Haur eta Lehen Hezkuntzako 39 ikastetxek bisitatuko dute Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa ikasturte honetan, autobus-geltokian duten ‘etxean’

Haur eta Lehen Hezkuntzako 39 ikastetxek bisitatuko dute Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa ikasturte honetan, autobus-geltokian duten ‘etxean’
Bisita horiek 2009az geroztik antolatzen dira, eta haiei esker konpartsa osatzen duten 25 pertsonaiak ezagutzeko aukera dute haurrek
Irudia
Irudia
Irudia

2025-2026ko ikasturtean, Haur eta Lehen Hezkuntzako 39 ikastetxek bisitatuko dute urtean zehar Iruñeko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa gordetzen den tokia (autobus-geltokia). Iruñeko Udalak 2009az geroztik antolatzen ditu bisitak gune horretara, ikasle txikienek konpartsa osatzen duten pertsonaiak bertatik bertara ezagutu ditzaten. Jarduerak oso harrera ona du ikastetxeen eta ikasleen artean, Iruñeko erraldoiak, kilikiak, buruhandiak eta zaldikoak ukitzen eta hurbiletik ikusten gozatzeko aukera baitute. 

Programarekin bat egiteko, ikastetxeek pamplonaescultura.es/eu udal-webgunearen bidez eta Iruñeko Udaleko Hezkuntzako Alorraren bidez eskatu behar dituzte bisitak. Izen-emateak ikasturtero daude zabalik, irailetik urtarrilera bitarte. Ikastetxeez gain, Hezkuntza bereziko zentroek eta beste erakunde batzuek ere eskatzen ahal dituzte bisitak. Ikastetxe batek hainbat bisita eskatzen ahal ditu ikasturte berean, maila eta ildo desberdinekin joan ahal izateko. Hitzordu bakoitzeko bisitari kopurua 15 eta 30 bitartekoa izan ohi da, ikasgela bakoitzeko ikasle kopuruaren arabera.

Jarduera horren bidez, Iruñeko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa osatzen duten 25 figurak ikusteko aukera dute haurrek. Kalera irteten diren bakoitzean txikienei gozarazten dieten zortzi erraldoiez gain, konpartsa Iruñeko Udalaren jabetzakoak diren bost buruhandik, sei kilikik eta sei zaldikok osatzen dute. Haurrek aukera dute figuren egiturak eta zurezko euskarriak ikusteko eta 160 urte baino gehiagoko historiaren berri jakiteko. Izan ere, 1860an, Tadeo Amorenak harri-kartoian sortu zituen erraldoien figurak. Lau erraldoi-bikoteek munduko lau lurralde irudikatzen dituzte: Europa, Asia, Afrika eta Amerika. Konpartsa osatzen duten gainerako pertsonaiak hurrengo hamarkadetan eskatu zizkieten hainbat artisau-lantegiri.

Erraldoiekin batera, zeinak deigarrienak baitira duten itxura eta garaieragatik, ikasleek bost buruhandiak eta 6 kilikiak ukitu eta ikusteko aukera ere badute: Alkatea, Zinegotzia, Amona, Jaun Japoniarra eta Andre Japoniarra; eta Motots, Bizarduna, Napoleon, Patata, Garatxo eta Caravinagre. Batzuk eta besteak bereizteko, maskuria daramaten ala ez begiratu behar da. Kilikiek jo egiten dute; buruhandiek, agurtu. Horiei guztiei sei zaldikoak gehitu behar zaizkie: zaldi txikiak irudikatzen dituzte. 

Bisitak Iruñeko Erraldoien Kultur Elkarteko kideek gidatzen dituzte, haiek baitira figurak dantzatu eta eramaten dituztenak. Gaur egun, 60 lagun inguruk osatzen dute elkartea eta urtero figurak dantzatzeaz arduratzen dira, zazpi gaitero-talderen (bakoitza 3 musikariz osatuta) eta txistulari-talde baten (6 musikariz osatuta) musikaz girotuta; musikariak erraldoi bakoitzaren atzean kokatzen da.

Konpartsako 25 figurek autobus-geltokiko areto horretan atseden hartzen dute urte osoan zehar, hiriko kaleetan barnako desfileren batean atera arte. Sanferminetan egunero protagonistak izateaz gain, irailean ere ateratzen dira, Batasunaren Pribilegioaren eta Aldapako San Fermin egunetan, baita azaroan ere, San Saturnino egunean. 

¿Te ha sido útil esta página?