
Ziudadela, eta Frantziako eta Arrotxapeko gune gotortuen aurrealdeak eta Parmako Bastioiaren eta San Domingoko aldaparen ingurua izan dira 2023an harresiak mantentzeko kontratuaren esku hartzeko lehentasunezko eremuak. Horiez gain, udaberrian Magdalenako zubian lanak egin ziren eta, Santu Guztien aurretik, hiriak Pablo Sarasateri eskainitako Mausoleoan.
Oro har, garbiketa-lanak eta landaredia kentzeko lanak izan ziren, baina Armadaren etorbidetik Ziudadelara sartzeko guardia-gorputza ere itxi egin da, lubanarroetara sartzeko maila bat jarri da berriro, eta Errege Bastioian, berriz, lerroaren erremate-estalki bat. Hegaztien aurkako sistemak ere jarri dira zenbait tokitan, eta esku-hartzeetan fauna autoktonoa kontuan hartu da, faunan espezializatutako biologo baten laguntzarekin. Ohiko garbiketaz bestelako lanen artean, Parmako bastioian, ibaira begira dagoen isurialdean, ainguraketa-puntuak jartzea eta hiriko ingurune turistikoenean (entzierroaren ibilbidean) esku hartzea dira nabarmenenak.
Asistentzia- eta obra-kontratu misto horrek 2014az geroztik harresi-multzoa garbitasun- eta kontserbazio-egoera ezin hobean mantentzeko eta harresi-esparruaren eta Erdi Aroko zubietan jarduteko aukera ematen duen sistema gisa funtzionatu du, hondatze naturalagatik, sustraiek eta landarediak eragindako kalteengatik edo beste edozein arrazoirengatik, garbitu, konpondu edo ordezkatu behar izan direnean. Gaur egun, azken luzapenean dago abenduaren 31ra arte, eta, beraz, 2024an berriro lizitatu beharko dira 2025etik aurrerako lanak.
Kontratatutako enpresak (kasu honetan, Construcciones Leachek) urtero gotorlekuen 5 kilometroak, Ziudadela eta Erdi Aroko lau zubiak (Magdalena, San Pedro, Santa Engrazia eta Miluze) etengabe konpontzen eta mantentzen ditu, udal-teknikarien ikuskaritzapean. Kontratuak lan horiei lotutako lan osagarriak ere barne hartzen ditu, hala nola igeltserotza, lorezaintza edo harresien inguruko instalazioak. Programatutako eta programatu gabeko zeregin guztietarako urteko zenbatekoa 150.000 eurokoa da.
Ziudadelako 19.300 m2 eta Magdalenako zubia
Iruñeko gaztelu modernoa edo Ziudadela, gehien esku hartu izan den gotorlekuetako bat izan da beti, haren neurriengatik eta herritarrek esparrua eta bertako eraikinak maiz erabiltzen dituztelako. Harrizko elementu batzuk (eskailera-maila, estalkia eta galtzada-harriak) ordezkatzeaz gain, Armadaren etorbideko sarrerako atearen gainean dagoen guardia-gorputza garbitu, tratatu eta forjaketa-hesi batekin itxi da, istripuak eta bandalismoa saihesteko. Ziudadelan kanpoko horma-atalak garbitu dira (bastioiak eta bastioien arteko errezelak, besteak beste) 18.460 m2 osatu arte, eta barrualdeko poternen aurrealdean 845 m2.
Gainera, 2022an barrualdeko lau kasernetan (bonben aurka babestutako gangak) usoen aurkako proba pilotu bat egin ondoren, espazioa osatzen duten beste zortzi kasernetan jardun zen iaz. Elementu horiek eta Sorospen Aterainoko irteerako tunela altueran errematatuta daude gargola bikoitzez, eta gargola horiek usoen habiek eta gorotzek nabarmen hondatuta zeuden. Probak frogatu zuenez, artzain elektriko gisa ezagutzen denaren antzeko sistema bat jartzeak ondo funtzionatzen zuen horiek uxatzeko, eta, horregatik, 2023an, sistema osatu egin da. Labriteko bastioiko zirimarako horma-hobian (Frantziako aldean) usoen aurkako ohiko dispositiboa jartzeko apustua ere egin da.
Harresiak habitat gisa erabiltzen dituzten espezie autoktono edo babestuei dagokienez, iaz saguzarretan eta uretako hegazti eta espezieetan aditua den biologo batekin harremanetan jarri zen Udala, Magdalenako zubian landaredia kentzeko eta garbitzeko lanak planifikatzeko, espezieen ziklo naturaletan eraginik izan ez dezan.
Harresien aurrealdeak
Iaz, enpresa adjudikaziodunak lan berezia egin zuen Arrotxapeko eta Frantziako harresien aurrealdeetan, eta elementu berezi gisa sartu zituen Frantziako portalea eta San Bartolome gotorlekua, gaur egun Iruñeko Gotorlekuen Interpretazio Zentroa dena.
San Bartolome gotorlekutik katedralaren atzealdetik Frantziako portaleraino doan eremuan garbiketa-lanak egin dira, gotorlekuan, Labrit eta Redingo bastioietan, Guadalupeko beheko bastioian eta Frantziako portalean. Azken puntu horretan, gainera, kota baxuenean dagoen atari horretako arkua ixten duen egurrezko ateari tratamendua eman zaio, eta ateburua alderik alde zeharkatzen zuten egurrezko habeak ordeztu dira. Jito Alai inguruan ere lan egin da (Labrit pilotalekuaren albo batean); horma-ataleko kaltzifikazioak eta pintaketak eta Corten altzairuzko barandak garbitu dira, aluminiozko silikatozko partikulak proiektatuz.
Udalak kontratatutako enpresak, garbiketa bertikalean espezializatutako langileen laguntzarekin, zezen-plaza eta Labriteko aldapa banatzen dituen harresiko horma-atalean esku hartu du. Eraikin Singularreko lubanarroak (1.720 m2) garbitu dira, baita Taconerako bastioiko eta San Rokeko errebelinekoak ere.
Entzierroaren eta Parmako bastioiaren ingurua
Sanferminen aurretik, harresiei lotutako gune turistikoenetako batzuetan jarri zen lanen arreta: Parmako bastioiko inguru guztia, Jauregiko Lorategiak (Nafarroako Artxibo Nagusiaren oinean), Aldapako San Fermin elizaren ingurua, Zakatineko horma eta San Domingoko aldapa. Entzierroko hesiaren zutoinak sartzeko balio duten hiru oinarri ere egin dira.
Gune horretan, nabarmentzekoa da Parmako bastioiko ainguraketa-puntuak jarri direla, aurrerantzean mantentze-lanak errazteko. Iruñeko Udalak 2022ko ekainean amaitu zuen elementu gotortu horren zaharberritze osoa. Berreskuratu gabe zegoen hiriko harresi-sistemaren azken gotorleku handia zen.
Garrantzi bereziko ondasunetarako berariazko kontratua
Iruñeko multzo gotortua XVI. eta XVII. mendeen artean eraiki zen. XIX. mendean gainbeheran sartu zen, artilleriaren aurrerapenen eta hiri-bilbea handitzea eskatzen zuen hazkunde demografiko handiaren aurrean eraginkortasunik ez zuelako. Iruñeak gertaera handi gisa ospatu zuen 1915etik 1921era bere harresien zati bat eraitsi izana.
Hala ere, laster egin zen hiriko gotorleku-sistemari balioa emateko aldarria. 2005etik hona, Udalak jarduketa-plan garrantzitsua sustatu du gotorleku osoa berreskuratzeko eta haren ingurunea hobetzeko. Iruñeko harresiak, bere garaian defentsa-funtzioa zela eta hesi zirenak, aisialdirako leku eta Iruñeko kultura- eta ingurumen-ondarea integratzeko elementu dira gaur egun. Kontratu honen helburua da balio horiek indarrean mantentzea eta hiriaren harresi-sistemaren aurpegirik onena eskaintzea.