Iruñeko Udalak epea ireki du herritarrek ‘Sanferminen artxiboari’ lagundu eta funtsak emateko. Artxibo hori sanferminen interpretazioa, ezagutza eta dibulgazio historikoa egiteko gune bat sortzeko elementu fisikoek eta inmaterialek osatutako kultura-ondarearen gordailu bat da. Eskubiderik gabeko gordailu bat izanen da, nahiz eta elementuen jabetza Udalak berak edo beste entitate publiko edo pribatu batzuek izanen duten.
Proiektuaren fase honetan edozein pertsonak, entitatek, erakundek edo instituziok https://www.archivodesanfermines.eu/ webgunearen bidez lagundu dezake materialak bidaliz (argazkiak, bideoak, abestiak, objektuak, oroigarriak...) edo online formularioan daukazun materialari erreferentzia eginez. Funts digital bat izanen da, beraz jabeek ez dituzte materialak utzi beharko, baizik eta eskaneatutako irudia lagako dute, artxiboen funtsetara gehitzeko. Materiala aztertutakoan, Iruñeko Udal Artxiboko teknikariak igorlearekin harremanetan jarriko dira posta elektronikoaren bitartez.
Jasotako guztia aztertu, sailkatu eta baloratuko da ‘Sanferminen artxiboan’ sartzen den ezartzeko. Artxibo hori eratzea ‘SF365’ Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planaren (HJTP) ildoetako bat da, ‘trantsizio digitala’ ildoaren barruan. Plan hori turismo-eredua jasangarritasunerantz eraldatzeko inbertsio-proposamen bat da, 2024era begira. Hori posible egiteko Iruñeak 5,5 milioi jaso ditu Next Generation EU Europako funtsetatik, Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bidez. Proposamenak Nafarroako Gobernuaren laguntza ere badu.
Sanferminak ‘nazioko zein nazioarteko interes turistikoko jaiak’ izendatu zituzten 1965ko urtarrilaren 25ean eta berriz ere sailkatuak 1980an; horrek benetan duten interes turistikoa aitortzen du, antzinatasunagatik, denboran duten jarraitutasunagatik, errotzeagatik eta herritarren parte-hartzeagatik, bai eta ekitaldien originaltasun eta aniztasunagatik eta horien inguruan egiten diren sustapen-ekintzengatik ere. Urtero Iruñeak hirira festak erakarrita etortzen diren mundu osoko milaka bisitari jasotzen ditu, baina soilik uztailaren 6tik 14ra. Sanferminen urtaro-izaera gainditzeko beharra azken urteotan festen birdefinizoari eta hiriko marka-irudian duten pisuari buruz eztabaidatzen den gogoeta-foroetan behin eta berriz errepikatzen den ondorio bat da.
‘Sanferminen artxiboa’ eta Arrotxapeko portalearen antzinako guardia-gorputza SF635 esperientzien zentro bihurtzeko egokitzea elkarren artean lotuta dauden eta helburu hori duten bi ekimen dira. Gordailuak, halaber, festekin lotutako ondare kulturala etorkizuneko belaunaldiendako babestu eta gordetzea du xede, hau da, azken batean, Iruñeko kultura-nortasunaren zati bat babestea.
‘Beti bizirik’ dagoen funts zehatza
Udalak urte hasieran lizitatu zituen ekimen horren plan zuzentzailearen garapena, eta lanak, azkenik, GesArDoc–Gestión de Archivos y Documentación SL enpresari agindu zitzaizkion, betiere Udaleko teknikariek gainbegiratuta. Enpresa horrek Administrazio Nagusiko hainbat artxibotan egin du lan; artxibo autonomikoetan, Madril edo Valentziakoa kasu; artxibo historiko probintzialetan, hala nola Granadakoan eta Oñatikoan, eta Estatuko artxibo orokorretan, esaterako, Artxibo Historiko Nazionalean eta Memoria Historikoaren Dokumentazio Zentroan, Indietako Artxibo Nagusian eta Simancaseko Artxibo Nagusian.
Proiektuaren barruan, herritarren lankidetza eskatzeaz gain materiala lortzeko eta artxibo espezializatua sortzeko ‘funtsezko eragileak’ identifikatzeko, aurreikusita dago harreman proaktiboa izatea dagoeneko definituta dauden erakunde publiko edo pribatuen direktorio batekin, elkarrizketa telefonikoak edo pertsonalak egiteko, edo posta elektronikoz harremanetan jartzeko.
Halaber, tokiko entitatearen beraren guneak eta funtsak mapatuko dira, izan ere, hainbat administrazio-arlotan Udalak sortutako elementu ugari edo jardueren erreferentziak gordetzen ditu (programak, jaien espedienteak, kartelak, argazkiak, bideoak, etab.). Material guztiak aukeratzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan: antzinatasuna, benetakotasuna, balio historiko, artistiko edo estetikoa, balio sinbolikoa eta arriskuan egotea (kontserbazioa dela eta, edo espoliatzeko edo esportatzeko arriskuagatik), edo apartekoa edo ordezkaezina izatea.
Ekainaren erdialdean Udalak artxibora sartzen ahal diren pieza materialen zein inmaterialen, kokapenaren, egoeraren, jabetzaren, kontserbazio beharren eta abarren azterketa bat izanen du. Modu horretan, ‘Sanferminen artxibora’ sartzen ahal diren elementuak eta horiek kontserbatzeko beharreko lanak zehazten ahalko dira. Oinarri horrekin, funtsa ‘bizirik’ mantenduko duen plan zuzentzaile bat idatziko da, festari lotutako kultura-ondasun material eta inmaterialen gordailua aberastu eta kudeatzeko.