Bihartik aurrera, ostegunarekin, Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoak areto bat prestatuko du Geltokin, autobus-geltoki zaharrean, gaur egun 0 eta 3 urte bitarteko haur-eskoletan dauden 80 ikaspostu hutsak betetzeko eskaerak modu zentralizatuan jasotzeko. Behin ikasturtea hasita, Udalaren hamaika haur-eskoletan daude ikaspostu hutsak, baina ez Haur Hezkuntzako lehen zikloa osatzen duten etapa guztietan. Eskaerak 08:30etik 14:30era aurkez daitezke.
Donibanen badira ikaspostuak ertainen eta nagusien taldeetan euskarazko ereduan; Mendebaldean, ertainen eta nagusien taldeetan; Printzearen Harresin, nagusien taldeetan euskarazko ereduan eta ibiltarien taldeetan gaztelaniazko ereduan; Mendillorrin eta Izartegin, lau etapetan daude postu libreak, hau da, bulakerroen, ibiltarien, ertainen eta nagusien taldeetan. Goiz Ederren, badira ikaspostuak ertainen eta nagusien taldeetan euskarazko ereduan, eta ibiltarien taldeetan gaztelaniazko ereduan; Haurtzaron, bularrekoen, ibiltarien eta nagusien taldeetan eskuratu daitezke postuak; Hello Egunsentin, ibiltarien, ertainen eta nagusien taldeetan; Hello Buztintxurin, nagusien taldeetan, eta Hello Azpilagañan, ertainen taldeetan. Azkenik, José María Huarten, badira ikaspostuak egonaldi erdiko ordutegian, nagusien taldeetan.
Prozesu hau Hezkuntzako zuzendari nagusiak otsailaren 17an emandako 40/2020 ebazpenean jasota dator, bertan arautzen baita diru funts publikoen bidez mantendutako Nafarroako Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan ikasturte honetarako 0 eta 3 urte bitarteko haurrak onesteko prozedura. Ebazpenean ezartzen da onarpen-eskaera berriak aurkezten ahalko direla behin matrikulatzeko epe arrunta amaituta 2021-2022ko ikasturterako ikaspostuen erreserba egiteko hasiera-datara arte, betiere haurrak 16 aste edo urte bat beterik badu ikasturte hasieran, urte bat baino gutxiagoko haurrendako instalazioak ez dituzten haur-eskoletan. Eskaera horiek aintzat hartzen ahalko dira baldin eta ikaspostu hutsik badago onarpen-prozesu arruntean sortutako itxaron-zerrenda agortu ondoren. Ebazpenean ezarritakoarekin bat, ikaspostuak eskaeren aurkezpen-dataren arabera esleituko dira.
Eskabidea bete eta bi gurasoek sinatu beharko dute, familiaren osaera (NANaren fotokopia, Familia-liburuaren fotokopia edo familia gurasobakarraren titulua) eta errenta-maila (2019ko PFEZaren aitorpenaren fotokopia) justifikatzeko agiriak txertatu beharko dituzte, eta errolda-agiriaren fotokopia eta kuotaren ordainketa helbideratzeko kontu-zenbaki bat aurkeztu. Bi gurasoen agiriak aurkeztu beharko dira, salbu familia gurasobakarrak badira eta adingabearen zaintza zein jagoletza guraso bakar batek badu.