Guztira 123 ikastetxek, gurasoen elkartek, klubek eta entitateek entrenatuko dute 2023-2024ko ikasturtean zehar udal-kiroldegi eta -instalazioetan

Guztira 123 ikastetxek, gurasoen elkartek, klubek eta entitateek entrenatuko dute 2023-2024ko ikasturtean zehar udal-kiroldegi eta -instalazioetan
Udalak Arantzadi eta Sanduzelaiko kirolguneak, zortzi kiroldegiak, futbol- eta softbol-zelaiak, atletismoko pista eta López pilotalekua laga ditu

foto

Guztira 123 entitatek, klubek, elkartek, ikastetxek eta gurasoen elkartek erabiliko dituzte 2023-2024ko ikasturtean udal-instalazioak entrenatzeko eta kirol jarduerak egiteko. Urtero bezala, Iruñeko Udalak herritarren eskura jarri ditu bere kirol-instalazioak: zortzi kiroldegi, Arantzadi eta Sanduzelaiko kirolguneak; Sanduzelaiko, Arrotxapeko eta Lezkairuko futbol-zelaiak; Arrotxapeko softbol-zelaia; Etxabakoitzen dagoen atletismo-modulua eta Iturramako López pilotalekua.  Bertan, futbola, saskibaloia, eskubaloia, badmintona, pilota, gimnastika, dantzak eta beste kirol jarduera batzuk praktikatzen dira, bai eta Iruñeko zenbait ikastetxetako eskola-jardueraren zati handi bat eta eskolaz kanpoko jarduerak ere.

Instalazio guztiak denboraldi osorako lagatuko dira, irailetik ekainera, entitate guztiendako zabalik dagoen deialdi publiko baten bidez. Deialdia ekainaren hasieran argitaratu ohi da, modu horretan ikasturtea hasten denerako eskatzaile bakoitzak gunea eta ordutegia esleituta izan ditzan. Izan ere, instalazioen erabileren % 95 denboraldi osorako adjudikatzen dira. Dena den, ordurik eta egunik libre geldituz gero, unean uneko jarduerak egiteko eskatzen ahal dira, 948 15 22 78 telefonoaren bidez, Iruñeko zortzi kiroldegien kasuan, eta tokian bertan gainontzeko instalazioetan. 

Ikasturte honetako 123 entitate erabiltzaileetatik 75ek Udalaren zortzi kiroldegietako bat hautatu dute. Arrosadia eta Ezkabako instalazioetan daude klub, elkarte eta ikastetxe gehien, 15 eta 14, hurrenez hurren. Horien atzetik doaz Arrotxapeko kiroldegia (10 entitate), José María Iribarren (9), Sanduzelai (9) eta Mendillorri (8). Kiroldegien eskaintza Azpilagañakoak (6) eta Ermitagañakoak (4) osatzen dute.

Kiroldegien ondoren, eskari gehien duten instalazioak futbol-zelaiak dira. Hala, Lezkairukoa hamaika kirol-klubek erabiliko dute; Arrotxapekoa eta Sanduzelaikoa, aldiz, zazpina entitatek eskatu dute. Arantzadi eta Sanduzelaiko kirolguneetan denboraldi honetan 15 entitateri utzi zaizkie espazioak, eta horien artean, berrikuntza gisa, Bike Polo eta Roller derby nabarmentzen dira, besteak beste. López pilotalekua, bestalde, hiru entitatek erabiliko dute, softbol-zelaia bezainbeste. Eta atletismo-moduluan bi klubek entrenatuko dute.

Jolas-jardueretatik kirol profesionalera arte
Eskolaz kanpoko jarduerak gune horietan eskaintzen dituzten gurasoen elkarteez eta gorputz hezkuntzako jarduerak espazio horietan egiten dituzten ikastetxeez gain, kirol-klubei, Nafarroako Kirolaren Institutuari, hainbat federazio eta elkarteri eta entitateei eskaintzen zaizkie udal-instalazioak, esaterako, FS5 futboleko ligari. Horiei guztiei Udalaren kirol-programak egiteko, COworkids kasu, erreserbatutako espazioak gehitu behar zaizkie.

Izan ere, udal-espazioen lagapenari buruzko arauak ezartzen duenaren arabera, instalazioak batez ere, honako hauek egiteko erabili behar dira: eskoletako kirol-jarduera fisikoa, herritarren aisialdirako kirolak, kirol-erakustaldiak, kirol-lehiak eta errendimendu altuko kirolak, baita horiek profesionalak direnean ere. Hala ere, kirol-arlokoak ez diren beste jarduera batzuk ere baimentzen ahal dira, azpiegiturekin bateragarriak badira eta, betiere, horretarako zehazten diren baldintzetan egiten badira.

Espazioak lagatzeko, udal-arauan jasotako erabilera publikoko tarifak ordaindu behar dira. Tarifa horiek aldatu egiten dira instalazioen, orduen eta erabilera-baldintzen arabera. Argibide guztiak udal-webgunean kontsultatzen ahal dira. 


2023-2024KO DENBORALDI OSOKO ERABILERARI BURUZKO DATUAK

Udal-kiroldegiak
o    Arrosadia: 15 entitate 
o    Azpilagaña: 6 entitate 
o    Ermitagaña: 4 entitate 
o    Ezkaba: 14 entitate 
o    José Mª Iribarren: 9 entitate 
o    Arrotxapea: 10 entitate 
o    Sanduzelai: 9 entitate 
o    Mendillorri: 8 entitate 

Futbol-zelaiak
o    Sanduzelai: 7 entitate 
o    Arrotxapea: 7 entitate 
o    Lezkairu: 11 entitate 

Arantzadi eta Sanduzelaiko Kirolguneak: 15 entitate 
López pilotalekua: 3 entitate 
Softbol-zelaia: 3 entitate 
Atletismo-modulua: 2 entitate 

¿Te ha sido útil esta página?