziak eta Iñigo Gómez Eguíluz Alorreko zuzendariak. Berritasun gisa, nabarmentzekoa da Iruñeko Udalak sanfermin irisgarri eta parte-hartzaileagoak izateko egiten duen apustua, nagusiei eta harrei zuzendutako jaien zati bat hiriko auzoetara ekartzen baitu. Gainera, dagoeneko jaien tradizio diren ekitaldien hainbat data aldatu dira, hala nola ganadu-feriarena eta Mazedonia-Kulturen kalejira.
Jaiak Iruñeko txoko guztietara eramateko asmoz, eta ez soilik Alde Zaharrera eta Zabalguneetara, Udalak bi proposamen zehatz antolatu ditu kokapen desberdinetan. Hala, musika-animazioko jarduerak antolatu dira hiriko sei auzotan, goizez, uztailaren 8tik 13ra bitarte. 13:00etan izanen da hitzordua, auzo hauetan: Txantrean, Ermitagaña-Mendebaldean, Etxabakoitzen, Azpilagañan, Iturraman eta Donibanen. Auzo horietan guztietan erdialdeko kokapenak bilatuko dira, bizilagunen bizitza sozialerako esanguratsuak, eta bertan eginen dira jotak, fanfarreak, mexikarrak eta gaiteroen eta banda ugariren emanaldiak.
Haur eta nerabeek ere badute jaiez gozatzeko gunea: sormen-jolasen Birjolastu gune tradizionala Taconeran egonen da, ohi bezala, baina hiriko auzo batzuetara hedatuko da uztailaren 8tik 13ra bitarte. Kasu horietan, arratsaldez antolatuko dira jolasguneak, 18:00etatik aurrera, Mendillorrin, Buztintxurin, Ermitagaña-Mendebaldean, Lezkairun, Txantrean eta Sanduzelain.
Finkatuta dauden hainbat ekitaldiren data aldatu da
Aurtengo edizioak badu beste berritasun bat: sanferminetan data jakin bat izan ohi duten ekitaldiak beste egun batean eginen dira. Zehatz-mehatz, ganadu-azienda uztailaren 7an egin ohi zen Agustindarren industrialdean, eta aurten, berriz, uztailaren 11n eginen da, larunbatarekin, ganaduzaleez gain bertaratuek ere parte hartu dezaten. Dena den, ohiko baldintzak bere horretan mantentzen dira: zaldi-azienda bat da, eta, beraz, ezin izanen dira beste espezie batzuetako animaliak erakutsi eta merkaturatu.
Mazedonia-Kulturen kalejira, berriz, uztailaren 12an (igandea) eginen da, eta ez uztailaren 14an, ohikoa izaten zen moduan; kalejira Alde Zaharrean barnako desfile bat da, jantzi tipikoak eta dantza tradizionalak plazaratzen dituzten nazioarteko talde eta elkarteen eskutik.
Pompelo Civivoxa, festagune berria
Sarasaten egiten ari diren lanak direla eta, bertan egin ohi ziren musika-ekitaldiak berrantolatu dira. San Jose plaza Jota-soinuak zikloaren agertokia izanen da uztailaren 8ko, 10eko eta 11ko eguerdietan. Halaber, bertsolariak ere gune horretan arituko dira uztailaren 7an, 9an eta 11n, arratsaldeko 19:00etan. Arratsaldez ere, ordu horretan bertan, dantzariak arituko dira San Jose plazan, uztailaren 8an, 10ean eta 12an.
Era berean, Txistularien Alardea ere San Jose plazan eginen da: aurten 67. edizioa da, eta uztailaren 12an (igandea) antolatu da, 12:30ean. Plazaren kultur eskaintza osatze aldera, Abestu gure Queen agur esateko kontzertua eginen dute Paz de Ziganda Helduen Abesbatzak eta Javier Errok: 20:00etatik aurrera, Queen taldearen bertsioak abestuko dituzte.
Kokapen-aldaketa horrez gain, festekin lotutako gune berri bat sortu da. 2025eko bukaeran inauguratu zen Pompelo Civivoxa. Kutxa Sonora izeneko auditoriuma musika-ikuskizunen agertoki izanen da uztailaren 8tik 11ra, 19:00etan, Primital Brothers, Piluka y sus internacionales del Bolero, Demode Quartet eta Los Gandules taldeen eskutik.
Horrek guztiak jadanik jakinarazi diren Gazteluko plazako eta Compañía plazako kontzertuekin bat egiten du: Gazteluko plazan, besteak beste, Ojete Calor, Shinova, Boney M eta Motxila 21 taldeak arituko dira taulagainean, eta Compañía plazak berezko nortasuna duen programazioa eskainiko du, nazioarteko artistak eta tokiko talentua eta house, reggae dub, blues eta jazz estiloak, besteak beste, uztartuta. Uztailaren 6tik 13ra bitarte antolatzen dira kontzertuak bi leku horietan, baina aurten, berritasun gisa, beste kontzertu bat eginen da 14an, Gazteluko plazan, Gaixoa ni ekitaldiaren aurretik jaiei agur esateko. 22:00etan izanen da, Etzakit taldearen eskutik: Hernanin sortu zen 90ko hamarkadan, eta Xabi Solano eta Jon Mari Beasain dira taldearen kideak.
Iruñeko txoko guztiak kontuan hartuta, guztira 58 kontzertu eginen dira sanferminetan, aurretik aipatutako agertokiez gain Foruen plazan, Gazteendako eremuan eta Sound Fermin gunean ere kontzertuak eginen baitira. Halaber, 23 dantzaldi antolatu dira Antoniuttin eta Gurutzeko plazan, baita dantzagarriak, dantzak, dianak eta musika kalean ere.
Haurrendako programazioa
Beste urte batzuetan bezala, sanferminek adin guztiendako aisialdiko eta denbora libreko proposamenak barne hartu nahi nahi dituzte. Taconerako Birjolastu guneaz gain, Askatasun plazan, ohi bezala, txikienendako Hauek Festak Hauek jolasgunea programatu da: 14 urtera bitarteko haur eta nerabeendako puzgarriak eta jolasak eskainiko dira bertan. Media Lunan eta Caparrosoren errotan ere Kirolari egonen da, 8 eta 14 urte inguruko haur eta nerabeek gozatzeko eta kirol berriak ikasten hasteko gunea.
Halaber, kalejirak eginen dira Karlos III.aren etorbideko inguruetan, eta Erorien Monumentua txotxongiloen agertokia izanen da Haurrei zuzendutako proposamena osatze aldera, jarduera hauek daude: Erraldoi eta Buruhandien Konpartsen irteerak; zezensuzkoa, uztailaren 6tik 14ra; eta entzierro txikia, uztailaren 8tik 12ra bitarte, 11:30ean, San Domingo aldapan.
Sanferminez lasai gozatu nahi dutenek ere badute beraien gunea: Iruñeko Udalak berriz ere antolatu du Zentzumenen Babeslekua Kondestable Civivoxean, bizikidetzarako gune lasai eta inklusiboa, bereziki diseinatua jaiak soinu-intentsitate baxuan eta giro patxadatsuan bizi nahi dituztenendako. Babeslekua, desgaitasunen bat dutenendako irisgarria, uztailaren 8tik 14ra bitarte egonen da irekita, 12:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:30era.
1,7 milioi euroko aurrekontua
Udalak 500 jarduera eta ekitaldi inguru antolatu ditu sanferminetarako eta 1.760.000 euro inbertitu ditu horretarako. Zenbateko horretatik, 1,16 milioi programaziorako bideratu dira, eta gainontzekoa, ekoizpen-gastuetarako, lehiaketetarako eta komunikaziorako.
Gastuaren gehiengoa kontzertuei eta dantzaldiei dagokie, 613.446 euro hain zuzen ere. Horietatik 306.130 euro Gazteluko plazako kontzertuetarako bideratu dira; 74.000 euro inguru, Compañía plazarako, eta 37.500 euro, Foruen plazarako. Kaleko musikan 60.000 euro inguru inbertitu dira, eta Gurutzeko plazako programazioan, beste 60.000 euro. Bestalde, haurrendako jardueretara 294.000 euro bideratu dira eta Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketara, 240.000 inguru.
Sanferminetako programaren 7.200 ale
Festetako programazio guztia aditzera emateko, Iruñeko Udalak sanferminetako programa argitaratu du: Leire Mutuberriak diseinatu, ilustratu eta maketatu du, Ikus-entzunezko Komunikazioan eta Ilustrazioan lizentziaduna baita Madrilgo Escuela Artediez zentroan. Ilustratzea irudiekin komunikatzea da, eta premisa hori oinarri hartuta, Mutuberriak kolektibo plurala osatzen duten askotariko pertsonez beteriko sanferminetako programa sortu du. Egin duen diseinuan garrantzi berezia ematen die haurrei, festen ardatza baitira, eta keinu bat egiten die festetako momentikoei. Zentzu horretan, programaren egun bakoitzean kolore biziko ilustrazio bat dago, pertsonez eta instantez beteta.
Irudi horietan honako hauek daude irudikatuta: hamaiketakoak, prozesioa, entzierroak, dantzak eta musika, erraldoiak, tonbola, peñak, herri-kirolak eta Gaixoa ni, besteak beste. Bederatzi ilustrazio dira guztira, sanferminetako egun bakoitzeko bat, eta haiekin batera, xehetasun txikiak irudiztatuta daude programaren gainontzeko orrietan. Gainera, diseinuak keinu bat egiten dio Ernest Hemingway estatubatuarrari: jolas baten bitartez, idazlea bilatzen ahal da egun bakoitzeko ilustrazioak osatzen dituzten pertsonai guztien artean.
Guztira 7.200 ale argitaratu dira, 155 x 280 milimetroko formatuan. Programak 68 orrialde ditu eta elebiduna da. Dendetan eta Tonbolan egonen da salgai 2 euroan. Programarekin batera, 55.000 ale argitaratu dira sakelako bertsio zabalgarrian, gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez. Liburuxka bost hegaleko akordeoi itxuran tolestuta dago: 70 x 105 milimetroko tamaina dauka tolestuta eta 355 x 210 milimetrokoa destolesturik baldin badago. Inprimatutako 55.000 aleetatik 25.000 gaztelaniaz dira; 10.000, euskaraz; 10.000, ingelesez, eta beste 10.000, frantsesez. Liburuxkak doan eskuratzen ahalko dira Kondestable Civivoxean, Turismo Bulegoan eta Tonbolan.
Programa osoek zein liburuxka tolesgarriek Marta Garatea Almagrok egin zuen sanferminetako kartel lehiaketako kartel irabazlearen irudia dute portadan. Gainera, 4.100 kartel argitaratu dira irudi irabazlearekin: dendetan eta Tonbolan daude eskuragarri euro batean.