Habien eta txorien marrazkien arteko elkarrizketa, Ingurumen Hezkuntzako Museoak datozen asteetarako proposatutako erakusketan

Habien eta txorien marrazkien arteko elkarrizketa, Ingurumen Hezkuntzako Museoak datozen asteetarako proposatutako erakusketan
Daniel Laskurainek eta Ana Villamuzak Habiak eta Txoriak erakusketa aurkeztu dute, abenduaren 27a arte ikusgai egonen dena
dialogo de pajaros

Hilabetez, abenduaren 27a arte, egonen da ikusgai Daniel Laskurain eta Ana Villamuza artisten Habiak eta Txoriak erakusketa. Bi egileen proiektuak, paraleloki eginak, lehen aldiz egonen dira harremanetan San Pedroko monasterio zaharrean dagoen Ingurumen Hezkuntzako Museoan.
 

Madrilen Klimaren Goi-bilera egiten ari den aste hauetan, Museoaren proposamena hausnartzea da, gizakien eta naturaren arteko harremanei buruz, lehenek bigarrenean sortutako eraginari buruz. Begiraldi estetikoak  hausnarketa etikoa ekartzea nahi dute, gainontzeko izaki bizidunak eta horiek aske bizi diren tokiak ardatz; elkarbizitzako kultura berriro azpimarratzea eta pertsonek ingurune naturalarekiko oreka berreskuratzea dira helmuga. Teknika eta akabera ezberdinak erabili arren, egileek, biek ala biek, beren lanaren artisau-osagaia nabarmentzen dute, zeinak prozedura geldo eta zorrotzak gogora ekartzen baititu, orain egunerokoak ezaugarri duen berehalakotasunetik eta presatik aldenduta.
 

Daniel Laskurainek 57 habia jarri ditu ikusgai, berrerabilitako materialez eta askotan naturan bertan jasotako material organikoez eginak, giza ekintzari eta denboraren joanari lotuak. Pieza fin horiek Ana Villamuzaren marrazkiekin partekatzen dute tokia. Marrazkiak koloretako arkatzez egin ditu paperean; hegazti ezberdinak erretratatzen dituzten hamasei irudietan egileak izaki bakoitzaren nortasun bakarra, errepikaezina, jarri nahi du agerian.
 

Asteartetik ostegunera 10:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara ikusten ahalko da erakusketa, eta ostiraletan, 10:00etatik 13:00etara. Eguberrietako lanegunetan 10:00etatik 13:00etara irekiko da. Sarrera librea da.
 

Ingurumen Hezkuntzako Museoak horrela emanen dio amaiera lantegi, ikastaro eta erakusketaz osatutako hiruhilabetekoari, zeinaren bidez, ekosistema eta horren zainketak hobeki ezagutu ez ezik, gizaki ez diren beste animalien aurrean gero eta gizarte sentikorragoa eta jasangarriagoa eraikitzea ere lortu nahi baitzen.

¿Te ha sido útil esta página?