Guztira 11.306 pertsona joan dira aurtengo sanferminetan Gazteluko plazan dagoen eraso sexisten aurkako kanpainaren argibide-gunera

Guztira 11.306 pertsona joan dira aurtengo sanferminetan Gazteluko plazan dagoen eraso sexisten aurkako kanpainaren argibide-gunera
Erakundeen arteko jarraipen-talde bat sortu da, gaur arratsalderako aurreikusitako euri-jasen abisuaren aurrean jarduerak koordinatzeko
caseta agresiones

 

Uztailaren 5ean ireki zenetik, Eraso sexistarik gabe, Iruña aske kanpainaren argibide-guneak 11.306 pertsonari eman die arreta. Egunero, batez beste, 2.000 pertsona inguru joan dira, iaz baino % 9 gehiago. Argibide-gunea uztailaren 14ra arte egonen da zabalik, 11:30etik 15:00etara eta 18:00etatik gauerdira arte.

Argibide-gunera doazen gehienak emakumeak dira oraindik ere, nahiz eta aurtengo sanferminetan gizonen kopuruak gora egin duen. Artatutako 11.306 pertsonetatik 7.418 emakumeak izan dira, 3.877 gizonak eta 11 pertsona ez-bitarrak. Aurten arreten % 34 gizonena izan da, hau da, hirutik bat; 2024an, aldiz, % 24koa izan zen, hau da, lautik bat. Beraz, argibide-gunera joan diren gizonen kopurua % 10 igo da. Jaietako egun hauetan, Gazteluko plazako argibide-guneak ez du aktibatu behar izan eraso sexisten biktimei laguntzeko udal-zerbitzua behin ere. 

Argibide-guneak eskuragarri dauden udal-baliabideak eta eraso sexistei aurre egiteko prebentzio- eta jarduketa-jarraibideak zabaltzen ditu. Argibide-guneak laguntza-zerbitzuak eta protokoloak aktibatzen ahal ditu erasoren bat badago, eta konfiantza-giroa sortzeko eta konfidentzialtasuna eta anonimotasun-eskubidea bermatzeko eremu bat dago. Kanpainari eta eskuragarri dauden baliabideei buruzko informazioa online ere badago https://sanferminespamplona.es/eu eta www.pamplona.es/eu webguneetan.

Babes Zibileko Tokiko Batzordeak gaur goizean egindako bileran ez da emakumeen sexu-askatasunaren kontrako indarkeria-kasurik jakinarazi azken festa egunean. 

Alerta laranja abisua gaur arratsaldean, euriagatik
AEMETek alerta laranja ezarri du gaur (ostirala) arratsalderako, Iruñean, euriagatik eta prezipitazio handiengatik. Gaur goizeko egoera alerta aurrekoa da; izan ere, alerta laranja 16:00etan hasiko da, eta 21:00etatik 23:00etara bitarteko ordu-tartea euri gehien, baita txingorra ere, pilatuko duena izanen dela aurreikusten da. Iruñeko Udala aurreikuspenen bilakaeraren zain egonen da, horrek jardueren programazioan izan dezakeen eragina aztertzeko. 

Alerta-abisu hori dela-eta, erakundeen arteko jarraipen-talde bat sortuko da, egoeraren bilakaera ezagutzeko eta erabaki egokiak hartzeko. Jai-esparruei eta -eremuei abisatu zaie dagoeneko, alertaren berri izan dezaten eta komunikazio-bideak ezartzeko, zerbait egin behar izanez gero. Babes Zibileko Tokiko Batzordeak kontuz ibiltzeko eskatu du, bai joan-etorrietan, bai festetan bertan, ekaitz handiak espero diren arratsaldeko ordu horietan. Euri- eta haize-alerta dela-eta, Foruen plazako Nafarroako bandera jaitsiko da astelehenera arte, egun horretarako gertaera meteorologiko hori amaituko dela aurreikusten baita. 

@SanferminakIruñean-ek Instagram, Facebook eta X-en dituen sare sozialen profilen bidez eta Iruñeko Udalaren WhatsApp kanalaren bidez, uztailaren 11ko (ostirala) arratsalde eta gauerako programatutako ekitaldietan gertatzen ahal diren aldaketen berri emanen da, baldin eta azkenean euri-aurreikuspenak betetzen badira.

Atzoko su artifizialak bertan behera geratu ziren
Atzo su artifizialak bertan behera uzteari dagokionez, batzordeak gaur goizean jakin du gertakaria bilduma jaurtitzen duen gailuan eman zen akats tekniko baten ondorio izan zela. Akats horren ondorioz, den-dena jaurti zen denbora-tarte labur batean. Arazoa antzeman ondoren, berehala joan ziren Ziudadelara Herritarren Segurtasuneko eta Kulturako udal-alorretako kideak, bai eta Guardia Zibileko kideak eta Nafarroako suhiltzaileak ere, eta egoera kontrolpean izan zuten une oro. 

Segurtasun-dispositiboa aktibatu eta egiaztatu zuten ez zegoela kalte fisikorik atzo jaurtitzen ari zen pirotekniaren lantaldean. Perimetroaren segurtasuna bermatu zen, baita instalazioaren egoera ere, gaur gauerako aurreikusita dagoen jaurtiketarako. Inguruabarrak ikusita, Sanferminetako Egile-su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketako epaimahaiak erabaki du Andrea López Lana diseinatzailea lehiaketatik kanpo uztea. Egileak Valecea Pir SL pirotekniaren Pamplona, color y emoción (Iruña, kolorea eta zirrara) ikuskizuna jaurti behar zuen.

¿Te ha sido útil esta página?