Harrizko blokeak eta erdi aroko tresnak erabiliko dituzte irudikatzeko nola sortzen ziren , nola zizelkatzen ziren Donejakue bideko eliza eta katedralak apaintzen dituzten kapitelak. Ostiral honetan, 19:00etan, Katedraleko Errefektorioan hitzaldi bat eginen da, eta ondoren, Katedralean ere eginen den erakustaldi baten bidez garaia testuinguruan kokatu eta urte santu honetan Donejakue bidearen inguruko hargin artisauen lanbidea iradokiko da. Sarrera librea izanen da, bi tokietan leku guztiak bete arte.
Carmen Alba Turismoko zinegotzi bereziak, Juan Ramón Corpas Orreagako Kolegiataren Lagunen Elkarteko lehendakariak eta Miguel Sobrino eskultore eta marrazkilariak gaur goizean aurkeztu dituzte Erdi Aroko hargintzari buruzko hitzaldia eta lantegia, Nafarroako hamabi kultur elkartek antolatutako ‘Nafarroako Donejakue bideak. Guztionak, guztiontzat’ zikloaren barruan. Programak 40 hitzaldi inguru, errezitalak, kontzertuak eta beste hainbat jarduera barne hartzen ditu, eta abuztuaren 30etik irailaren 10era bitarte eginen dira Iruñean, Orreagan, Garesen, Los Arcosen, Lizarran, Tuteran eta Elizondon.
‘La reinvención de la escultura en la edad media’ izenburupean, Miguel Sobrinok Erromanikoan harrizko eskultura monumentalaren agerpenaren testuingurua azalduko du hitzaldi batean, eta baita berrasmatze horren aurrekariak eta ondorioak ere, zeinean baliabide teknikoek funtsezko papera izan baitzuten. Donejakue bideak bereizgarri du, besteak beste, gordetzen duen Erdi Aroko ikaragarrizko ondare artistikoa. Eskultura erromanikoaren obrarik garrantzitsuenetako batzuk daude Donejakue bidean, hala nola Jacako katedraleko portadak, Iruñeko klaustro zaharreko edo San Martín de Frómistako kapitelak, eta Santiago de Compostelan dagoen Loriaren Elizpea.
Asko idatzi da eskultura erromanikoaren sinbolismoari buruz, eskolei eta lantegiei buruz... Baina ez hainbeste garai hartako eskulturak egiteko moduari buruz, eta, bereziki, eskulturaren artea garai erromanikoan berragertzeak suposatu zuenaz. Izan ere, XI. mendearen erdialdetik aurrera galdutako arte bat berreskuratu egin zen, hau da, harrizko eskultura monumentala, Erromaren gainbeheratik ia desagertua zena. Hitzaldiaren ondoren, bertaratutakoei hargin eta eskultoreek erabiltzen dituzten tresnak erakutsiko zaizkie, eskulangintzarako antzinatik ia aldatu ez direnak. Harri mota ezberdinak ere erakutsiko dira eta lanketa erakustaldi txiki bat eginen da hainbat tresnarekin (eskafiladorea, punta-zizela, gradina, zizela, harmailua, trepanoa), parte-hartzea eta publikoarekin solastea bilatuz.
Miguel Sobrinori buruz
Miguel Sobrino González, eskultore eta marrazkilaria, artearen historia eta arkitekturaren alorrean ikerketan eta dibulgazio-lanetan ere aritzen da. 2004az geroztik laborategiko teknikari lana egiten du Madrilgo Arkitekturako Goi Eskolan (UPM), eta ETSAMeko (MURCPA) Ondare Arkitektonikoaren Kontserbazio eta Leheneratze Masterrarekin elkarlanean aritzen da.
Eskultore gisa harrizko eskultura-elementuak zizelkatu ditu, besteak beste, honako leku hauetarako: Segoviako Alkazarra, Madrilgo Gaviria jauregia, Bilboko Arriaga Antzokia, Medina de Pomarreko harresiak, San Cebrián de Mazoteko eliza mozarabea eta Joaquín Díaz de Urueña Fundazioa. Halaber, zaharberritze-lanetan aritu da Manzanedo eta Terradillos de Esguevako eliza erromanikoetan (Burgos), Madrilgo Apoloren iturrian eta Juan Valerari egindako monumentuan, eta Leongo Katedralean, besteak beste, eta Ávilako katedralerako txosten teknikoak egin ditu.
Marrazkilari gisa, batez ere arkitektura eta hirigintza historikoaren irudikatze eta berreratzean aritu da batez ere, eta hainbat liburu eta aldizkaritan parte hartu du ilustratzaile gisa. Bere jatorrizko marrazkiak zein horien kopiak hainbat tokitan daude, besteak beste, Espainiako Ondare Historikoaren Institutuan, Cervantes Institutuko egoitza nagusian, Barajaseko gazteluan, San Isidro Museoan, Valdeiglesiaseko monasterioan, Coraceraren gazteluan, Medina del Campoko Ferien Museoan, Córdobako Bainu Kalifaletan, Gasteizko Arkeologia Museoan, Donostiako San Telmo Museoan eta Toledoko Santa Cruz Museoan.
Donejakue bidea sakonago ezagutzea
Hamabi elkarte batu dira ‘Nafarroako Donejakue bideak. Guztionak guztiontzat’ zikloa gauzatzeko, zeinak Donejakue bidea sakonago ezagutzea xede baitu, harekin lotutako hainbat gairen bitartez. Hitzaldietan askotariko gaiak dituzte hizpide, hala nola, artea, historia, literatura, eskultura, kongregazio erlijiosoak, hirigintza, Bidearen zein erromesen babes juridikoa, eta baita teknologia berriak eta Donejakue bidea ere. Errezitaldi eta kontzertuek, bestalde, musika estiloen bilakaeran sakontzen dute, gaztelania, euskara, portugesa, ingelesa edo kitxua bezalako hizkuntzetan, Donejakue bidearen unibertsaltasuna erakusteko.
Orreagako Kolegiataren adiskideen elkarteak eta Dos Navarras elkarteak izan dira programaren koordinatzaileak eta bertan parte hartu dute Nafarroako Donejakue Bidearen adiskideen elkarteek (Urdazubi eta Baztango Donejakue bidearen adiskideen elkartea, Orreagako Kolegiataren adiskideen elkartea, Nafarroako Donejakue Bidearen adiskideen elkartea, Lizarrako Donejakue bidearen adiskideen Elkartea,Gareseko Donejakue bidearen adiskideen elkartea, Los Arcoseko Donejakue bidearen adiskideen elkartea eta Tuterako Donejakue bidearen adiskideen elkartea), Europako Mugimenduaren Nafarroako Kontseiluak, Donejakue bideko Kazetarien Ligak, Nafarroako Kazetarien Elkartearen bitartez, eta Nafarroako Abesbatzen Elkarteak. Zikloa Iruñeko, Tuterako eta Los Arcoseko Udalen elkarlanarekin egin da.