
Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoko Gobernu Batzordeak 2026rako aurrekontu-proiektuaren berri izan du gaur goizeko bileran. Aurreikuspenen arabera, 12.966.000 euro gastatu eta irabaziko dituzte, aurten (2025ean) baino 4,7 gutxiago, 13.603.530 euroko aurrekontua baitzuten. Proiektua astelehenean onetsi zuen Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak, eta orain Osoko Bilkurara igorriko da, hurrengo saioetan hasiera batez oneste aldera.
Pertsonal-gastuak 11.190.500 euro dira, aurrekontuaren % 86,3. Plantillako lanpostuen ordainsarien aurreikuspenei beste partida bat gehitu zaie ordezkapenetarako eta beste gastu batzuetarako, hala nola bizi-aseguruak, osasun-laguntzako gastuak, prestakuntza-gastuak eta ikasketa- eta familia-laguntza. Proiektuak graduen eta antzinatasunen eguneraketa eta 2025ean berretsitako soldata-igoera barne hartzen ditu. Pertsonal-gastuek % 3,3 egin dute gora.
Funtzionamendu-gastuek 1.675.500 euro jo dute, aurrekontuaren % 12,9. % 1,3 egin dute behera 2025ekoekin alderatuta, eta horren arrazoi nagusia da aurten doikuntzak egin direla gasturen bat gauzatzeko orduan. Aurreikuspenen arabera, 100.000 euroko inbertsioak eginen dira, batik bat eskoletako mantentze-lan txikietarako eta ekipamendua, altzariak eta ekipamendu informatikoak berritzeko.
2026ko kontuak orekatzeko aurrekontu-proiektuak jasotzen dituen 12,9 milioi euroko diru-sarrerak honela banatuko dira: erabiltzaileei kobratutako tasak eta prezio publikoak, langileen jantokiko diru-sarrerak eta Iruñeko Udalak erakunde autonomoari ematen dion dirulaguntza. Udalak egindako ekarpenak 12.000.00 euro jo du funtzionamendu-gastuetarako eta 100.000 euro, inbertsioetarako. Dirulaguntza hori jasoko duten diru guztiaren % 93,3 da. Prezio publikoen bidezko diru-sarrerek 820.000 euro joko dute, guztizkoaren % 6,3, familiek 0 eta 3 urte bitarteko haurren jantoki-zerbitzua ordaintzeari esker. Azkenik, 46.000 euro zenbatu dira langileen jantoki-zerbitzuengatik eta beste hainbat diru-sarrerengatik.