Hainbat musika-estilo prestakuntza eta prestaketa bila industriak nola funtzionatzen duen eta musikaren mundu konplexuan aurrera egiten ikasteko. Gaztediaren Etxeak urteko lehen hiruhilekoan ematen duen Musika-ekintzailetzako Ikastaroak xede du musika talde bateko kide edo bakarlariak diren 15 gazteri disko bat sortzeak, hori hedatu eta sustatzeak, kontzertuek eta birek eta abarrek dakarten prozesuaren errealitatera hurbiltzea. Ikastaroa Udalak tokiko musika-taldeei ematen dien laguntzen ildoan sartzen da.
Ikastaroaren hirugarren edizioan hogei orduko prestakuntza emanen da astearte arratsaldetan eginen diren hamar saiotan banatuta. Ikastaroa urtarrilaren 31n abiatu zen eta apirilaren 4an amaituko da. Edizio honetako berritasunetako bat plaza kopurua handitzea izan da, 12tik 15era. Parte-hartzaile batzuk Gaztediaren Etxeko taldeen poltsakoak dira, baita entsegu-bonoen eskatzaileak edo entsegu-bonoen dirulaguntzaren onuradunak ere.
Saioak Fermín Lorente Doriak ematen ditu, artisten agentea Primavera Labelsendako (Primavera Sound), Kontratazio- eta komunikazio-laguntzailea Phonica Recordsendako (Londres), programatzailea Iruñeko Udalean eta Farmway Records disko-zigiluaren eta kontratazio-agentziako zuzendaria. Ikastaroaren aurreko bi edizioetan orain Nafarroako musikan bere tokia aurkitu nahi duten taldeek eta solistek parte hartu dute, hala nola Andrea Santiago, Erel y Cuñi, Chill Mafia, Bendiak, Peio Lekunberri eta M’arte artistek, besteak beste.
Grabaketatik promozio eta kontzertuetaraino
Ikastaroa dagoneko hasi da, album bat sortzeko unetik hura banatu arteko prozesu osoari ekiteko asmoz. Besteak beste, honako alderdi hauek landuko dira: grabaketak egiteko baliabideak eta espazioak, estudio profesional baten edo ‘home studio’ baten alde onak eta txarrak, diskoak kaleratzerakoan dauden aukerak, formatu fisiko edo digitalen alde egiteko erabakia, industriaren joerak eta estrategiak material berriak ateratzeko orduan eta erraza dirudien zerbait, baina oso garrantzitsua dena: disko edo kontzertu bateko gaien tracklista edo hurrenkera.
Behin diskoa bukatuta, taldearen eta egindako lanaren promozioa egin behar da. Ikastaroan hainbat gai jorratuko dira, esaterako, sustapen-kanpainak, entzuleak atxikitzea, sare sozialak... Dena kontrolpean edukitzen saiatu behar da dagoen materiala kanal egokienen bidez hedatu ahal izateko. Kontzertu bat edo bira bat prestatzeko unea ere helduko da. Orduan beharrezko baliabideak bilatzeko unea izanen da: harremanak, informazioa, aretoak edo jaialdiak, material teknikoa, kontratuak, Gizarte Segurantzako altak langileendako...
Musikaren munduan mugitu ahal izateko industriako eragileak ezagutu behar dira, artistak, aretoak, jaialdiak, instituzioak, diskoetxeak, kontratazio agentziak... eta baita haien eginkizunak ere. Ez da erraza nabarmentzea, baina beharrezkoa da identitate bat edo faktore bereizgarri bat izatea, zeina baliogarria izanen baita programatzaile batek talde edo bakarlariarengan begiak jar ditzan. Hainbat kontzeptu agertuko dira, besteak beste, diskoetxe batekiko harremana, royaltiak eta management delakoa. Talde edo artista bakoitzaren garapen-plan bat eginen da, epe laburrerako eta luzerako helburuekin, bideragarritasuna aztertuz.
Ikastaroak beste hainbat alderdi aztertuko ditu, hala nola artistendako laguntza publikoak edo dirulaguntzak, diskoak argitaratzeko eta hedatzeko laguntzak, biretarako laguntzak... Ez dira faltako, halaber, adibide praktikoak eta talde batzuen edo musika estilo desberdinen ibilbidean izandako arrakasten eta porroten ikuspegi historikoa.