Batez beste 20 bat urte dituzten 14 mutil eta 3 neska Andre Dona Maria bastioiko kasamatako patioko lanak egiten ari dira. 8 hilabete daramatzate Iruñeko Udalaren Landaben Prestakuntza Zentroko Hargintzako eta Biltegiaren Kudeaketako Lantegi Eskolan trebatzen, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak (NEZ) kofinantzatutako ekimenaren barruan. Urtebete barru, gutxi gorabehera, 792 prestakuntza-ordu eginen dituzte eta 1. mailako bi profesionaltasun-ziurtagiri eskuratuko dituzte.
Esku-hartze hori lantegi-eskolen gizarte-ekintzaren parte da, hau da, parte-hartzaileek hiriaren alde egiten dituzten lanen parte, soldata bat kobratzen baitute ikasteagatik. Gaur goizean, Lehendakaritzako Udal Batzordea lanak nola doazen bertatik bertara ezagutzera joan da. Lan horietan, kasamataren eta barneko patioaren paramentuko (mihiseak) junturak garbitu eta berdintzeaz gain, gotorlekuko kaserna batean dagoen “Lidia Biurrun” eztei-aretoaren kanpoaldeko harrizko zoladuran eta Mistoen Eraikinetik eta Labetik hurbil dagoen barneko bidean, 80 bat metro karratutan, hartxintxarraren ordez garreztatze-teknikaz tratatutako galtzada-harriak jarri dira.
Hargintza espezialitateak tradizio luzea du Iruñeko Udalaren enplegurako prestakuntza-ekimenen artean, 1986an abian jarri zenetik irakasten baita. Zehazki, lantegi-eskola 2008az geroztik egiten ari den lana da gaur egun gotorlekuak dituen zazpi kasamaten patioak garbitu eta zaharberritzea. Maiatzetik ari dira obran lanean, eta orain, eguraldia lagun, azken asteak aprobetxatzen ari dira. Gizarte ekintzako gainerako jarduerak udaberrian berrabiaraziko dira. Lantegi-eskolen helburu nagusia ikasleak lan-merkatuan sartzeko prestatzea da.
Horretarako, lantegi-eskolak irauten duen bitartean, ikasleek honako hauek jasotzen dituzte: ofizioari buruzko berariazko prestakuntza, profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzeko trebakuntza, eta gizarte-trebetasunetako, enplegua aktiboki bilatzeko, Laneko Arriskuen Prebentzioko eta Berdintasuneko prestakuntza. Halaber, “gizarte-ekintza” deitutako aldian, ikasleek haien ikasketa-eremuko lanak egiten dituzte hiriko zerbitzuak eta guneak hobetzeko. Prestakuntza-aldi osoa ordaindua da, lehenengo beka baten bidez, eta ondoren, soldata baten bidez.
Edizio honetan, lantegi-eskolako 17 pertsonetatik 13 Iruñekoak dira eta 4 Iruñerrikoak; horietako bik Atzerriko Identifikazio Zenbakia (AIZ) dute. Parte-hartzaileetako 15ek Lehen Hezkuntzako edo DBHko lehen zikloko ikasketa-maila dute, eta beste bik DBHko lau mailak edo LHko goi-mailako gradu bat.
Zaharberritze- eta birjarpen-lanak
Patioetan, oro har, lantegi-eskolek egiten dituzten zaharberritze-lanak zoruko sastrakak kentzea eta paramentuen azaleko garbiketa egitea dira, ondoren, goiko parteko motzondoak kentzeko. Aldez aurretik, pintadak kentzen dira, eta, hortik aurrera, egoera onean ez dauden harrien arteko junturak pikatzen dira. Ondoren, harlanduak harea eta karezko morteroz elkartzen dira, mihiseak gainazal uniformearekin gera daitezen, pitzadurarik eta zartadurarik gabe.
Halaber, harresiaren goiko partea berrikusten da, eta hautsitako harlanduak baldin badaude, ordeztuko dituztenak prestatzen dira, hormaren gailurrean mugitu direnak berriz lerrokatzeaz gain. Ez da hori esku-hartze honen kasua; izan ere, bi patioko goiko aldea kontserbazio-egoera onean dago. Amaitzeko, ohikoena da, zaharberritze-lanak aprobetxatuz, argi-sistema eguneratzeko behar diren elementuak prest uztea.
Jatorrizko hamar patioetatik zazpi mantentzen dira
Kasamata edo bunker terminoak erreferentzia egiten die defentsa-armaren bat edukitzeko egitura militarrei. Zazpi patio baxu edo kasamata-patio daude Ziudadelan. Egitura horien eginkizun nagusia zen artilleria-piezak gordetzea eta horien ondoko hormak eta hurrengo bastioiaren alboko horma defendatu behar zituzten tiratzaile-postuak kokatzea.
Iruñeko Ziudadelan 10 izan beharko lukete. 1888an eraitsitako San Anton bastioiaren bi kasamata-patioak falta dira, eta urte horretan bertan zati batean suntsitutako Garaipen bastioiaren patioetako bat desagertu da. Horrela, azken bastioi horren kasamata-patio bat kontserbatzen da, eta osorik daude Errege, Andre Dona Maria eta Done Jakue bastioietakoak. Zazpietatik hiruk (Garaipen-, Errege- eta Andre Dona Maria bastioiak), irteera bikoitza daukate, hala barrutiaren barrualdera nola Ziudadelako lubanarroetara, hau da, ateratzeko ateak ertzetan mantendu dira. Filipe II.aren gotorlekuaren trazaduran dagoen Andre Dona Maria bastioiak hego/hego-ekialde orientazioa du.
Baztanen garreztatutako galtzada-harriak
Eskola garatzen ari den lanen artean ezohikoenetako bat barruko bideetako zoladuraren ordez galtzada-harriak jartzea da, patioetara sartzeko tuneletan jarritakoaren antzeko lurzorua, duela bi hamarkada egin zen zaharberritzean Iruñeko Udalak hura aukeratu baitzuen. Lantegi-eskolak Baztanen erosi du harri naturala, Harri.Lan Hargintza-enpresan, baina akabera berezia emanda: garreztatua.
Teknika hori harriari tenperatura altuetan ematen zaion tratamendu termiko bat da, itxura beiraztatua eta nolabaiteko erliebe duen gainazal zaharkitu eta zimur bat lortzeko. Beroaren eraginez talka termiko bat gertatzen da, eta harriaren lehen geruza lauza eta printzetan askatzen da. Prozesu hori mekanizatua da.
Guztira, kalkarenita-kareharrizko 80 metro karratu galtzada-harri jarri dira, 20 eta 30 cm arteko luzerakoak, 14 eta 18 cm arteko zabalerakoak, eta 15 cm-ko lodierakoak. Ikasleek hartxintxarra kendu dute, eta zementuzko morteroarekin prestatu dute lurra , piezak bertan sartzeko. Gero, galtzada-harrien junturak zementuz eta ofitazko harea beltzez aberastutako morteroz egin dira, azken akabera emateko.
LANTEGI-ESKOLAKO LANAK KASAMATA-PATIOETAN
- 2008–2010ean Errege-bastioiaren eskuineko kasamatara sartzeko tuneleko zoladura egin zen (Arma Aretoaren atzealdean)
- 2014–2015ean Andre Dona Maria bastioian esku-hartu zen (sukalde zaharra)
- 2017–2018an Garaipen bastioian egin zen esku-hartzea
- 2019–2021ean Done Jakue bastioiaren eskuineko kasamata-patioan esku-hartu zen
- 2022–2023an Done Jakue bastioiaren ezkerreko kasamata zolatu zen eta Errege-bastioiaren ezkerreko kasamata-patioaren paramentuak garbitu ziren
- 2024-2025: Andre Dona Maria bastioiko eskuineko kasamataren patioko paramentuak garbitzea, sarrerako tuneleko zoladura junturak berdintzea eta Ziudadela barruko hareazko bide perimetralaren zati bat zolatzea
Adierazitako urteak lantegi-eskolen edizioen garapen-aldiei dagozkie