
Martxoaren 14tik 25era, Iruñean Femkultur-en beste edizio bat eginen da; Iruñeko Udalaren diziplinarteko jaialdia da eta emakumeak, arte-sortzaile gisa, sormen artistiko garaikidean presente egotea eta aktiboki parte hartzea aldarrikatzen du. 2024an jaialdi horren laugarren edizioa izanen da, eta erreferentziazko bost sortzaile izanen dira bertan; haien lana eta sormen-prozesua nolakoa den erakutsiko dute eta sormen-garaikidean duten eskarmentuari buruz hausnartuko dute haien arte-proposamenen eta sormen-laborategien bidez.
Mahai-inguru bat, lau lantegi, poesia-errezitaldi bat musika elektronikoz lagunduta, antzezlan bat, dantza garaikideko saio bat, zinema eta arte-instalazio bat direla bide, Femkulturrek gai sakonak landuko ditu, hala nola emakumearen aitorpena kultura-sektorean eta espazio publikoan, genero-rolak artean, berdintasuna ekoizpen artistikoaren eremuan eta emakume artista, zuzendari, komisario, kudeatzaile eta abarren ahalduntze profesionala.
Eva Rufo (aktorea), Lula Amir (dantzaria eta koreografoa), Lucía Trentini (aktorea, antzerkigilea eta abeslaria), Lorena Ares (animazioko zuzendaria eta gidoigilea) eta Yolanda Úriz (artista multisentsoriala) izanen dira beren lanak erakutsi eta beren esperientzia-alorrei lotutako lanak eta lantegiak eginen dituztenak: olerkia, dantza, antzerkia, zinema, eta zentzumenak arte-hizkuntza gisa. Jaialdia Iturramako Civivoxean eta Kondestablen eginen da, eta jarduerak goizez eta arratsaldez izanen dira.
Martxoak 14: mahai-ingurua eta erakusketaren irekiera
Femkulturren aurkezpena gaur (osteguna) bertan izanen da, 19:30ean, Kondestable Civivoxean, mahai-inguru baten bidez. Bertan, edizio honetako protagonista diren sortzaileek emakume gisa sorkuntza garaikidean izandako esperientziak kontatuko dituzte, beren berezitasun eta ikuspegi artistiko ugarietatik. Saioan Eva Rufo, Lula Amir, Lucía Trentini, Lorena Ares eta Yolanda Urizek parte hartuko dute, eta Nerea Madariaga izanen da moderatzailea.
Gainera, goizean goizetik, Kondestableko ezkaratzean Artificial ecosystem instalazioa egonen da, Yolanda Urizen instalazio multisentsorial bat, soinuaren eta usaimenaren bitartekoak erabiltzen dituena, betiere teknologia digitalean oinarrituta, ingurune bereziak sortzeko tresna gisa. Egilearen arabera, ikusmenaren eta entzumenaren zentzumenei soilik erreparatzen dien paradigma digital berrian, zentzumen-estimuluak desagertu egiten dira. Krisi klimatikoaren aurrean, Artificial ecosystemek esperientzia sentsoriala erabiltzen du enpatia eta kontzientzia aktibatzen duten erresonantzia emozionalak sortzeko asmoz. Instalazioa martxoaren 24ra arte bisitatzen ahalko da, Kondestablen, Civivoxa irekita dagoen orduetan.
Bi lantegi eta errezitaldi bat ostiral eta larunbaterako
Hurrengo jarduera, martxoaren 15ean, ostiralarekin, Encarnar la palabra poética: cómo servir de canal al servicio de las maestras del placer izeneko lantegia izanen da. Bertan, Safo, Sor Juana Inés de la Cruz, Beatriz de Día, Christine de Pizan, Florencia Pinar, Teresa de Ávila, Gioconda Belli edo Ana Rossetti poeten ahotsak erabiliz, ahots horien zerbitzura gorputza, ahotsa eta sentsibilitatea nola jarri aztertuko da, eta poetika eta bertsoari buruzko lan teknikoagoa egiteko baliabideak zabalduko dira. Lantegia doan izanen da, 17:00etatik 21:00etara.
Larunbaterako proposamenak bi dira. Alde batetik, komunikazioari, kodeari eta hizkuntzari buruzko doako dantza-lantegia, Kondestable Civivoxean, 10:00etatik 13:00etara. Parte hartzeko aurrez izena eman behar da. Workshoparen asmoa da pieza den emaitza eszenikoa eragin duten tresnen eta praktiken kutxa partekatzea, mugimendua ikertzeko hiru ardatzekin.
Arratsaldean, Iturrama Civivoxean, 19:30ean, Eva Rufok Yo deseo aurkeztuko du, emakumeen ez-konfesioen errezitaldi elektronikoa. Bisitariek bidaia bat eginen dute, tartean Safo, Sor Juana Ines, Li Ye, Wallada, Hildegarda de Bingen, Hadewijch de Anberes, Hafsa Al-Rakunía, Beatriz de Día, Christine de Pizan, Florencia Pinar, Teresa de Ávila, Louise Labé, Gaspara Stampa eta Aphra Behn ezagututa. Prezioa hiru eurokoa da besaulkiko. Rufo RESADen, Abadiako Antzokian eta Roy Hart Nazioarteko Arte Zentroan (Frantzia) ikasitako aktorea da. Antzerki Klasikoko Konpainia Nazional Gaztearen lehen promoziokoa izan zen, eta talde egonkorreko lehen aktorea izan zen sei urtez. Zentro Dramatiko Nazionaleko, Teatro Españoleko, Teatro de La Abadiako eta telesail askotako ekoizpenetan parte hartu du.
Zinema eta dantza garaikidea asteari buru emateko
Igandean, hilak 17, bi saioak arratsaldeko ordutegian bilduko dira Kondestable Civivoxean. Arratsaldeko 18:00etan Hanna y los monstruos (Espainia, 2023, 76’) animaziozko filma proiektatuko da. Filma publiko guztiendako da, 2024ko Goya sarietarako izendatuta egon da, eta beti argiak ez diren gizakien eta munstroen arteko harremanak kontatzen ditu. Lorena Aresen lehen film luzea da, eta proiekzioan egonen da eta ondoren ikusleekin solasean arituko da. Ares zuzendaria, gidoilaria eta animazioko gainbegiralea da, eta taldeak gainbegiratu ditu izen handiko proiektuetan, hala nola Las Golondrinas de Kabul eta Tiny toons Looniversity. Dr. Platypus & Ms. Wombat estudioetako zuzendarietako bat da eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea da.
19:30ean, dantza garaikidea, testua eta keinua izanen dira proposamenak Kondestablen, Lula Amirren eskutik, Un naufragio obran. Amir sortzaile independentea, dantzaria eta koreografoa da, esparru ez akademikoan trebatua, nazioarteko eszenako hainbat figurarekin. Lan honetan, sortzaileak duintasunari buruz hausnartzen du, eta galeraren kontzientzia noiz izaten den galdetzen dio bere buruari. Emanaldiaren prezioa hiru euro da.
Datorren asteburuan
Femkulturren jardueren bigarren zatia hurrengo asteburuan kontzentratzen da. Yolanda Uriz Artificial ecosystem instalazioaren arduradunak lantegi multisentsorial bat emanen du usaimen-arteari buruz, Kondestablen. Martxoaren 23an izanen da, larunbatarekin, 10:00etatik 13:00etara, eta doan, aurrez izena emanda. Saioa usaimenaren esanahia arte-hizkuntza gisa ulertzeko sarrera gisa eratzen da. Horrela, usaimen-artearen adibideak ezagutuko dira eta sentsibilizazio- eta komunikazio-dinamikak eginen dira adierazpen-bitarteko hori erabiliz.
Igandean, hilak 24, Femkulturren kultur proposamena Iturramako Civivoxera lekualdatu eta Lucía Trentini aktore, zuzendari, antzerkigile eta abeslari uruguaitarraren Elektra. Bizarra y doméstica opereta para cocina obra taularatuko da, 19:30ean. Trentinik hamar bat autore-ikuskizun estreinatu ditu bere zuzendaritzapean, Latinoamerikako eta Europako hainbat jaialditan aktoreekin eta musikariekin obrak uztartuz. New Yorkeko Lincoln Center Theater Directors Lab-eko eta Uruguaiko Arte Eszenikoen Institutu Nazionalak bultzatutako zuzendaritza eszenikoko proiektuko kidea da. Konpositore gisa antzerki-obretarako soinu-banda askotan lan egin du, zineman ere sartuz eta aldi berean bere bakarkako proiektua garatuz, non sustraiko musika eta elektronika nahasten dituen bere abestietan.
Elektraren urtebetetzea da, 37 urte betetzen dituen antiheroia, eta oraindik ez du bere independentzia ikusten, tragedia bat. Prekarietatean murgildurik, bere amarekin bizi behar du, doluan, erdiguneko apartamentu batean, eta bere aitaren heriotzagatik damutzen da, Orestes, bere anaia, mendekua hartzera noiz etorriko zain. Sukaldean, pastel bat prestatzen duten bitartean, Elektrak porrot egiten du etengabe ama hiltzeko ahaleginean, mitoak ezartzen duen bezala, eta depresioan hondoratuta, bere heriotzarekin amets egiten du. Sarrera 3 eurokoa da eserlekuko.
Zikloko azken jarduera
Femkultur zikloaren azken jarduera Lucia Trentinik emanen duen El grito del deseo antzerki lantegia izanen da. Jarduera martxoaren 25ean (astelehena) eginen da, Iturramako Civivoxean, 17:00etatik 21:00etara. Doakoa da, aldez aurretik izena eman behar den arren, eta asmoa unibertso pertsonalen bilaketan bakarka murgiltzea da, esperientzia eszeniko baten konposizioa bultzatuko duten intsumoetan.
FEMKULTUR. IV. EDIZIOA
Martxoak 14 – 25
Kondestable Civivoxa eta Iturramako Civivoxa
Martxoak 14 – 24
- Zentzumen anitzeko INSTALAZIOA: Yolanda Uriz, Artificial ecosystem
Kondestable Civivoxa
Martxoak 14, osteguna
- MAHAI-INGURUAKondestable Civivoxa. 19:30. Doan, aurretik izena emanda
Martxoak 15, ostirala
- LANTEGIA: Cómo servir de canal al servicio de las maestras del placer
Iturramako Civivoxa. 17:00 – 21:00 Doan, aurretik izena emanda
Martxoak 16, larunbata
- DANTZA-LANTEGIA: Komunikazioa/kodea/hizkuntza
Kondestable Civivoxa. 10:00 – 13:00. Doan, aurretik izena emanda
- Emakumeen ez-konfesioen ERREZITALDI ELEKTRONIKOA
Eva Rufo, Yo deseo
Iturramako Civivoxa. 19:30. 3 euro
Martxoak 17, igandea
- ANIMAZIO-ZINEMA ETA TOPAKETA ikusleekin
Lorena Ares, Hanna y los monstruos
Kondestable Civivoxa. 18:00. Doan, aurretik izena emanda
- DANTZA GARAIKIDEA, TESTUA ETA KEINUAK
Lula Amir, un naufragio
Kondestable Civivoxa. 19:30. 3 euro
Martxoak 23, larunbata
- ZENTZUMEN ANITZEKO LANTEGIA
Usaimen-artea
Kondestable Civivoxa. 10:00 – 13:00. Doan, aurretik izena emanda
MARTXOAK 24, IGANDEA
- ELEKTRA. BIZARRA Y DOMÉSTICA OPERETA PARA COCINA
Lucía Trentini, Elektra
Iturramako Civivoxa. 19:30. 3 euro
Martxoak 25, astelehena
- ANTZERKI LANTEGIA
El grito del deseo
Iturramako Civivoxa. 17:00 – 21:00 Doan, aurretik izena emanda