Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeei zuzendutako ‘Eskola-baratze ekologikoak’ programak izena emateko epea ireki du apirilaren 13ra arte

Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeei zuzendutako ‘Eskola-baratze ekologikoak’ programak izena emateko epea ireki du apirilaren 13ra arte
Programa 2017-2018ko ikasturtean abiatu zenetik zortzi ikastetxek eta Mendillorri Haur Eskolak hartu dute parte
huertos escolares

 

Zortzi ikastetxek eta haur-eskola batek parte hartu dute 2017-2018ko ikasturtetik Iruñeko Udalak abiatutako ‘Eskola-baratze ekologikoak’ programan. Astelehenean, martxoak 21, ireki da sare hori handitzeko epea. Iruñeko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek eskaerak aurkezten ahal dituzte apirilaren 13ra bitarte educacionambiental@pamplona.es helbide elektronikoan.

Programa honen helburua da ingurumen-hezkuntzako haziak landatzea, norbanakoengan zein taldean aldaketak eraginen dituztenak gizarte jasangarriago baten alde aurrera egiteko. Eskola-baratzeak beste helburu batzuk bilatzen ditu, adibidez: askotariko ezagutzen ikasketa-ikasgela eskaintzea, ikasketa esanguratsua erraztea eskola-baratzean izandako esperientzien eta bizipenen bitartez, esperientziak eta balio etikoak, giza-balioak, ingurumenekoak eta osasunekoak partekatzea, eskolako patioak atseginago egitea eta naturalizatzea eta elikadura osasungarria eta hurbilekoa sustatzea.

Agiriak aurkezteko, gaian ‘Iruñeko eskola-baratze ekologikoak’ jarri behar da, eta erantsi beharko dira izena emateko fitxa, proiektua Eskola Kontseiluan eta Klaustroan onetsi dela erakusten duen egiaztagiriaren kopiak eta proiektua, hezkuntza-komunitate osoa barne hartzen duten eta ingurumen-hezkuntzari lotutako proiektuetan aldez aurretik izandako esperientziekin eta lan-proposamenarekin. Agiria gehienez ere 5 orrialdekoa izanen da, eta eranskin gisara igorriko da posta elektronikoan. Argibide gehiagorako, Ingurumen Hezkuntzako webgunea bisita daiteke edo 948 420 948 telefonora deitu, zalantzak argitzeko.

Ikastetxe parte-hartzaileak Iruñeko Udaleko Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzuak hautatuko ditu. Honako alderdi hauek baloratuko dira: ikastetxearen tipologia (publikoa, itundua edo pribatua), ikastetxearen eskarmentua ingurumen-hezkuntzan eta hezkuntza-komunitatea proiektuan txertatzean eta eskola-baratzeen programarako egiten duten lan-proposamena. Programa hori Go Green Iruña estrategiaren barruan dago, zeinak barne hartzen baititu klima-aldaketari aurre egiteko Udalaren neurriak eta ekintzak.

Unitate didaktikoa eta beste baliabide batzuk

Hezkuntza-programak funtsezko bi zutabe ditu oinarri: baratze ekologiko bat martxan jartzea eta curriculumean sartzea. Baratzearen planteamendua, diseinua, sormena eta mantentze-lanak hezkuntza-komunitate osoak eginen ditu (ikasleek, familiek, irakasleek, ikastetxeko langileek...), modu kolektibo eta parte-hartzailean. Baratzea ikasteko gune gisa ulertuta, curriculumean txertatu nahi dira baratzearekin lotuta egin daitezkeen diziplina anitzeko jarduera didaktiko askotarikoak. Horretarako, ‘Ikasgelatik baratzera’ unitate didaktikoa eskainiko da, gaztelaniaz eta euskaraz, 25 jarduera integratzen dituena, eta ‘Baratze-saskia’, jolasekin eta hainbat proposamenekin. Irakasle guztiek prestakuntza jasoko dute proiektuan aktiboki parte hartu ahal izateko. Hain zuzen ere, hainbat ikastetxetako irakasleek bideo batean parte hartu zuten programa horretan parte-hartzea motibatzeko.

Iruñeko Udalaren Ingurumen Hezkuntzako lantaldeak aholkularitza teknikoa eta laguntza emanen ditu, proiektua bultzatu eta eginen diren ekintzak babestuz. Ikastetxeek programan bi ikasturtez jarraian parte hartzeko konpromisoa hartuko dute. Aurrekontu-partida bat izanen dute: lehenengo urtean, baratzea sortu eta/edo hobetzeko, eta bigarrenean, eskola-proiektua lagundu eta/edo hobetuko dituzten materialak, zerbitzuak eta abar eskuratzeko. Ikastetxeek lurra eta landareak jasoko dituzte Iruñeko Udaleko Lorategi Zerbitzutik.

Finean, asmoa da eskola-baratzeak esperientziak eta balio etikoak, gizalegezkoak, ingurumenekoak eta osasunekoak partekatzeko eta gozatzeko gunea izatea, bidenabar sustatuta ikasleen lotura positiboa natur ingurunearekin, hori baita ingurumen-hezkuntzako abiapuntu nagusia. Eskola-baratzeen programak irudikatzen du Udalak 2016an Milango itunarekin eta, berriki, 2030 Estrategia – Iruñeko Hiri Agendarekin hartutako konpromisoa.

¿Te ha sido útil esta página?