Hasi da Europako Mugikortasunaren Astea, bizikleta-ibilaldiekin eta bizikleta elektrikoen zerbitzua eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuen sistema ezagutzeko saioekin

Hasi da Europako Mugikortasunaren Astea, bizikleta-ibilaldiekin eta bizikleta elektrikoen zerbitzua eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuen sistema ezagutzeko saioekin
Ostiral honetatik irailaren 22ra bitarte, Iruñeko Udalak 20 jardueratik gora antolatu ditu mugikortasun jasangarriari buruz
movilidad

 

Aduanako zokoko bizikleta elektrikoen geltokian emanen zaio hasiera gaur arratsaldean Europako Mugikortasunaren Asteari. Bizikleta elektrikoak alokatzeko zerbitzua probatzeko saio batekin, hain zuzen ere. Iruñeko Udalak irailaren 16tik 22ra hogei jardueratik gora antolatu ditu mugikortasun jasangarria sustatzeko asmoz. Lehenbiziko egunetan bizikletaz ibiltzeko jarduerak izanen dira nagusi, eta larunbatean keinu bat eginen zaio ibilgailu elektrikoari.

Gaur arratsaldean (17:00etatik 20:00etara), eta larunbat eta igande goizean (11:00etatik 14:00etara) bizikleta elektrikoen zerbitzua erabiltzeko behar den informazio guztia emanen da Aldi baterako txartelen bidez aukera emanen da hiriko auzo ezberdinetan instalatu diren 42 geltokietako bitan bizikletak probatzeko. Ostiralean, Aduanako zokoko bizikleta-geltokian probatuko dira, eta, asteburuan, Antoniutti parkeko bizikleta-geltokian. Hiriko bizikleta elektrikoak alokatzeko sistema kudeatzen duen Ride On Pamplona enpresaren laguntzarekin eginen dira saioak.

Larunbatean eta igandean, 10:00etatik 12:30era, bizikleta ibilaldiak antolatu dira halaber, hiriko ziklo-sarean barna. AMTS – Garraiobide Osasungarrien Elkarteak gidatuko ditu ibilaldi horiek, eta aldez aurretik izena ematea gomendatzen da, movilidad@pamplona.es helbidean. Larunbateko ibilbideak hiriaren iparraldeko auzoetara eramanen ditu parte-hartzaileak, Alde Zahar, Txantrea, Arrotxapea, Sanduzelai eta Buztintxurira, eta igandean, hiriaren hegoaldera, Zabalgune, Donibane, Mendebaldea, Iturrama eta Lezkairun barna ibiltzeko. Gazteluko plazan hasi eta amaituko dira ibilbideak. Ibilbide gidatu horiek Iruñeaz beste modu batez gozatzeko aukera emanen dute, eta modu aktiboan, seguruan eta jasangarrian mugitzeko ibilbideak diseinatzen ere lagunduko dute, segurtasunez zirkulatzeko ezagutzak jasotzen diren bitartean.

Gazteluko plazan bertan, bizikletak ikuskatu eta doitzeko doako gune bat ere egonen da asteburuan. Ciclos Martinen laguntzarekin, doako zerbitzua eskainiko da transmisioa, balaztak, gurpilak... doitu eta bestelako konponketa txikiak egiteko.  Larunbatean eta igandean karpa bat jarriko da, 11:00etatik 14:00etara bitarte, Karlos III.aren etorbideko hasieran.

Ibilgailu elektrikoendako kargaguneen funtzionamendua

Hala ere, asteburua ez da bizikleta bidezko mugikortasunera mugatuko. Larunbatean mugikortasun elektrikoari lotutako jarduera bat antolatu da ibilgailu elektrikoak ezagutzeko eta nola kargatzen diren ikasteko. Premin de Iruña pasealekuan eginen da saioa, 11:00etatik 14:00etara, Barañaingo etorbideko bidegurutzean dagoen kargagunearen ondoan.

Iruñeko ibilgailu elektrikoendako kargaguneen sarearen enpresa adjudikazioduna den Vilalta Green Energy arduratuko da jendeari arreta egin eta kargaguneen erabilerari buruz dituzten zalantzak argitzeaz.  Ibilgailu Elektrikoen Erabiltzaileen Elkarteak (IEEE-AUVE) bere topaketetako bat eginen du; era horretan, erakusketara doazenek ibilgailu elektrikoen erabileran izan duten esperientzia ezagutzen ahalko dute.
Gainera, Iruñerriko Mankomunitateak eta Iruñeko Udalak haien flotako ibilgailu elektriko batzuk erakutsiko dituzte.

¿Te ha sido útil esta página?