Hasi dira Zabalguneko merkatua berritu eta leheneratzeko lanak, milioi bat euro baino gehiagoko kostuarekin

Hasi dira Zabalguneko merkatua berritu eta leheneratzeko lanak, milioi bat euro baino gehiagoko kostuarekin
Lanak merkatuko erabiltzaileei ahalik eta kalterik txikiena eragiteko moduan eginen dira, eta udazkena baino lehen amaituta egonen direla aurreikusi da

 

 

Gaur goizean hasi dira Zabalguneko merkatu berria berritu eta leheneratzeko lanak. Guztira 1.088.200 euroko kostua –gehi BEZa– izanen dute Udalarentzat, Comiruña Udalaren Sozietate Publikoaren bitartez. Jarduketa horiek ahalik eta eragin txikiena izatea da premisetako bat, bai merkatarientzat, bai merkatuko ohiko erabiltzaileentzat; izan ere, aurreikusitakoaren arabera, udazkena iritsi aurretik gozatu ahal izanen dute instalazio berrituez.

Udal-azpiegitura hori hobetzeko, espazio berriak sortuko dira, zeinak beharrezkoak baitziren eta erabiltzaileek askotan eskatu baitzituzten. Horrela, eraberritzeari eta handitzeari esker, Zabalguneko Merkatuak sukaldaldaritza-ikasgela, gerentzia-bulegoa eta zamalanetarako kaia izanen ditu, bai eta hondakinentzako gune hobetua ere. Gainera, langileen aldagelak zentralizatuko dira.

Zabalguneko merkatua berritu eta hobetzeko jarduketen helburua da, batetik, eraikinaren energia-eraginkortasuna hobetzea, estalkiaren isolamendua hobetzeko neurri pasiboak hartuz eta sabai-leiho zein kupulako arotzeria ordeztuz. Bestalde, hobekuntza funtzionala eta estetikoa bilatzen dute, beharrezko mantentze- eta azpiegitura-hobekuntzak eginez, hala nola instalazio-koadroak zentralizatzea, kutxatila- eta saneamendu-sarea berrikustea, esparruaren erabateko klimatizazioa aurrez instalatzea, elektrizitate- eta gas-hornidurako beharrezko instalazioak abian jartzea, eta zoladuretan eta hormetan barne-estaldura eta pintura berriak aplikatzea.

Helburua: obrek merkatariei eta merkatuko erabiltzaileei ahalik eta gutxien eragitea

Zabalguneko merkatua berritu eta leheneratzeko lanak planifikatzerakoan, premisa hau hartu da kontuan: obrek ahalik eta eragin txikiena izatea, bai merkatariengan, bai udal-zuzkidura horretan erosketak bertan egiten ohi dituzten herritarrengan. Horrela, estalkiko eta inguruko lokaletako jarduketak kaletik eginen dira, zuzeneko sarbideen bidez, langileek publikoarentzako eremutik igarotzeko beharrik izan gabe.

Salmenta-postuen eremuan eragin handiena duten obrak (estalkiko sabai-leihoak ordeztea, girotzeinstalazioak, elektrizitatea, argiztapena, saneamendu-sarea berrikustea) merkatua itxita dagoen uneetan eginen dira: astelehenetik ostegunera, arratsaldez, eta unean-unean, astebururen batean. Hala, salerosketa-eremuari funtsezko zereginek baino ez diote eraginen, hala nola materialak lekualdatzea, zuinketa eta datu-bilketa lanak, pilaketa-guneak ezartzea edo babesak zein elementu osagarriak instalatzea. Irekiera-ordutegiak eta hobekuntza-lanak bateratzeko orduan arazorik handiena izanen da zoladurak erretxinekin margotzeko unea. Jarduketa hori egiteko momentua hurbildu ahala, merkatariekin baloratuko da zein den irtenbiderik onena merkatuaren egunerokoari ahalik eta gutxien eragin diezaion.

Comiruña, Zabalguneko merkatua kudeatzeaz arduratzen den udal-enpresa, obra horien sustatzailea da, baina lanen eta kontratuen kudeaketa- eta jarraipen-lanak Iruña Biziberritzen (PCH) Udalaren Sozietate Publikoaren esku utzi dira. Lehen faseko lanak amaitu ondoren, eta dagoeneko planifikatuta dagoen etorkizuneko jarduketa baten parte izanik, klimatizazio-makineriaren hornidura eta muntaketa eginen dira, eta klima banatuko da. Hobekuntza-lan horiek oraindik ez dute hasiera-datarik.

¿Te ha sido útil esta página?