
Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoak astelehenetik aurrera Descalzos kaleko 72. zenbakian dauden eta erabat irisgarriak diren bulego berrietan emanen du arreta. 0-3 urtekoen zikloko hamabi udal-eskolak biltzen dituen zerbitzua orain arte autobus geltoki zaharraren eraikinean (Oliveto Kondearen etorbidea 4.) ematen zen; 1986 - 1987an eraman zen hara. Zerbitzua bigarren eta hirugarren solairuen artean banatuta zegoenez eta ez zegoenez igogailurik, lekuz aldatzea premia bat zen eta dagoeneko konponduta dago.
Kokapen berrian erabateko irisgarritasuna dago, beheko solairuan baitago eta ez baitu oztopo arkitektonikorik. Azken hori zen aurreko bulegoen arazoetako bat. Irisgarritasun arazo horiek eskoletako izen-emateak beste toki batzuetan egitera behartzen zuten, Caldereríako udal-aretoan eta Geltokiren guneetan kasu. 2024 - 2025eko izen-emateak Descalzos kaleko 72.ean eginen dira.
Erakunde autonomoko bulegoetako langileen lan baldintzak ere hobetuko dira, 1934an eraikitako aurreko eraikinak hainbat arazo baitzituen, hala nola isolamendurik gabeko leihoak –hori dela eta mugako tenperaturetara iristen zen udan eta neguan–, hezetasun-orbanak zituzten sabaiak, tarteka askatu egiten zirenak, bai eta oztopo arkitektonikoak ere.
IRUÑEKO UDALEKO HAUR ESKOLAK
Jendaurreko arretarako bulego berriak Descalzos kaleko 72. zenbakian (beheko solairuan)
- Telefonoa: 948 420 098
- Arreta-ordutegia: 09:00etatik 14:00etara, astelehenetik ostiralera
- Webgunea