
Iruñeko harresietan, abuztuaren 4tik (asteartea) 22ra (larunbata), Harresietako Jaialdiaren beste edizio bat antolatuko da, eta Bost Punta, Iruña Ilunabarrean, Dantza zoroan eta Zoroen gaua zikloek osatuko dute egitasmoa. Ziudadela, O-ko Andre Maria plaza, Zaldi Zuriaren zokoa eta Jito Alai agertoki naturalak izanen dira zirku-akrobaziak, musika, dantza, antzerkia, artea eta teknologia berriak bertan antolatzeko. Adin guztietarako jarduerak dira eta sarrera librea da. Programazio osoa Iruña Kultura da webgunean kontsultatzen ahal da.
Programak 18 hitzordu barne hartzen ditu guztira, eta gaur (astelehena) prentsaurrekoan aurkeztu dute Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako eta Kiroleko Alorreko zuzendariak, Belén Álvarez Bost Punta zikloaren arduradunak, David Ballano Basarte Ilunabarrean programaren arduradunak eta Carmen Larraz Elorriaga Dantza zoroan eta Zoroen gaua zikloen arduradunak. Harresietako Jaialdiak 140.000 euro inguruko aurrekontua du.
Bost Punta jaialdiak abuztuaren 4an (asteartea) emanen dio hasiera programazioari, 20:00etan, Ziudadelako barrutian. Abuztuaren 20ra (osteguna) bitarte, kale- eta zirku-ikuskizunak, eta dantza, jauziak eta akrobaziak uztartuko dira. Hauek dira lehenengo asterako proposatzen diren ikuskizunak: masta txinatarra, jauziak eta akrobaziak barne hartzen dituen 1er KM, ADM konpainiaren eskutik; zirku garaikideko En ruta (Bidean) eta Aske, Capicua eta Asvin & Pia konpainien eskutik hurrenez hurren.
Bigarren astean, Alas Circo konpainiaren Cateura ikuskizunak gizon-emakumeok naturan dugun eraginari eta mundu jasangarriagoa eta atseginagoa eraikitzeko apustuari buruz hausnartzeko gonbita eginen du; La Côte Folle konpainiaren Entre bous i vaques (Basoen eta behien artea) ikuskizunak, berriz, elkarlaguntza jorratuko du sentikortasunez eta umorez. Hirugarren asteak ikuskizun hauek barne hartzen ditu: zirku garaikidea zaurgarritasuna eta arriskua esploratzeko baliatzen duen Antes de caer (Erori aurretik), Barreto y La Victoria konpainiaren eskutik; umorez, musikaz eta energiaz betetako Sinfonika Afonika, Zirika Zirkus konpaniaren eskutik; lan-munduari begirada zentzugabea eta kritikoa egiten dion Pifia (Hanka-sartzea), Totapedra konpainiaren eskutik; eta pertsonek planetan dugun eragin positibo zein negatiboaz kontzientziatzeko gonbita egiten duen Gaïa, Bivouac konpainiaren eskutik.
Ilunabarrak, O-ko Andre María plazan
Ostiraletan, ilunsentiarekin bat eginez, Ilunabarrak Iruñean zikloaren txanda da: kaleko arteei, dantzari eta musikari buruzko hiru ikuskizun dira, eta eguzki-energia baliatuz garatzen dira teknologikoki, zientzia, artea, teknologia berriak eta energia berriztagarriak bateratuta. Hiru proposamenak O-ko Andre Maria plazan eginen dira, 20:00etan, abuztuaren 7tik 21era bitarte. Ikuskizun hauek osatzen dute zikloa: Enrique del Castilloren Umbráfono (Unbrafonoa), Margarida Montenÿ-ren Blue eta Iron Skulls Co konpainiaren Famulus 4.0.
Umbráfono (Unbrafonoa) Enrique del Castilloren proiektua da: 2 irakurgailu optikok soinu bihurtuko dituzte zelula fotosentikor batzuen gainean islatzen diren argi-kinadak. Argi-sorta batek zeluloidezko film-euskarri bat zeharkatzean sortzen dira argi-kinada horiek, halako moduan non soinu harmonikoak, zaratak, soinu-ehundurak eta atmosferak lortzen baitira. Margarida Montenÿ-ren Blue ikuskizun intimo eta inguratzailea da, ikusleak oholtzako tramankuluetan sartzera gonbidatzen dituena. Performance honetan atmosfera ukiezin bat eraikitzen da, non hauskortasuna eta erresistentzia elkarrekin bizi diren, eta emakumearen gorputzaren indarra den lanaren ardatz nagusia. Iron Skulls Co konpainiaren Famulus 4.0 ikuskizunak dantza garaikidearen sentikortasuna eta hiri-dantzen indarra antzerkiarekin batera uztartzen ditu, mugimenduaren mugak hausteko.
Dantza zoroan, Aldi Zuriaren zokoan
Bueltan da Dantza zoroan, gune ireki eta ezohikoetan dantza egiteko dantza-jaialdi ibiltaria: Zaldi Zurian eta Barbazán Apezpikuaren ingurabidean antolatuko da abuztuaren 8tik 22ra bitarteko larunbatetan, arratsaldeko 20:00etan. Egun bakoitzean hiru proposamen daude, eta ikuskizun hauek osatzen dute lehen proposamena: The Concept konpainiaren Nakama, Carmen Fumero & Dácil Gonzálezen A ojo (Begi hutsez) eta Qabalum konpainiaren Todo este ruido (Zarata hau guztia). Carmen Larraz dantzari eta koreografoak zuzendutako parkour-talde batek gidatuta, ikusleek Barbazán Apezpikuaren ingurabidean barnako harresiko hainbat puntutan eginen diren ikuskizunez gozatzeko aukera izanen dute, eta Zaldi Zuriaren zokoa izanen da abiapuntua.
Aurtengo edizioko programazioa prestigio handiko estatuko eta nazioarteko konpainiek osatzen dute, baita hasi berri diren sortzaileek ere. Proposamenen artean nabarmentzekoa da Greziako Danae & Dionysios konpainiarena: taldeak bost kontinenteetan barna egin du bira, nazioarteko hainbat sari jaso ditu eta Uncia ikuskizuna aurkezten du, metamorfosia eta gorputzek etengabe eraldatzeko duten gaitasuna inspirazio-iturri dituen sorkuntza. Halaber, kubatar jatorriko Bartzelonako The Concept konpainiak hartuko du parte: Nakama aurkeztuko du, adiskidetasun-, kidetasun- eta laguntasun-loturari erreferentzia egiten dion termino japoniarrean inspiratutako sorkuntza.
Estatuko sortzaileei dagokienez, Madrilen bizi diren Carmen Fumero & Dácil González kanariarrak ditugu: A ojo (Begi hutsez) aurkeztuko dute, ikusle-entzuleak pertzepzioaz eta begiradaz hausnartzera gonbidatzen dituen sorkuntza. Eta Valentziako Erkidegotik Eyas Dance Project konpainiaren Júpiter + Jaguar, basatasuna, sentsualitatea eta jolasa uztartuta askatasunerantz eta hedapenerantz bidaia egiten duen proposamena. Horrez gain, Wonderground konpainiak The Falling Man taularatuko du, eroriko fisikoaren, galera emozionalaren eta talde-memoriaren arteko lotura esploratzen duen dantza akrobatikoko bakarkakoa.
Qabalum konpainia nafarrak ere parte hartuko du: Todo este ruido (Zarata hau guztia) taularatuko du, eta bertan korapilatu, gainjarri eta drone baten inguruan orbitatzen duten bi interprete arituko dira. Aimar Odriozolaren konpainiak Hau zulo hontan taularatuko du, bost dantzarik dantzaturiko proposamena, eta bertan dantza eta antzerkia hiri-espaziora egokitzen dira, kalea eszenatoki bizi bihurtuta. Anouar Merabet ere, Polina Tiabutekin batera, parte-hartzaileetako bat izanen da: El eco en la línea (Oihartzuna lerroan) eskainiko dute, eta bertan akademia eta disidentzia bateratzen duen mugimenduaren kartografia marrazteko beren ibilbideak gurutzatzen dituzte. Nafarren programazioa osatzeko, Erain konpainiak Sin fichero adjunto (Fitxategi erantsirik gabe) taularatuko du, ziurgabetasunari, jarraibide faltari eta jarraitu beharreko bidearen etengabeko bilaketari buruz hausnartzen duen proposamena.
Zoroen gaua, Jito Alai pilotalekuan
Musika elektronikoa eta dantza izanen dira nagusi abuztuak 8tik 22ra, 23:00etatik 02:00etara, DLC Kultur kolektiboarekin bigarren urtez jarraian elkarlanean antolatutako Zoroen Gauean. Gune horretan dantzaz esperientzia kolektibo gisa gozatzera gonbidatzen zaie ikusleei, doan, musika elektronikoaren kulturari eta dantzalekuari topatzeko, adierazteko eta ospatzeko toki gisa balioa emateko.
Lehen egunean Bobby García, Discos Paradiso eta Ope Loeb agertokiei lotutako DJa arituko da, Uk bassen indarra dub eta break estiloekin uztartzen dituena. Bigarren larunbatean Hermetica arituko da, Amsterdanen bizi eta biniloaren kulturari estu lotutako DJa, baita Kenya Arakama ere; Bartzelonan bizi den Gasteizko artista horren doinuak Detroiteko eta Erresuma Batuko tradizio elektronikotik datoz. Azken egunean Bihotza izanen da protagonista, darkwavea, minimala, ravea, techno mantsoa eta soinu progresiboaren soinu-unibertsoan dabilena, eta amaitzeko Neska DJ eta produktorea dator: Amsterdamen bizi da eta set inguratzaileak sortzen ditu, musika klasikoa, jazza eta punkaren eraginak bat eginda.
2026KO HARRESIETAKO JAIALDIA. ABUZTUAK 4 – 22
BOST PUNTA Ziudadela. Abuztuak 1 – 20. 20:00
- Abuztuak 4, asteartea: 1er Km (1. km). ADM konpainia. Akrobaziak eta masta txinatarra
- Abuztuak 5, asteazkena: En ruta (Bidean). Capicua konpainia. Aireko zirkua
- Abuztuak 6, osteguna: Aske. Asvin&Pia konpainia. Zirku garaikidea
- Abuztuak 10, astelehena: Cateura. Alas Circo konpainia. Akrobaziak, airekoak, keinuzko antzerkia eta gauzen antzerkia
- Abuztuak 11, asteartea: Entre bous i vaques (Basoen eta behien artean). La Côte Folle konpainia. Zirkua, altxatzeak eta dantza
- Abuztuak 17, astelehena: Antes de caer (Erori baino lehen). Barreto eta La Victoria konpainiak. Zirku garaikidea
- Abuztuak 18, asteartea: Sinfonika Afonika. Zirika Zirkus konpainia. Antzerkia, zirkua eta umorea
- Abuztuak 19, asteazkena: Pifia (Hanka-sartzea). Totapedra. Zirkua, akrobaziak eta klowna
- Abuztuak 20, osteguna: Gaïa. Bivouac konpainia. Zirku garaikidea eta akrobaziak
IRUÑA ILUNABARREAN. O-ko Andre Maria plaza. Abuztuak 7 – 21. Ostiraletan. 20:00
Abuztuak 7, ostirala: Unbrafonoa. Enrique del Castillo Musika, fisika, matematika
Abuztuak 14, ostirala: Blue Margarida Montenÿ. Aireko akrobazia eta fisika
Abuztuak 21, ostirala: Famulus 4.0. Iron Skulls Co konpainia Dantza, AA, robotika
DANTZA ZOROAN. Zaldi zuria, Barbazán Apezpikuaren ingurabidea, Jito Alai pilotalekua. Abuztuak 8 – 22. Larunbatetan. 20:00
Abuztuak 8, larunbata:
Nakama. The Concept konpainia
A ojo (Begi hutsez). Carmen Fumero eta Dácil González.
Todo este ruido (Zarata hau guztia). Qabalum konpainia
Abuztuak 15, larunbata:
Júpiter + Jaguar. Eyas Dance Project
The falling man. Wonderground
Hau zulo hontan. Aimar Odriozola
Abuztuak 22, larunbata:
El eco en la línea (Oihartzuna lerroan). Anouar Merabet & Polina Tiabut
Sin fichero adjunto. (Fitxategi erantsirik gabe) Erain
Uncia Danae & Dionysios
ZOROEN GAUA. Jito Alai. Abuztuak 8 – 22. Larunbatetan. 23:00 – 02:00
Abuztuak 8, larunbata:
23:00. Ope Loeb.
00:30. Bobbu García
Abuztuak 15, larunbata:
23:00. Hermética
00:30. Kenya Aracama
Abuztuak 22, larunbata:
23:00. Bihotza
00:30. Neska