Harresietako Jaialdiak ostiralean amaiera emanen die zirku-arteen ikuskizunei Ziudadelan, Lucas Escobedo konpainiaren ‘YOLO’ ikuskizunarekin

Harresietako Jaialdiak ostiralean amaiera emanen die zirku-arteen ikuskizunei Ziudadelan, Lucas Escobedo konpainiaren ‘YOLO’ ikuskizunarekin
22:00etan hasiko da, sarrera librea da, iritsitako hurrenkeraren arabera, eta ateak saioa hasi baino 45 minutu lehenago irekiko dira



Festival de las Murallas


‘YOLO’ akronimo bat da, “You Only Live Once’’ (Behin bakarrik bizi zara) esaldiarena, hain zuzen. Bizitzari kantu egiten dio lanak zirkuaren eta musikaren bidez, eta bidean topatzen ditugun errealitateei buruz hitz egiten du, taldearen babesa, berdinen babesa bereziki azpimarratuz. Valentziako Lucas Escobedo konpainiaren ikuskizun honek amaiera emanen die bihar, ostiralarekin, Harresietako Jaialdiko ikuskizunei Ziudadelako agertokian. Saioa 22:00etan hasiko da, eta sarrera librea da, iritsitako hurrenkeraren arabera. Barrutiko ateak 45 minutu lehenago irekiko dira.

‘YOLO’-k hainbat egoera aurkezten ditu, itxuraz ezinezkoak, zenbait zirku-diziplinen bidez, hala nola akrobaziak, malabareak, aireko teknikak eta umorea. Ikuskizunak, zirku-, musika- eta interpretazio-teknikak batzeaz i gain, ikuskizuna sortzeko oinarri gisa erabili diren zenbait balio barne hartu eta antzezpenean adierazten ditu, esaterako autokonfiantza, jarraikitasuna, arriskua eta adiskidetasuna. Eskailerek eta gora jo eta igotzeko aukera ematen duten egiturek osatzen dute eszenografia. Jantziteria, aldiz, Sorolla pintorearen unibertso estetikoan murgiltzen da, eta gogora ekartzen ditu Valentziako arroz-soro eta albuferan egiten ziren eguneroko lanetan erabiltzen ziren arropa eroso eta xumeak.

Muntaketa honek 2019ko FETEN sarietan Formatu Handiko Ikuskizunik Onenaren Saria eta Soinu Espazio Onenaren Saria irabazi zituen. Halaber, Espainiako Antzokien Sareko katalogoan Ikuskizun Gomendatu hautatu zuten.

Lucas Escobedori buruz

Ikuskizun hau Valentziako Teatre Escalanteren eta Diputazioaren ekoizpen bat da, Lucas Escobedo konpainiak gauzatua. Konpainia hau 2011n sortu zen, ‘Boiiiing’ izeneko bakarkako lehen sorkuntzarekin. Bultzatzaile nagusia Lucas Escobedo da, Alacanteko diziplina anitzeko artista, zeinak hala zirkuaren eta malabareen nola antzerkiaren munduko eragina baitu, bereziki maskara-antzerkiarena, txotxongiloena eta objektuen antzerkiarena. Ibilbide profesionalaren hasieran hainbat konpainiatan aritu zen: Tragaleguas Teatro, Circo de los Horrores, Teatro Circo Price, Román y Cía, La Société de la Mouffette, Cía. La Debacle eta NueveunoCirco. Ikus-entzunezko zenbait proiektutan ere parte hartu zuen: TVEko ‘El Conciertazo’, Carlos Sauraren ‘Io Don Giovani’ eta ‘El Secreto de Puente Viejo’.

2013an ikuskizun berria estreinatu zuen: ‘Habitación 801’. Lan horrek Zirku-ikuskizunik Onenaren Sarirako izendapena jaso zuen 2018an, Valentziako Erkidegoko Arte Eszenikoetako Sarietan, eta nazioarteko zein nazioko antzoki eta jaialdi nagusietan egon izan da harekin. Zuzendari ere aritu da, besteak beste, Cía Aérea, La Finestra Nou Circ, Cía Acrobacia Mínima eta La Trócola Circ konpainietan. Azken honen ‘Emportats’ ikuskizunarekin 2018ko Feten Gauetako Ikuskizunik Onenaren Saria irabazi zuen, baita 2018ko Valentziako Erkidegoko Arte Eszenikoen Sarietako Zirku-ikuskizunik Onenaren Saria ere, eta 2018ko Arte Eszenikoetako MAX Sarietarako hautagai izan ziren, Ikuskizun Berririk onena modalitatean.

 

Harresietako jaialdia. Ziudadela

  • Abuztuak 21, ostirala. 22:00
    • ‘YOLO’. LUCAS ESCOBEDO
    • Zirkua
    • Sarrera librea, iritsitako hurrenkeraren arabera. Barrutiko ateak ikuskizuna hasi baino 45 minutu lehenago irekiko dira.
¿Te ha sido útil esta página?