‘Habia-kutxak’ programari esker, hiri-hegaztien gaineko sentsibilizazioa eramanen dute ikastetxeetara, eta aurten hontzendako aterpeak landuko dituzte

‘Habia-kutxak’ programari esker, hiri-hegaztien gaineko sentsibilizazioa eramanen dute ikastetxeetara, eta aurten hontzendako aterpeak landuko dituzte
Iruñeko Udalak eta Ilundain-Haritz Berri fundazioak hiriko ingurumena lantzeko hitzarmen bat sinatu dute, 2020. urtera arte luzatu daitekeena.

cajas nido
Iruñeko Udalak eta Ilundain-Haritz Berri fundazioak hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean ‘Habia-kutxak’ proiektua lantzen segitzeko. Ekimenak hiriko ingurumena hobetzea eta bazterkeria-arriskuan dauden gazteak laguntzea uztartzen ditu, eta azken bi urteetan hiriko hegaztien gaineko sentsibilizazioa eraman du hiriko zazpi ikastetxeetara. Ilundain fundazioak sortua eta Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kutxa Fundazioak eta La Caixa Gizarte Ekintzak finantzaturik, proiektuaren oinarria da hegazti eta saguzarrendako habia-kutxak diseinatu eta eraikitzea, hirian paratzea eta ondoren haien jarraipena eta azterketa egitea. Bi erakundeen elkarlanari esker, 130 habia-kutxa paratu dira 2018az geroztik.

Proiektuaren alderdi sozialari dagokionez, hura garatzeko bazterkeria-arriskuan dauden zazpi gazte kontratatu dira, lau mutil eta hiru neska. Aurreikusitakoaren arabera, 2021eko apirilera arte posible litzateke 12 gazte bitarte kontratatzea, gutxienez sei hilabetez. Horrez gain, proiektuak alderdi zientifikoa ere badu; izan ere, Iruñeko habitataren ikerketa teknikoa egiten da, eta berariazko zenbait ikerketa espezie desberdinen inguruan, baita aholkularitza teknikoa ere, hegaztiei dagokienez.

Sinatutako hitzarmena urtekoa da, 2022ra arte luzagarria, eta haren edukiak gaur ezagutarazi dira jendaurrean, Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak eta Patxi San Martin Ilundain fundazioko kudeatzaileak egin duten agerraldian. Udalak 12.000 euro emanen ditu urtero ekimenerako; Fundazioa proiektua aktibo mantentzeaz arduratuko da, tokiko boluntarioen talde bat sortu eta dinamizatuko du eta herritarrak sentsibilizatu zein proiektua hedatzera bideratutako ingurumen-sentsibilizazioko jarduketak eginen ditu.

Aurten eskola-lantegiak egiten jarraitzea aurreikusi dute, eta horrez gain, hontz zuriaren gaineko ikerketak egin eta errutokiak jarriko dizkiete (kanpandorreak eta beste eraikin berezi batzuk aztertuko dituzte) eta dermaptero eta paridoendako habia-kutxak ere jarriko dituzte. Hegazti horiek lagungarriak dira indigaztainondo arruntei eragiten diren kameraria-izurria kontrolatzeko; hori horrela, ekimena abiarazteko Lorategi Zerbitzuetako langileak prestatuko dituzte, haien beharretara egokitutako lantegien bidez.

Habia-kutxak eman dezakeena

‘Habia-kutxak’ proiektuak animaliei aterpe emateko elementu horiek ditu ardatz. Fauna-espezie bakoitzak habia-kutxak desberdinak behar ditu, eta hala, biologo espezialistek prestatu eta hobetzen dituzte haien diseinuak. Horiek hiriko zenbait tokitan jarririk, ekosistema berrerorekatu nahi da, eta gizakiak hartaratuta alde egindako hegazti-espezieak –adibidez hontzak, mozoloak, belatzak eta abar– haien habitatera itzul daitezen bultzatu. Lehengoratze prozesu horrek, gainera, badu abantaila bat: izurrien kontrol biologikoa laguntzen du, amilotx eta kaskabeltz gisako espezieak bizitzera etor daitezen ere lagungarria delako, eta haiek aurre egiten dietelako modu naturalean zenbait izurriri, besteak beste kamerariari (Indi gaztainondoa), cydalimari (ezpela) eta prozesionariari.

Agenda 21 Zerbitzuaren bidez, Iruñeko Udalaren ardura da, besteak beste, hiriko biodibertsitatea babestea, hiriko ondare naturala zaintzea eta animalien eskubideak artatzea. Bi urtetan, parido eta hontzendako 130 habia-kutxa jarri dira proiektu honen barruan, batez ere, kaskabeltzentzat, amilotxentzat, txantxangorrientzat eta buztanikara zurientzat, eta sei euskarri, belatz gorrientzat.

Kutxak ikastetxeen inguruan jarri dira, eta, baita ere, Taconeran, Gaztelugibelen, Miluzen, Beloson eta Magdalena zein Zamargileen zubien inguruetan. Kutxen okupazio-indizeak % 40tik gorakoak izan dira, eta hori neurtzeko eraikitze bidean edo jada okupatutako kutxetan barrualdean txitarik, arrautzarik edo gorotzik topatu den begiratzen dute. Aterpe horietarako gehien erabiltzen dituzten zuhaitzak hauek dira: makala, astigarra, aranondo txinatarra, platanondoa, basagereziondoa, ezkia eta Aleppo pìnua.

Sentsibilizaziorako ekimen soziala

Jasangarritasunari lotutakoaz haratago, 'Habia-kutxak’ proiektuak gizarte-konpromiso sendoa dauka, kutxak sortzeko prozesuan bazterkeria-arrisku handian dauden gazteak inplikatzen dituelako Ilundain Fundazioaren Gizarteratze eta Laneratzeko Zentroaren bidez; horrela, kolektibo horren prestakuntza eta laneratzea laguntzen dira, eta Gizarte Erantzukizun Korporatiboa areagotu. Fundazioaren eskola hori Nafarroan dagoen Bigarren Aukerako Eskola bakarra da, eta eskaintzen duen hezkuntza-ereduan programa eta proiektuz osatutako ibilbide bat egiten da, hezkuntza arautuak eskaini ohi dituen prozesuak ez eta beste batzuk behar dituzten gazteen prestakuntza, trebakuntza, orientazio eta laneratzea xede harturik.
Ekimenak, gainera, ingurumen-sentsibilizazioko ardatz bat dauka. Proiektuari lotuta eta herritarrendako oro har egindako ekintzen artean, hauek nabarmendu daitezke: habia-kutxak eraikitzeko lantegiak, eraztunketa-lantegiak eta aterpeen eta haien okupazio-mailen jarraipena egiteko boluntarioen taldeak.

Haurrak eta txoriak: ikastetxeetako zeregina

Hezkuntzako alderdiari dagokionez, 2018an proiektua abiatu zenetik, 3-16 urte bitarteko 669 ikaslek parte hartu dute programan, zazpi ikastetxe hauetan: Liceo Monjardín, San Frantzisko IP, Biurdana BHI, Doña Mayor IP, Claret Larraona IP, Esclavas del Sagrado Corazón eskola eta San Jorge IP. 2020 honetan beste lau ikastetxe batuko zaizkie: Cardenal Ilundáin IP, Navarro Villoslada BHI, Andrés Muñoz Garde Hezkuntza Bereziko Zentroa eta Hegoalde IP. Edonola ere, programa eta haren erritmoa ikasturte hasierako egoera berezira egokituko da.
Ikastetxeetan egiten dituzten lantegien antolaketa Fundaziotik kudeatzen dute, eta bi saiotan egiten dira. Hasierako saioan ikasleei azaltzen zaie hegaztien bizimodua, haiek identifikatzeko moduak, txorrotxio-motak eta zein arazori aurre egin behar dieten, eta habia-kutxak muntatu eta apaintzen dituzte. Ondoren, ikastetxe inguruetan eta eskola-eremuaren barruan jartzen dituzte aterpeak, betiere hegazti zein saguzarren biologian aditu direnen zaintzapean. Bigarren saioan habia-kutxak aztertzen dituzte, haien emaitzak ikusteko. Proiektua dibertsitate funtzionala duten pertsonendako jarduerak eskaintzeko ere prestatuta dago.

Hegaztietan espezializatutako aholkularitza eta azterketa teknikoa

Habia-kutxei konektatutako ekintza-ziklo zabala ixteko, kutxen eta aurkitutako hegaztien eraztunak aldian-aldian aztertzen dira, eta horrek aukera ematen du Iruñeko hegaztien egoerari buruzko aldian-aldiko diagnostiko-azterketa egiteko. Ildo horretan, hegazti multzo jakin batzuen gaineko ikerketa espezifikoez gain, hiriko habitatari buruzko ikerketa tekniko bat eginen da, eta bertan adieraziko da zer jarduketa egiten ahalko diren hegaztiei loturik, epe labur eta luzean, udal-mugartean.

‘Habia-kutxak’ proiektuak badu hedapenerako webgune bat, eta bertan ezagutarazten dira egiten diren ekintzak eta bertara irauli daitezke abiatutako jarduketen jarraipen-emaitzak. Proiektuan inplikatutako teknikari espezialistek konpromisoa hartzen dute Udalari aholkularitza espezializatua emateko, adibidez, eraikin publikoak birgaitu eta eraikitzean kontuan har daitezen, eraikitze-prozesuan, espezie ezberdinen habitatarekin bateragarriak diren eraikuntza-irizpideak.
 

¿Te ha sido útil esta página?