Haur txikiak dira MAPPING Jaialdiaren programazioaren ardatz, azaroaren 18tik 28ra bitarte Mendillorriko eta Iturramako Civivoxetan antolatutako antzerki, lantegi eta topaketekin

Haur txikiak dira MAPPING Jaialdiaren programazioaren ardatz, azaroaren 18tik 28ra bitarte Mendillorriko eta Iturramako Civivoxetan antolatutako antzerki, lantegi eta topaketekin
Udalak eta Teatro Paraísok Iruñera ekarri dituzte familiendako eta haur txikiendako arte esperientzien Europako jaialdi horren jarduerak
Cartel

 

MAPPING Jaialdia, familiendako eta haur txikiendako arte-esperientzia eginen da  azaroaren 18tik (osteguna) 28ra bitarte Iturramako eta Mendillorriko Civivoxetan. Jaialdiak barne hartzen ditu hainbat antzerki-ikuskizun, prestakuntza-saio, plastika-lantegi eta beste jarduera batzuk, zeinak honako hauek ardatz baitituzte: 0 eta 6 urte bitarteko haurrak arte-adierazpenen publiko aktibo gisa, haurtzaroan sorkuntza sustatzea eta zeharkako eta belaunaldiarteko arte-topaketak bultzatzea.

Iruñeko Udalak, Civivox sarearen bitartez, hamarkada bat baino gehiago darama haur txikiendako jarduerak programatzen. MAPPING Jaialdi honetan parte hartuz, beste urrats bat eman da, topaketa, kontenplazioa eta esperimentazioa uztartzeko programazio eszeniko soilaz haratago doan kontakizuna eraikiz. Europako proiektu horren barruan sortutako bi antzezlan aurkeztuko dira, ‘La luna en el jardín’ Silfo Teatro konpainiarena (Murtzia) eta ‘Susurros del bosque’ Animacji konpainiarena (Polonia); ‘Kutxa bat, amets bat’ instalazio-lantegian eta arte- eta sormen-lantegietan esperimentatuko da; eta profesionalekin egindako topaketa eta prestakuntza-saioetan hausnartuko da.

MAPPING Jaialdiak Europako proiektu baten parte dira, eta antolatzen dira haur txikiendako arte eszenikoen estetikaren inguruko ikerketa eta dibulgazio proiektuak egiten dituzten antzokiak, auditorioak eta beste zentro batzuk dituzten kontinenteko hirietan. Egun, proiektuak Europako 18 herrialdetako bazkideak ditu, besteak beste, Teatro Paraíso / KunArte, haurrendako eta familiendako ikuskizunen ekoizpenean, sorkuntzan eta erakustaldian 40 urtetik gorako ibilbidea duen konpainia Gasteiztarra.

María García-Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkariak eta Pilar López Teatro Paraíso / KunArte konpainiako zuzendariak gaur goizean aurkeztu dituzte MAPPING Jaialdiaren programazioa eta ezaugarriak, eta dagoeneko sarrerak agortu dira eginen diren ikuskizun eta lantegietarako. Oraindik eskuragarri daude gaur arratsaldean bertan eginen den irekiera-mahai ingururako sarrerak . MAPPING Jaialdiak zuzeneko arteei begirada garaikide bat proposatzen du haur txikiendako, eta modu berritzaileak eta ekintza harrigarriak aurkezten ditu hizkuntza sortzaileen eta haurren berariazkotasunaren arteko lotura hori ikusteko.

Prestakuntza-saioak eta haur txikiei buruzko hausnarketak

Gaur arratsaldean bertan abiatuko da jaialdia Iturramako Civivoxean ‘Artea eta haur txikiak: begirada kaleidoskopikoak’ izeneko mahai-inguruarekin. Hiru hizlarik, Ainhoa García Pindado EHUko Hezkuntza eta Kiroleko Fakultateko Arte eta Ikusizko Kulturako irakasleak, Alfredo Asiaín NUPeko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktikaren irakasleak  eta Pilar López Teatro Paraíso / KunArte konpainiako zuzendariak eta MAPPING Europako Jaialdiaren arduradunak, solasean arituko dira proiektu hori eta haur txikien eta arteen arteko loturari buruzko errealitateak ezagutzera emateko, hala Iruñean nola Gasteizen. Saioa 19:00etan izanen da eta aldez aurretik izena eman behar da www.pamplonaescultura.es webgunean, 010 – 948 420 100 telefonoan edo civivox zentroetan bertan.

Prestakuntza-hitzaldiek jarraipena izanen dute azaroaren 23an umetxoekin arte- eta zentzumen-adierazkortasunari buruzko saio teoriko-praktiko batekin, ama, aita eta Haur Hezkuntzako irakasleei zuzenduta. Iturramako Civivoxean, halaber, Arts & Pequeseko Elena Erasok sarrera teoriko bat eginen du arteak eta sormenak haur txikiengan duen garrantziaz eta horrek aita-ama-haurtxoen arteko harremana, hezitzaile-haurtxoen artekoa, bere buruarekiko, bere gorputzarekiko, bere sentsazioekiko eta besteekiko harremana nola sustatzen dituen azaltzeko. Saioa amaitzeko, elkarrekin esploratuko da esperientziaren bitartez, lantegi sentsorial baten bidez.

Umetxoendako adierazpen-artistikoko eta -plastikoko lantegiak

Umetxoek ere badute beren tokia eta beren jarduerak jaialdian. Adierazpen artistikoko eta plastikoko bi lantegi antolatu dira, bat Mendillorriko Civivoxean, bihar, azaroaren 19an, ostiralarekin, eta bestea, Iturramako Civivoxean, azaroaren 26an, ostiralarekin. Elena Erasok emanen ditu, eta xede dute ukimeneko, entzumeneko eta ikusmeneko estimulu ezberdinen bitartez zentzumenak suspertzea, behatzeko gaitasuna piztea eta jakin-mina sustatzea.

‘Gau izartsua’ Mendillorriko Civivoxeko lantegiaren abiapuntua egunsentia baino lehen jaiki eta leihotik begiratzen duzun egun batean izar bat harrapatu dezakezula imajinatzea da. Eta izarra distiratzen ikusten duzu.  Haren argiak, bideek, zurrunbiloek eta mendi handiak gidatuko zaituzte harengana. Lantegia argi beltzaren bidezko esperientzia sentsorialean oinarritzen da. ‘Naturaren sekretuak’ Iturramako Civivoxeko lantegian, euria harrapatu, hodeiak koloreztatu eta lur hezea dastatuko da, baso dibertigarri eta oso sentsorial batez jabetuz.

Antzerkia eta esperientziak familian

MAPPING Europako Jaialdi horri lotutako bi proiektu eszenikoak saio bikoitzean taularatuko dira azaroaren 20an eta 27an Mendillorriko Civivoxean. Biendako sarrerak agortuta daude jada. ‘La luna en el jardín’ antzezlanean, Silfo Teatro Murtziako konpainiarena, Sarak eta Bárbarak, lorategi bitxi bateko biztanleek, oskoletik atera eta jaio ezin den txita bati lagundu nahi diote. Itxaroten ari direnean, naturaren magiak lorategia inbaditzen du eta urtaroak bere edertasun osoan bata bestearen atzetik agertzen dira. Alfombra - lorategi handiak –ikusleak esertzen diren tokia– denboraren makina dibertigarri baten itxura hartzen du eta soilik amaieran jakinen da txitak bere ezkutaleku erosoa uztea erabakitzen duen.

Bestalde, ‘Susurros del bosque’, Animacji Poloniako konpainiarena, basoak kontatu nahi dituen istorioak entzuteko gonbidapen bat da. Modu poetikoan, hitzak, soinuak eta irudiak, ikusleei gonbit egiten diote zuhaitzen munduaren eta haien biztanleen aberastasuna ezagutzera. Simona Kossaken eta Peter Wohllebenen liburuak inspiraziotzat hartuta, ikuskizunak txotxongilo bizidun ederrak, irudi misteriotsuak, proiekzioak eta soinu harrigarriak uztartzen ditu.

Jaialdia azaroaren 28an amaituko da, Mendillorriko Civivoxean eginen den instalazio-lantegi batekin. ‘Kaxa bat, amets bat’ gaztelaniaz eta euskaraz emanen da. Teatro Paraíso eta Gutxinaka – Gutxinaka konpainiek abentura artistiko bat proposatzen dute familian, jolas-elementu unibertsal bat erabiliz, hala nola kartoizko kutxak, esperimentatzea, eraldatzea, sortzea, imajinatzea, amestea eta partekatzea ahalbidetzen dutenak. Lantegia aukera bat da jolasaren balioa gure 1 eta 4 urte bitarteko seme-alaben hazkuntzan eta lotura emozionalen eraikuntzan bizitzeko.

¿Te ha sido útil esta página?