Hasi dira entzierroaren ibilbidea mugatzen duten hesien 900 zutoinak eta 2.700 oholak jartzen

Hasi dira entzierroaren ibilbidea mugatzen duten hesien 900 zutoinak eta 2.700 oholak jartzen
Ia 850 metroko luzera duen ibilbidearen gehiengoa hesitzen da, bai eta Gaseko eskorten eta San Domingoko eskorten tartea ere
vallado San Fermín

 

Iruñeko kaleak sanferminetarako aldatzen hasi dira, eta, zalantzarik gabe, eraldaketa horren funtsezko elementuetako bat entzierroaren ibilbidean barna hesiak jartzea da. Gaur, astelehenarekin, abiatu dira lanak eta hainbat astez luzatuko dira: 900 zutoin eta 2.700 ohol jarriko dituzte uztailaren 7tik 14ra bitarte egiten diren entzierroetan korrikalarien eta ikusleen segurtasuna bermatzeko xedez.

Beste urte batez, 1992az geroztik egin bezala, Hermanos Aldaz Remiro zurgindegiak eginen ditu lan horiek: Erruki Etxeak kontratatzen du, zezen-plazaren eta entzierroen arduraduna baita. Hermanos Aldaz enpresa hainbat lanez arduratzen da, hala nola segurtasun-egitura osatzen duten elementu guztiak kontserbatu, berrikusi, mantendu eta jartzeko lanez. Zutoinekin eta oholekin batera, hesiak 80 ate izanen ditu, larrialdi- eta segurtasun-zerbitzuak azkar eta eraginkortasunez sartzeko.

Entzierroaren ibilbideak 848,6 metro neurtzen dituen arren, hesiak luzeago jotzen du, izan ere, San Domingo aldapan barna ere jarriko dute, Gaseko eskortak (Arrotxapean) eta San Domingo eskortak lotze aldera, entzierro bakoitzaren bezperan bertan gordetzen baitira zezenak. Zezen-plazaren barrualdeko sistema guztia ere indartuko da. 

Gaur goizean abiatu dira hesia jartzeko lanak zezen-plazako kailejoian, eta ibilbidearen beste hainbat gunetan jarraituko dute. Dena den, jartzeke geratuko dira ibilgailuen zirkulazioari eragiten dieten tarteak, gune horiek egunero jarri eta kentzen baitituzte sanferminetan, zirkulazioa ahalik eta gutxien oztopatze aldera. 

Hesiaren elementu guztiak urtez urte Gaseko eskortetan gordetzen dira. Aldiro, zurezko elementuen % 2 inguru berritzen da, hala nola, zutoinak, ateak, oholak eta babeslekuak, denboraren joanak eragindako narriadura edo kaltea dela-eta. 

¿Te ha sido útil esta página?