Iruñeko Udalak ikasteetxetako jolastokien birnaturalizazioari buruzko prestakuntza antolatu du irakasleentzat. Guztira, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako 24 irakasle eta ingurumen-hezkuntza eta hezkuntza zerbitzuetako hainbat langile ari dira Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Irakasleentzako Laguntza Zentroak ziurtatutako saio horietan parte hartzen. Azaroan egin ziren lehen saioak eta abenduan eta urtarrilean ere eginen dira.
Formakuntzak 25 ordu izanen ditu guztira, eta patioen birnaturalizazioaren bidez bilatzen dena da, lan horiek egiteak dakarren eraldaketa arlo pedagogiko eta sozialera ere iristea, espazio baten eraldaketa fisikotik harago. Saioak pedagogia berdean aditua eta erreferentea den Heike Freirek emanen ditu. Prestakuntza hori San Jorge, Amaiur eta Iturrama ikastetxe publikoetan patioak birnaturalizatzeko egiten ari diren lanekin bat egiten du eta hiriko beste ikastetxe batzuetan jarduten jarraitzeko aurreikuspenarekin.
Prestakuntzan zehar hainbat alderdi azpimarratuko dira, hala nola ikastetxeetako jolastokien birnaturalizazioaren zentzuak gaur egungo haurrek pairatzen duten ‘natura defizitarekin’ duen zerikusia, lurrarekiko lotura berreskuratzeko beharra, edo naturarekiko kontaktuak osasunerako, ongizaterako, garapenerako eta haurren ikaskuntzarako dituen onurak. Gainera, parte hartzen duten irakasleek haien ikastetxeetako jolastokien diagnostikoa eginen dute eta ekintza-plan bat prestatuko dute, ikastetxearen hezkuntza-proiektuari begira eta barneko eta kanpoko hezkuntza-guneen osagarritasunari begira.
Ekimen hori Energia Trantsizioaren eta Aldaketa Klimatikoaren Estrategiaren barruan dago. Zehazki, 5. Helburu Estrategikoan (‘Klima-kultura ezartzea Iruñean’) eta ‘Klima-kultura ikastetxeetan’ ildo estrategikoan kokatzen da. Ildo estrategiko horretan sartzen da, besteak beste, ‘Eskoletako langileei (zuzendaritzakoak eta irakasleak) zuzendutako klima-aldaketara egokitzeari buruzko ezagutza hobetzeko prestakuntza-programa’.
Ikastetxeetako jolastokiak, jolasteko eta elkartzeko leku inklusibo gisa
Iruñeko Udalaren nahia da jolastokien birnaturalizazioa hiri-espazio horien eraldaketa fisikoaren onurak eta irakasleen prestakuntza pedagogikoa uztartzeko esku-hartze bihurtzea. Horrek pedagogia berdearen filosofia irakaskuntzaren praktikan txertatzeko aukera emanen luke.
Jarduketa bat gehiago da hiriek gaur egun klima-aldaketara egokitzeko eta erresilienteak izateko duten erronkari aurre egiteko. Jolastokien birnaturalizazio horrek birika berde txikiak sustatzen ditu hiriko auzo guztietako ikastetxeetan, eta naturarekiko harremana errazten dute, osasuna eta ongizatea bultzatuz eta pertsona guztien bizi-kalitatea hobetuz, are, gizarte-oztopoak ere gaindituz. Espazio horiek elkartzeko eta jolasteko leku inklusibo bihurtzen dira, eta gizarte-kohesioa sustatzen dute.
2009tik hona, hainbat ikastetxek egin dute euren jolastokiak eraldatzearen aldeko apustua. Aipatzekoak dira Hegoalde, Bernat Etxepare, Mendigoiti eta El Lago de Mendillorri ikastetxeetan egindako ekintzak. Aurten, Iturrama, Amaiur eta San Jorge ikastetxeetako patioak birnaturalizatzeko obrak egiten ari dira, eta Udalak jarduera horien alde egiten duen apustua sendotu du.