Hasi da ikasturtea Iruñeko Liburutegi Publikoetako 18 irakurketa-klubetan, eta horietako bostetan leku libreak daude

Hasi da ikasturtea Iruñeko Liburutegi Publikoetako 18 irakurketa-klubetan, eta horietako bostetan leku libreak daude
Sareko bi zinema-klubetan ere badaude lekuak: Milagrosakoan eta Sanduzelaikoan; azken hori frantsesezko zinema-kluba da
Biblioteca

 

Ostegunean abiatuko da ikasturtea Iruñeko Liburutegi Publikoetako irakurketa eta zinema klubetan, San Pedroko Liburutegi Publikoko irakurketa-klubeko lehen saioarekin, Joël Dickeren “La verdad sobre el caso Harry Quebert” liburuari buruz. Osasun-segurtasuneko arauetan izan diren aldaketek 18 irakurketa ikastaroetan (horietako 2 euskaraz), bi zinema-klubetan eta bi solasaldi tematikoetan aurrez aurreko saioak abiatzea ahalbideratu dute, eta denak normaltasunera itzuliko dira, batzuk urtebeteko geldiunearen ostean eta besteak denbora luzez online egin ostean.

Une hauetan leku libreak daude 5 irakurketa klubetan: Txantreako irakurketa errazekoan, Mendillorriko gaztelaniazko bietan, Milagrosako klubean, San Frantziskoko Liburutegi Publikokoan eta Sanduzelaikoetan, euskarazkoan zein gaztelaniazkoan. Kide berriendako tokia ere badago Milagrosako zinema-klubean eta Sanduzelaiko Liburutegi Publikoko frantsesezko zinema-klubean. Jarduera horietan parte hartzeko interesa dutenek liburutegira joan, telefonoz deitu edo eskaera-mezu elektroniko bat idatzi besterik ez dute egin behar.

Liburutegietako klubak zentro horiek egiten dituzten irakurzaletasuna sustatzeko jardueren parte dira, eta modu egonkorrean funtzionatzen dute urritik maiatzera. Batez beste, 15-20 kide dituzte, eta koordinazioaz arduratzen den pertsona batek zuzentzen ditu, normalean sortzaile edo erabiltzaile batek. Ikasturte honetan koordinatzaileak Sofía Villegas, Jesús García Salguero, Angel Erro, Santi Elso, Patxi Irurzun, Fertxu Izquierdo, Edurne Orce eta Maite Pérez Larumbe dira. Iruñeko Udalak, sareari babesa emanez, UNESCOk liburutegi publikoari buruzko 1994ko Manifestuan definitutako liburutegi publikoaren eginkizuna babesten du: "Liburutegi publikoa, ezagutzarantz joateko tokian tokiko atea, bizitzan ikaskuntzarako oinarrizko baldintza da, erabakiak modu independentean hartzeko eta gizabanakoaren eta gizarte-taldeen aurrerapen kulturalerako".

Interes-komunitateak: 300 pertsonatik gora

Klub guztiak batuz, 300 lagun baino gehiago elkartzen dira gutxienez hilean behin liburutegi batean liburuekiko edo zinemarekiko beren zaletasuna partekatzeko. Batzuk, gehienak, liburuzainek eskatuta sortu ziren. Beste batzuk, Yamaguchikoa kasu, erabiltzaileek proposatuta. Kontua da klubak urtean bederatzi edo hamar aldiz biltzen direla beren egoitzetan: eraikin exentuetan, beste eraikin batzuei atxikitako instalazioetan edo Civivox barruko espazioetan; Sanduzelai, Mendillorri eta Iturramako Civivoxetan, adibidez. Egun, klubik ez duen liburutegi bakarra Etxabakoitzeko Liburutegi Publikoa da, eta datorren ikasturterako martxan jartzea aztertzen ari dira. Eskaintza egonkor horri gehitu behar zaizkio Yamaguchiko Liburutegi Publikoko bi solasaldi tematikoak: japoniar kulturari buruzkoa, bata, eta komikigintzari buruzkoa, bestea.

Eztabaida-foroa delako eta aleek eskuragarri egon behar dutelako, irakurketa-taldeak ezin dira oso handiak izan; beraz, klub guztiek partekatzen duten beste ezaugarri bat da, oro har, itxarote-zerrenda dagoela, nahiz eta ikasturte honetan 18 horietatik 6 leku libreekin hasten diren. Parte hartzeko, ohikoena, erreferentziako liburutegiarekin harremanetan jartzea da. Liburuzainek eskaera jasoko dute eta interesdunei jakinaraziko zaie leku libreak geratu ahala. Ikasturte hasierarekin batera, irailaren 15etik, liburutegiak ohiko ordutegira bueltatu dira. Denak astelehenetik ostiralera daude zabalik, 14:00etatik 20:00etara, San Frantziskoko Liburutegi Publikoa salbu, ordutegi zabaldua mantentzen baitu: 08:30etik 20:30era, astelehenetik ostiralera.

Panoramika bat: gaztelania, euskara, ingelesa

Txantreak, San Frantziskok eta Yamaguchik hiruna klub dituzte. Lehenengoan gaztelaniazko bi klub (leku guztiak beteta) eta ‘Irakurketa-errazeko klub’ bat, zenbait inguruabar direla medio irakurtzeko zailtasunak dituztenen gizarteratze eta irisgarritasunari lotutako jarduera. Irakurketa errazeko liburuak hizkera erraz eta argian idatzita daude, eta letra handian argitaratuak (hilean astearte bat, arratsaldez). San Frantziskoko Liburutegi Publikoan gaztelaniazko bi klubak beteta daude, eta euskarazkoan (ostegun bat hilean, 18:30ean, Angel Errok koordinatuta) oraindik badago lekua. Yamaguchiko gaztelaniazko hiru irakurketa-taldeak beteta daude.

Iturraman, Mendillorrin, Milagrosan eta Sanduzelain, bakoitzean bi klub daude. Iturraman lekuak beteta daude, gaztelaniazkoan zein inglesezkoan (2010etik abian dagoen Book Club-a), eta Milagrosan ere ez dago tokirik; Mendillorrin martxan dauden bietan izena emateko lekuak daude: astelehen eta astearteetan, 19:00etatik 20:30era, hilean behin, Sofía Villegasen eta Jesús García Salgueroren eskutik, hurrenez hurren. Sanduzelaiko irakurketa-klubetan ere leku libreak daude, bai gaztelaniazkoan (hileko lehen ostegunean, 20:00etan, Patxi Irurzunen eskutik) bai euskarazkoan (hileko hirugarren ostegunean, 19:00etan, Fertxu Izquierdoren eskutik). San Pedroko Liburutegi Publikoan, non saioak ostegunean hasiko baitira, irakurketa-talde bakarra dago eta leku guztiak beteta daude.

Zinema liburutegian

Irakurketa-klubez gain liburutegiek beste kultura-genero batzuetako maitaleak biltzen dituzte, zinea kasu, izan ere, gidoi asko literatura lanetan oinarrituta daude. Milagrosako Liburutegi Publikoan zinema-klub bat dute 2015etik, hainbat erabiltzaileren ekimenez sortua. Filmak klubeko parte-hartzaileek aukeratzen dituzte. Zinema-kluba hileko azken ostiraletan elkartzen da liburutegian eta film bakoitzaren aurkezpena txandaka egiten da. Filma ikusi ondoren, eztabaida egiten da. Leku libreak daude eta hileko azken ostiraletan elkartzen dira, 19:00etan.

Sanduzelaiko Liburutegi Publikoan zinema-klub bat dago, frantsesez. Ramón Herrerak koordinatzen du eta hileko hirugarren ostegunetan elkartzen dira, 19:00etan; une honetan urriaren 21etik aurrera (osteguna) ikusi eta komentatuko dituzten filmak aukeratzen ari dira.

Irakurketa-klubak leku libreekin

  • Txantreako Liburutegi Publikoa. ‘Irakurketa-errazeko kluba’, astearte bat hilean, arratsaldez.
  • San Frantziskoko Liburutegi Publikoa. Irakurketa kluba euskaraz. Ostegun bat hilean, 18:30ean, Angel Errok koordinatuta.
  • Mendillorriko Liburutegi Publikoa. Irakurketa-kluba gaztelaniaz. Astelehen bat hilean, 19:00etatik 20:30era, Sofía Villegasen eskutik. Astearte bat hilean, 19:00etatik 20:30era Jesús García Salgueroren eskutik.
  • Sanduzelaiko Liburutegi Publikoa. Irakurketa-kluba gaztelaniaz, hileko lehen ostegunean, 20:00etan, Patxi Irurzunen eskutik. Irakurketa-kluba euskaraz, hileko hirugarren ostegunean, 19:00etan, Fertxu Izquierdoren eskutik.

 

Iruñeko liburutegi publikoak

  • Etxabakoitzeko Liburutegi Publikoa

Aróstegui etorbidea, zk.g., beheko solairua. Telefonoa: 948 27 32 62

  • Iturramako Liburutegi Publikoa (Iturramako Civivoxaren barruan)

Ezkirotz kalea, 24. Telefonoa: 948 19 89 87

  • Mendillorriko liburutegi publikoa

Sarriguren kontzejuaren kalea, 3. Telefonoa: 948 16 28 47

  • San Frantziskoko liburutegi publikoa

San Frantzisko plaza, zk.g. Telefonoa: 948 21 05 24

  • Sanduzelaiko Liburutegi Publikoa (Sanduzelaiko Civivoxaren barruan)

Gortari Doktorearen kalea, 2. Telefonoa: 948 12 51 08

  • San Pedroko Liburutegi Publikoa (Monasterio Zaharraren eraikinaren barruan)

Ugaldeko Andre Maria kalea, zk.g. Telefonoa: 948 13 66 64

  • Yamaguchiko liburutegi publikoa

Yamaguchi plaza, 12. Telefonoa: 948 26 40 28

  • Txantreako Liburutegi Publikoa

Arriurdiñeta plaza, 4. Telefonoa: 948 14 98 82

  • Milagrosako Liburutegi Publikoa

Isaac Albéniz kalea, 8. Telefonoa: 948 24 54 60

 

¿Te ha sido útil esta página?