Guztira lau kamioik, elurra kentzeko xaflaz eta gatza barreiatzeko gailuez hornitutako lur orotako zazpi ibilgailuk, elurra kentzeko xaflaz hornitutako lur orotako bi ibilgailuk eta elurra kentzeko xaflaz hornitutako lau erratz-makinak osatzen dute elurterik balitz galtzada eta espaloiak, zein oinezkoendako guneak garbitzeko udal-dispositiboa. Horiek guztiek, geolokalizazioa izanen dute gainera, eta horrek erraztu eginen du, behar izanez gero, kokalekuak eta zereginak berriro esleitzeko lana. Iruñeko Udalak dagoeneko diseinatu du udazken eta neguko denboraldirako Elurteei Aurre egiteko Plana, eguraldi aldaketak Iruñera lehen elurrak ekartzeko arriskuaren aurrean.
Udaleko Lehendakaritza Batzordeko kideek, Cristina Ibarrola Iruñeko alkatearekin eta Patxi Fernández Herritarren Segurtasunerako alorreko zuzendariarekin batera, Trinitarios parkean dagoen Udalaren gatz-biltegiko instalazioak bisitatu dituzte gaur goizean. Bertan, elurrak eragiten ahal dituen gorabeherei aurre egiteko dispositibo osoaren eta lanaren antolamenduaren berri izan dute. Ildo horretan, Udalak galtzada garbitzeko zazpi ibilbide diseinatu ditu hirian zehar, batez ere sarbideei garrantzi berezia emanez. Prebentzio neurri gisa, gatza barreiatzeko ibilgailuak ibiliko dira bide horietan, baina elurra kentzeko xafla ere izanen dute. Gainera, oinezkoendako guneak garbitzeko zazpi eremu handi antolatu dira, eta 31 eremu txikiagotan banatu dira udal-zerbitzu desberdinei esleitzeko.
Hainbat enpresari adjudikatu zaizkie galtzada eta oinezkoendako guneak garbitzeko lanak. Hala, FCC eta Erri Berri enpresak galtzadak garbitzeaz arduratuko dira, bolumen handiko kamioiei berariaz esleitutako hiru zirkuitutan eta lur orotako unitateendako beste hiru zirkuitutan. Bestetik, lorategi- eta obra-zerbitzuen adjudikaziodunak diren enpresetako langileak (Eulen, Ohl-Ingesan, Tasubinsa, FCC eta Erriberri) arduratuko dira espaloiak, oinezkoendako guneak, bidexkak eta plazak garbitzeaz. Udalak, gainera, Gurutze Gorriaren eta DYAren laguntza izanen du larrialdi-egoerak kudeatzeko.
Ekipamendu motorduna alde batera utzita, Udalak gatz-hornidurak berritu ditu, gaur egun ontziratu gabeko 300 gatz tona baino gehiago eta 800 zaku gehigarri izateraino. Horiek guztiak Trinitarios parkean dagoen udal gatz-biltegian gordetzen dira. Hain zuzen ere, hor finkatzen da operazioak kontrolatzeko zentroa elurteen ondoriozko larrialdi-plana aktibatzen denean. Udal-plana Nafarroako Gobernuko Elurretako Planarekin guztiz koordinatuta dago, bereziki eremu edo zerbitzu komunei dagokienez.