Hamar emakumek eta gizon batek jaso dituzte Iruñeko Udalak eta AFAN elkarteak bultzatutako dementziak jotako pertsonak etxean artatzeko ikastaroko diplomak

Hamar emakumek eta gizon batek jaso dituzte Iruñeko Udalak eta AFAN elkarteak bultzatutako dementziak jotako pertsonak etxean artatzeko ikastaroko diplomak
Hamaikagarren aldiz egin den prestakuntza horri esker, profesionalak gaitzen dira pertsonak zaintzeko esparruan aritzeko, eta profesional horien laguntza behar dutenei ematen zaien arreta hobetzen da
Irudia
Irudia
Irudia

Gaur goizean eman zaio amaiera ‘Dementzia duten pertsonei arreta etxean emateko prestakuntza’ ikastaroaren hamaikagarren edizioari. Ikastaroa ixteko, gaitasuna egiaztatzen duten diplomak eman zaizkie 10 emakumeri eta gizon bati. 11 pertsona horietatik, gehienek 34 urte baino gutxiago dituzte, 7 latinoamerikarrak dira, 1 Georgiakoa, 1 Marokokoa, eta 2k nazionalitate espainiarra dute.

11 pertsona horiek 126 orduko prestakuntza teknikoa jaso dute urriaz geroztik Udalaren lokaletan (Artika kalea z.g.). Ikastaro horrek zati praktiko bat ere izaten du; izan ere, parte-hartzaileek 20 orduko prestakuntza egiten dute Iruñeko Udalaren Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan, eta, horrez gain, prestakuntza-saio bat egiten dute ELZko teknikariekin dementzia duten pertsonendako dauden baliabideen berri izateko.

Txema Mauleón Echeverría Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkariak eta Miguel Angel Lerga Nafarroako Alzheimer Gaixoen Senitartekoen Elkarteko (AFAN) presidenteak ikastaroa bukatutzat eman dute eta ikasleei lortutako diplomak banatu dizkiete. Ikasleen ordezkari batek ere hitz egin du. Edizio honetan, azpimarratzekoa da ikasleek profesionalizazioarekin duten konpromisoa; izan ere, parte hartu duten 11 lagunetatik 9k adierazi dute arlo horretan prestakuntza jasotzen jarraitu nahi dutela.

Nafarroako Alzheimer Gaixoen Senideen Elkartea irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta bi egoitza ditu, Iruñean eta Tuteran. Pazienteei eta senideei informazioa, prestakuntza eta laguntza ematea du helburu, gaixotasuna eramangarriagoa izan dadin, bai eta Alzheimerra eta beste dementzia batzuk ikertzen dituzten ekimen guztiak babestea ere. Dementzia duten pertsonak beren etxeetan zaintzen dituzten pertsonen kualifikazioa urrats garrantzitsua da gaixoen zaintzaren kalitatea hobetzeko eta egoera horietan dauden familiei laguntzeko.

Prestakuntza eta lan-bitartekotza
Udalaren eta AFAN elkartearen arteko egungo hitzarmenean zehazten da Udalak 7.000 euro emanen dituela urtean, eta AFANek etxeko zaintzan espezializatutako pertsonak jarriko dituela prestakuntza egiteko, metodologia aktibo eta parte-hartzailean oinarrituta, eta ikus-entzunezko teknikak erabiliz klase teorikoetan eta saio praktikoetan. AFANek jorratutako gaien artean honako hauek nabarmendu nahi ditugu: dementzia duten pertsonen ezaugarriak, familian duten eragina, erizaintzako oinarrizko zainketak eta zaintzaile profesionalaren trebetasunak eta gaitasunak. Aurrekoez gain, ikasleek etxeko enpleguari eta zeharkako gaitasunei buruzko edukiak jaso dituzte Koine Equalitas fundazioaren eskutik.

Alderdi praktikoari dagokionez, parte-hartzaileek 20 orduko prestakuntza egin dute Iruñeko Udalaren Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan, ELZko teknikariekin dementzia duten pertsonen inguruan dauden baliabideei buruzko zenbait saio egin ondoren. 

Programa hau Udaleko Gizarteratze eta Laneratze Taldearen (EISOL) zereginetan kokatzen denez, parte-hartzaileak lan-merkatura begira orientatzea ere badakar, EISOLen Lan Bitartekotzarako Udal Zerbitzuaren bidez. Baliabide horretatik dagokion bitartekotza egiten da ikasleen profilera egokitutako sektoreko eskaintzak kudeatzeko, enplegu-eskaera etengabea den lan-eremu batean.

¿Te ha sido útil esta página?