
Harresietako Jaialdia Iruñeko udako programaziora itzuli da, erreferentziazko lau ziklorekin: Bost Punta, Iruña Ilunabarrean, Dantza zoroan eta Zoroen gaua. Zirkua, musika, dantza, kaleko arteak, akrobaziak, zientzia, artea eta teknologia berriak uztartuko dira hiriko harresietan abuztuaren 5etik 23ra bitarte, adin guztietako jendeari zuzenduta dagoen eta sarrera librea duen askotariko eskaintza zabalean. Informazio guztia Kulturako webgunean kontsultatzen ahal da.
Aurten, berritasun gisa, inaugurazio-ekitaldia eginen da abuztuaren 5ean: Jazoerak dantza-ikuskizunarekin emanen zaio hasiera, Iruñearen fundazioaren 2.100. urteurrena ospatzeko bereziki sortua. Kukai Dantza taldeak zuzeneko musika eta dantza eskainiko ditu, txalapartarekin eta beat boxarekin eta saxofoiaz eta akordeoiaz lagunduta, Martin Harriague Baionako koreografoarekin eta Adriana Bilbao dantzariarekin lankidetzan. Dantzetan euskal kulturaren eta kultura flamenkoaren erritmoak fusionatzen dituzte, Ezpata Dantza, fandangoa eta Jauziak uztartuz, besteak beste.
Ekitaldi hori eta programaren gainerako atalak, zeinak 18 ikuskizun barne hartzen baititu guztira, gaur aurkeztu dituzte prentsaurrekoan Iñigo Gómez Eguíluz Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zuzendariak, Belén Álvarez Bost Punta zikloaren arduradunak, David Ballano Basarte Ilunabarrean programaren arduradunak eta Carmen Larraz Dantza Zoroan eta Zoroen Gaua zikloen arduradunak. Programak 136.700 euro inguruko aurrekontua du.
Harresietako Jaialdian Bost Punta zikloko kaleko arte- eta zirku-ikuskizunak Ziudadelako ohiko agertokietan eginen dira; O-ko Andre Maria plazan, Iruña Ilunabarrean zikloko ikuskizunak, dantza, musika eta teknologia, zientzia eta jasangarritasunarekin uztartuz; Zaldi Zuriaren eta Barbazán Apezpikuaren ingurabidearen inguruan Dantza Zoroan zikloko dantza garaikideko proposamenak, eta Jito Alai pilotalekuan, Zoroen Gaua zikloko gaueko musika saioak eginen dira.
Akrobaziak Ziudadelan
Ziudadelako barrutian Bost Punta zikloa eginen da astearte, asteazken eta ostegunetan, 20:00etan; Kukai Dantza taldearen Jazoerak inaugurazio-ikuskizuna eta abuztuaren 20ko (asteazkena) , La Banda TC-ren Yûgen ikuskizuna, berriz, 21:00etan hasiko dira. Bederatzi ikuskizun artistikok osatzen dute barrutiaren izar-formari izena zor dion zikloa, eta aurten ikusleak engaiatzen dituzten ikuskizun motz baina bizien aldeko apustua egin da.
Inaugurazio-ekitaldiaz gain, lehenengo astean, programaren barruan Manomano konpainiaren Noso3 zirku-ikuskizuna ere eginen da asteazkenean, masta txinatarraren, objektuen manipulazioaren eta antzerki fisikoaren teknikak uztartuz. Ostegunean Circuspunto konpainiaren Somos ikuskizuna eginen da: unibertso berezi horretan, bertakoek mugimenduaren, akrobaziaren eta dantzaren bitartez ulertzen dute elkar.
Bigarren astean, abuztuaren 12an (asteartea), Cia Seon konpainiak Infinit taularatuko du, akrobaziak, Washington trapezioa, clown-a eta dantza dira umore existentzialistaren zurrunbilo horren osagaiak, pertsonaia xelebre eta burugabe batzuen eskutik. Asteazkenean, hilak 13, Zirkun Zirko taldeak Loratzen antzezpenez, musikaz eta umore askoz jantzitako ikuskizuna eskainiko du, loratzen ari diren loreen eta bizitzen inguruan. Ostegunean, Eunoia kolektiva taldearen Tenet lanak itxiko du astea: formatu handiko ikuskizuna da, eta zortzi akrobata eta musikari bat arituko dira agertokian: lagun batzuk oreka akrobatikoak eginen dituzte grabitatea desafiatuz eta jolasean ari direla, pentsaraziko digute nola ikusten dugun gure inguruko errealitatea.
Hirugarren asteari hasiera emanen dio Zirkozaurre konpainiaren Ardatzak ikuskizunak, zeinak diaboloekin, pilotekin, zibekin, kanikekin eta txapekin haurtzaroa baitakar gogora, Gorka eta Imanol malabaristek jira eta bira ibili behar baitute egonkor egoteko. Abuztuaren 20an, asteazkenarekin, 21:00etan, La Banda TC taldeak Yûgen ikuskizuna eskainiko du, zirku garaikidea, akrobaziak, malabarak eta dantza uztartzen dituena eta argi-ilunen denbora-espazioetan dabiltzan hiru arimen elkartzea erakutsiko diguna. Abuztuaren 21ean, ostegunarekin, Faltan7 konpainiak Sinsolo ikuskizuna taularatuko du. Egoera komikoen, pertsonaia kutunen eta zenbait zirku-teknikaren bidez, hala nola bertikalak, porteak, bizikleta akrobatikoa eta masta, ikuskizun horrek nabarmentzen du zer garrantzitsua den naturarekiko lotura eta zer baliotsua den norbanako bakoitza, baita bere esperientzia eta emozio berdingabeak ere.
Ostiraletan, zientzia eta teknologia O-ko Andre Maria plazan
Iruña Ilunabarrean zikloak udako ostiraletako ilunabarrak baliatzen ditu zientzian, teknologia berrietan eta energia berriztagarrietan oinarritutako kultur jarduerak eskaintzeko. Eguzkiaren energia garbia energia elektriko bilakatzen du zientziak, behar-beharrezkoa teknologia berrien funtzionamendurako, eta teknologia berriak, bere aldetik, funtsezkoak dira sorkuntza artistikoetan eta egungo gizartearen heziketan.
Zikloa osatzen duten hiru saioak O-ko Andre Maria plazan eginen dira, 20:00etan, abuztuaren 8tik 22ra bitarteko ostiraletan, eta dantza, antzerkia, arte plastikoak, musika, sormen-lantegiak, dantzaldi sozialak eta teknologia berriak txandakatuko dituzte. Abuztuaren 8an, ostiralarekin, Zuk Performing Arts taldeak QTA eskainiko digu, Jorge Oteizaren Quousque tandem...! saiakeran oinarrituriko eszena batzuez osatuta, bai eta haren ibilbide artistikoan garrantzitsuak izan diren lan eta kontzeptu artistiko batzuen beste irudi batzuk ere. La Corcoles taldeak abuztuaren 15ean, ostirala, Carena ikuskizuna aurkeztuko du, orekari batzuen proposamen ausart, intimo eta gozoa. Zirkuari antzezpenetik eta plastikatik heltzen diotenez, indar handia hartzen dute eszenetako irudien sinbologiak eta sugestioak, antzerki-dantza oinarri hartuta. Zikloa ixteko, Alodeyá taldeak Rube fisika eta zirkua fusionatzen dituen ikuskizuna ekarriko du:fisikaren legeak oinarri hartuta, milisegundoan programatutako argi-mazoekin, diaboloekin, pilotekin eta hodi imanduekin egindako malabarak dira, bi malabar-ingeniariren eskutik.
Dantza garaikidea Zaldi Zurian eta Barbazán Apezpikuaren ingurabidean
Harresietako Jaialdia Zaldi Zuriaren zokoan eginen da abuztuaren 9an, 16an eta 23an, 20:00etatik aurrera, dantza eta gorputz-adierazpena ohikoak ez diren espazioetara ekartzeko. Carmen Larraz dantzari eta koreografoak zuzendutako parkour-talde batek gidatuta, ikusleek Barbazán Apezpikuaren ingurabidean barnako harresiko hainbat puntutan eginen diren ikuskizunez gozatzeko aukera izanen dute.
Aurtengo programazioan nazioko zein nazioarteko konpainien aldeko apustua egin da, ibilbide finkatua duten taldeen zein talentu berrien aldekoa. Hauek dira aurtengo nazioarteko konpainiak: Matteo Bittantik (Italia) genero-estereotipoak kolokan jarriko dituen ikuskizuna aurkeztuko du; Fabio Liberti taldeak (Herbehereak) nazioarteko hainbat sari jaso ditu, eta harreman-mendekotasuna esploratuko du bere piezan; Laura Daelemans konpainia belgiarrak lengoaia minimalista erabilita emozioak nola transmititu esploratzen du, eta Ferenc Fehér konpainiak (Hungaria), estilo librea eta dantza garaikidea uztartzen ditu.
Tokiko taldeei dagokienez, Galiziako La Macana konpainiaz gozatzeko aukera izanen dugu: Ven opera prima aurkeztuko du, duela 10 urte jaialdia inauguratu zuen lana eta nazioarteko hainbat sari jaso dituena; halaber, aukera paregabea izanen da Lasala nazioan zein nazioartean ezaguna den gipuzkoarren proiektu koreografikoa ezagutzeko, eta Alba D. Miguel errioxarraz gozatzeko, arte performatiboetan, dantzan eta koreografia-zuzendaritzan espezializatutako diziplina anitzetako artista.
Jaialdiak Nafarroako konpainien aldeko apustua ere egiten du, hala nola Alba Duarte eta Urtxi Esparza: Nafarroako Artista Gazteen Topaketetan irabazle izan zen lana aurkeztuko dute; bestalde, Anouar Merabetek, beste behin ere, vogue dantza-pieza batekin emanen dio amaiera edizioari.
Musika elektronikoko larunbatak Jito Alai pilotalekuan
Zoroen gaua Harresietako Jaialdiaren parte izanen da hirugarren urtez jarraian: abuztuaren 9tik 23ra bitarteko larunbat gauetan, 23:00etatik 02:00etara. DLC Kultur irabazi-asmorik gabeko elkartea arduratuko da ikusleak dantzatzera eta musika elektronikoa sentitzera gonbidatzen dituen gune horretako programazioaz. Elkarteak Iruñeko hainbat kolektiboren musika elektronikoari lotutako arlo guztietako proiektuak sustatzen ditu.
Musika-programazioak tokiko zein nazioko artisten zuzeneko saioak eta DJ Set delakoak uztartzen ditu. Lehenengo saioa Canela En Surco (Bartzelona) taldeko Breixo Martínezek irekiko du, Amerikako house eta disco estiloetako musika-hautaketa batekin, eta ondoren Piek & Rapha mundi arituko da, Buenobueno Discos (Iruña) zigilukoa. Bi talde horiek osatuko dute Zoroen Gaua zikloaren lehenengo saioa, estilo zehatzetatik urruntzen den proposamen batekin eta denboraz kanpoko musika elektronikozko hautaketa ausartarekin.
Bigarren saioko artistak honako hauek izanen dira: Oma Totem, Bartzelonako musika-eszenako kide aktiboa, eta Bendiak & Dstant, Iruñean aritzen den eta musika elektronikoaren eszenako hainbat Djek osatzen duten EMA Kolektiboko kidea. Azken egunean Alvva, Bartzelonan bizi den eta dantzalekuetako kulturaren elementuak uztartzen dituen Djak irekiko du gaua, eta, amaitzeko, Acid loverz rocks taldea arituko da,acid house, techno, electro, dub eta beste genero batzuez osatutako Nafarroako musika esperimentaleko proiektua.
2025EKO HARRESIETAKO JAIALDIA. ABUZTUAK 5 – 23
BOST PUNTA Ziudadela. Abuztuak 5 – 21. Astearte, asteazken eta ostegunetan. 20:00etan (abuztuaren 5eko eta 20ko ikuskizunak salbu)
Abuztuak 5, asteartea, 21:00etan:Jazoerak Kukai Dantza
Abuztuak 6, asteazkena: Noso3 Manoamano
Abuztuak 7, osteguna: Somos Circuspunto
Abuztuak 12, asteartea: Infinit Cia Seon
Abuztuak 13, asteazkena: Loratzen Zirkun zirko
Abuztuak 14, osteguna: Tenet Eunoia kolektiva
Abuztuak 19, asteartea: Ardatzak Zirkozaurre
Abuztuak 20, asteazkena, 21:00etan:Yûgen La banda TC
Abuztuak 21, osteguna: Sinsolo Faltan7
IRUÑA ILUNABARREAN. O-ko Andre Maria plaza. Abuztuak 8 – 22. Ostiraletan. 20:00etan
Abuztuak 8, ostirala: QTA Zuk Performing Arts
Abuztuak 15, ostirala: Carena La Corcoles
Abuztuak 22, ostirala: Rube Alodeyá
DANTZA ZOROAN. Zaldi Zuria - Barbazán Apezpikuaren ingurabidea. Abuztuak 9 – 23. Larunbatetan. 20:00etan
Abuztuak 9, larunbata:
Ven. La Macana. Galizia
Animi. Matteo Bittante. Italia
Don’t, Kiss. Fabio Liberti. Danimarka / Italia
Abuztuak 16, larunbata:
Burnt. Cía Lasala. Gipuzkoa
Grietas. Alba D. Errioxa
Tales to Disturb. Laura Daelemans. Belgika
Abuztuak 23, larunbata:
Imago. Ferenc Feher. Hungaria.
Porque sabe lo que pienso. Alba Duarte eta Urtxi Ortega. Nafarroa.
Vogue. Anuar Merabet. Nafarroa
ZOROEN GAUA. Jito Alai. Abuztuak 9 – 23. Abuztuak 9 – 23. Larunbatetan. 23:00 – 02:00
Abuztuak 9, larunbata:
23:00. Abu Sou eta Breixo Martínez. Canela en surco. Escola Records. Bartzelona
00:30. Piek & Rapha Mundi. Buenobueno Discos. Iruña
Abuztuak 16, larunbata:
23:00. Oma Totem. Hivern Discos. Bartzelona
00:30. Bendiak & Dstant. E.M.A. kolektiboa Iruña
Abuztuak 23, larunbata:
23:00. Alvva. Bartzelona eta Donostia.
00:30. Acid loverz rocks. Iruña