Hasi dira Gazteluko plazako kioskoa garbitu eta zaharberritzeko lanak, eta datozen hiru asteetan eginen dira

Hasi dira Gazteluko plazako kioskoa garbitu eta zaharberritzeko lanak, eta datozen hiru asteetan eginen dira
Aurrekontua 38.000 eurokoa da, eta monumentuan esku hartzeko irizpideak oinarri du jarrera kontserbatzailea

 

Aste honetan hasi dira Gazteluko plazako kioskoa garbitu eta zaharberritzeko lanak. Datozen hiru asteetan azaleko zikinkeria, onddoak eta likenak kentzeko esku-hartuko da, eta pitzadurak edo elementu batzuen higadura konpontzeko, besteak beste. Jarrera kontserbatzailearekin esku hartuko da monumentuan. Lanen aurrekontuak 38.000 euro jotzen du.

Egitura sendoa da, egonkortasun arazorik gabea, eta itxura orokor nahiko onargarria du. Zenbait patologia egon eta agertu izanak, batez ere kioskoaren beheko aldean, beharrezko egiten ditu hasi diren lanak. Halaber, duela gutxi kioskoaren kupularen barrualdean esku-hartu zen, zeina berriz ere margotu baitzen. Jarduketa egin aurreko txostenak nabarmendu du onddoz eta likenez estalita dagoela, oro har, eta azalean zikinkeria dagoela eta lurzoruaren mailatik gora landare handiak agertu direla. Leheneratu nahi diren beste alderdi batzuek zerikusia dute honako hauekin: iturrien ontzien ondoko guneetako azaleko karbonatazioak, tokian tokiko deplakazio eta disgregazioak, harriaren materialaren barruko narriadura ekar dezaketen pitzadurak eta eskailera-mailetako harlanduren baten desplazamendua. Horiez gain badaude harriaren gainean argizariz, errotuladorez edo pinturaz egindako markak, eta monumentuaren bi iturrietako alabastroko maskorrak zikin eta ilunduta daude, oro har.

Garbiketa eraginkorra izan dadin, aurreikusita dago hasiera batean biozida bat aplikatzea monumentuaren azalean eratutako patina biotikoa kentzeko. Hori horrela, garbiketa orokorra eginen da ur-zurruten bidez, eta horrekin onddoak, likenak eta azaleko zikinkeria kentzea aurreikusten da. Pintura-markak eta halakoak mikroesferen proiekzio lokalaren bidez ezabatuko dira. Iturri hodietako maskorrak alabastroz eginak daude, eta eskuz garbituko dira mekanikoki, beira-esferen mikroproiekzioaz lagunduta, beharrezkoa balitz.

Halaber, mugitutako harlanduak bere tokian jarriko dira, hala behar duten eremuetako junturak berdinduko dira eta harria finkatuko da kaltetutako eremuetan karea eta ura behin eta berriz aplikatuz, karea pitzaduretan injektatuz eta ondoren kare eta hareazko morteroz zigilatuz. Hondatutako oinarrizko elementu arkitektonikoak berreginen dira berreraikuntzako morteroa erabiliz, pigmentu mineralez koloreztatuta. Prebentzio-neurri gisa usoen aurkako sistema bat jarriko da kioskoaren estalkiaren gainean.

CYR - PA Conservación y Restauración del Patrimonio enpresa arduratzen ari da zaharberritzeaz eta lanen kontrolaz. Urez egindako garbiketa orokorra Construcciones Leache SL enpresari agindu zaio. Gazteluko plazako kioskoa 1943koa da. Oinplano zirkularrekoa da, hareharriz eta alabastroz eraikia, eta eraikuntzari lotu gabeko elementu katalogatua da. Kioskoan egindako azken birgaitze-proiektua 1994an egin zen.

¿Te ha sido útil esta página?