Hamabi kidek –taldeetakoak zein interprete bakarlariak– parte hartuko dute Gaztediaren Etxeak antolatutako musika-ekintzailetzako ikastaroan

Hamabi kidek –taldeetakoak zein interprete bakarlariak– parte hartuko dute Gaztediaren Etxeak antolatutako musika-ekintzailetzako ikastaroan
Indie, trap, folk, rock edo techno estilo hain desberdinak izanda, proiektu bakoitzari egokitutako prestakuntza teoriko-praktikoa jasotzen dute.

 

 

Iruñeko Gaztediaren Etxeak hiriko hamabi pertsona –taldeen eta banden ordezkariak zein bakarlariak– musika-ekintzailetzan prestatuko ditu, parte-hartzaile bakoitzaren beharrei egokitutako eskola teoriko praktikoen bidez. Horrela, saioetan hizpide izanen dituzte mota horretako proiektu bat martxan jartzeko beharrezkoak diren gaiak, hala nola, entseatzeko tokia aukeratzea, egoera bakoitza grabatzeko modurik egokiena, eta talde edo artista bakoitza sustatzeko modua. Parte hartzaileek hainbat musika estilo jorratzen dituzte, horien artean technoa, trapa, popa, indiea, folk rocka, countrya eta musika esperimentala.

Iruñeko Gaztediaren Etxeak antolatutako musika-ekintzailetzako ikastaroa bere bigarren edizioan murgilduta dago, iaz izan zuen harrera onaren eta parte-hartzaileek egin zuten balorazio positiboaren ondoren. Deialdi honek ere harrera ona izan du, horren adibide da sei artistak itxaron-zerrendan gelditu behar izan zutela edukiera murrizketak direla-eta, horien ondorioz parte-hartzaile kopurua 12ra mugatu baita. Eskolak asteroko saioetan egiten dira, Fermin Lorenteren eskutik;  artisten agentea eta kontratazio- eta komunikazio-agentea izateaz gain, zigilu diskografiko bat  zuzentzen du, eta Udalaren musika-programazioan parte hartu du.

Ikastaro honen helburu nagusia da partaideei ezagutzak, estrategiak eta jardunbideak ematea musika-ekintzailetzaren esparruan. Prestakuntzan zehar artista edo talde bakoitzarentzako materialak sortuko dira eta partaide bakoitzarekin aholkularitza pertsonalizatua eginen da. Oinarrizko programazioa proposatzen bada ere, ikastaroa parte-hartzaileen aldaketetara, proposamenetara eta eskaeretara irekita dago, ordura arte sortu zaizkien zalantza eta kezka zehatzei edo beren proiektu zehatzak garatzean sor dakizkiekeenei erantzuteko.

Trapa, technoa, popa, indiea, folk rocka edo countrya hamar musika-proiektutan

Parte-hartzaileek ikastaroan bakarlari gisa edo Iruñeko musika talde baten ordezkari gisa parte hartu dezakete. Hori horrela, aurtengo edizioan, ‘Cluubber night’s’ edo ‘Chill mafia’ taldeetako kideak edo ‘Dúo Didyma’ osatzen duten bi artistak arituko dira. Halaber, honako bakarlari hauek parte hartzen dute: Ekaitz Iriarte; Iratxe Pérez, ‘Iratxe’; Maria Puy Casado; Marta Irizibar, ‘M´arte’; Peio Lekumberri; Jon San Martín, ‘Bayarri’; Beñat Arbeloa eta Iosu Eneka Egüés.

Elementu artistiko hutsetatik haratago: teknika eta marketinarekin lotutako prestakuntza

Saioetan, musikaren munduko ekintzailetza-prozesuan aurrerapausoak emanen dira; izan ere, horren abiapuntua, sormen artistikoa ez ezik, gai praktikoagoak ere izanen dira, entseatu eta grabatzeko toki bat aurkitzea kasu. Ildo horretan, estudio profesional bat edo ‘home studio’ bat hautatzearen alde on eta txarrak aztertuko dira, eta modu egokian grabatzeko beharrezko baliabideak deskribatuko dira. Ikastaroan disko bat kaleratzeko beharrezko ezagutzak emanen dira. Fisikoki edo digitalki egiteko aukerak baloratuko dira, industriaren joerak eta estrategiak kontuan hartuta.

Ikastaro honetan arreta berezia eskainiko zaio artistak publikoarengana iristeko  duen moduari. Erabil daitezkeen sustapen-baliabideak deskribatuko dira, hala nola kanpainak edo sare sozialen erabilera, eta parte-hartzaile bakoitzak horietan dituen profilak aztertuko dira. Horrez gain, artista edo talde bakoitzarendako sustapen-kanpaina baten diseinu birtuala eginen da, eta bakoitzaren ezaugarrien arabera, epe laburrerako eta luzerako helburuak finkatuko zaizkio. Horretarako joera berriak edo nazioarteko zein nazioko erreferentziak non bilatzen jakiteko jarraibideak emanen dira. Hori horrela, eta dauden adibideak aztertzeko xedez, egungo musikaren industria jorratuko da, eta bertan irudiak duen garrantzia aztertuko da, talde eta bakarlari bakoitzaren estiloa kontuan hartuta.