Gaur hasi da ikasturte berria Iruñeko Udalaren Haur Eskolen sarean. 0 eta 3 urte bitarteko 954 haur egun hauetan hasiko dira Udalak kudeatzen dituen 12 eskoletako 11etan dauden ikasgeletara joaten. Mendebaldea HEn gertatu zen bezala (orain irekita dago), Donibane Haur Eskola ez da ikasturte honetan irekiko, eraikina guztiz eraberritu behar baita.
Gaur goizean, Cristina Martínez Dawe Iruñeko Udaleko Hezkuntza, Berdintasun eta Kultur Aniztasuneko Alorreko zuzendaria eta Eunate Ayestarán Haur Eskolen Erakunde Autonomoko zuzendari kudeatzailea Mendillorriko Haur Eskolan izan dira ikasturteari hasiera ofiziala emateko. Eskolako zuzendariak lagunduta, bertako espazioak bisitatu dituzte, bereziki joan den ikasturtearen amaieran abian jarritako baratze-proiektu berritzailea, eta ikasle berriak ezagutzeko aukera izan dute.
Eskola horrek gaztelaniazko eredua bakarrik du eta 102 leku eskaintzen ditu 5 ikasgelatan. Udal-sareak gaztelaniazko eta euskarazko plazak eskaintzen ditu, eta horietako batzuek ingelesezko jarduerekin osatzen dira; eskaintza aldatu egiten da ikastetxe batzuetatik besteetara. Mendillorriko leku guztiak egonaldi osokoak dira, eta doakoak, udal-sareko gainerako haur eskoletan bezala. Haien haurrak Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Sarean eskolatzen dituzten familiek baldintza-baremo bat gainditu behar dute sartzeko, eta, sartuz gero, egonaldi osoko plazetan soilik ordaintzen dute jantokia. Sareko leku gehienak halakoak dira eta horiek dira eskaerarik handiena dutenak. Ikasturte honetan, hutsik geratu diren 13 lekuetatik 8 egonaldi erdikoak dira.
Ikasturte honetan, Mendillorri HEk inklusio-modulu bat izanen du 2-3 urtekoen ikasgelan, eta hezkuntzan espezializatutako figura bat izanen du ikasturte osoan, haren beharra duen adingabeari laguntzeko.
Guztira 265 profesionalez osatutako plantilla batek emanen diete arreta familiei eta haien seme-alabei ikasturte honetan, besteak beste hezitzaileek, psikologoek, gizarte-laneko figurek, sukaldeko, garbiketako eta bulegoetako langileek eta eskola bakoitzeko zuzendariek. Ikasturte honetan, Mendillorri HEk 15 hezitzaile, sukaldeko langile bat eta garbiketako bost laguntzaile izanen ditu Cecilia Orta Aguado zuzendariaz gain.
Ziklo naturala haien eskura
Haur Eskolak Erakunde Autonomoak adingabeekin lan egiteko ildo pedagogikoak ezartzen ditu ikasturtero.
Jasangarritasuna zeharkako kezka bat da, eta joan den ikasturtearen amaieran espazio berri bat ireki zen Mendillorri HEn: 105 bularreko ume, ibiltari eta nagusiri zuzendutako Zentzumenak lantzen izeneko hezkuntza-proiektu bat.
Ikastetxeko konpostontzitik ateratako konpostaz elikatzen den baratzea du eskolak. Egunero, adingabeen talde bakoitzak bere hondakinak (bazkariko fruta-azalak) eramaten ditu ontzi marroi batean; hondakinak eramaten dituztenak haurrak dira, talde bakoitzetik bi, eta egituratzailea gehitu eta ondoren mugitu egiten dute. Materia organiko horrekin ongarrituko dituzte baratzeak ekoizpenerako dituen 3 baratze-mailak eta esperimentazioko beste bat, egunero lantzen direnak. Hazitegiak ikasgelan edo jantokian egoten dira haurrek haien hazkundea ikus dezaten.
Baratze hori ingurumen-esperimentazioko proiektu bat da, eta eragin zuzena du ikasturtean zehar landareak birlandatzen laguntzen duten eta oporretan hazitegiak zaintzen dituzten familietan.
SAREAREN “ARGAZKIA” 2023-2024KO IKASTURTEAN
• Iruñeko Udalaren sareko eskola kopurua: 12. Ikasturte honetan Donibane HE itxita egonen da eraikina guztiz eraberritzeko.
• Eskolatzeak doan izaten jarraitzen du familiendako. Bakar-bakarrik jantokia ordaindu behar da egonaldi osoko lekuetan, errenta mailaren arabera.
• Matrikulak, guztira: 954
• Matrikula berriak: 506
• Aurreko urteetatik jarraitzen duten ikasleak: 435
• Sarean, guztira, 967 leku daude. Egonaldi erdiko 13 leku gelditu dira libre: 5 Goiz Ederren, 3 José María Huarten eta 5 leku Izartegin
• Sareko langileak: 265 profesional (hezitzaileak, psikologoak, gizarte-laneko figurak, sukaldeko, garbiketako eta bulegoetako langileak eta eskola bakoitzeko zuzendariak)
• Ikasturtearen hasiera: 2023ko abuztuaren 16an
• Ikasturte bukaera: 2024ko ekainaren 28an