Gutxi gorabehera hiri osoko180 establezimenduk parte hartuko dute asteburu honetan, martxoaren 4tik 6ra, Iruñeko Udalak antolatutako Iruña Stock deskontu-kanpainaren edizio berrian. Sasoitik kanpoko artikuluak eta produktuak eskainiko dituzte prezio merkean establezimenduetan beraietan, hiriaren erdigunean eta auzoetan barnako ibilbide bat sortuta.
Parte-hartzaileen zerrenda osoa www.pamplonastock.es webgunean kontsultatu daiteke. Eremuka eta sektoreka taldekatu dira. Eremuak honako hauek dira: Zabalgunea, Alde Zaharra, Iturrama, Txantrea, Arrotxapea, Sanduzelai-Buztintxuri, Donibane-Ermitagaña-Mendebaldea, Martín Azpilcueta, Mendillorri-Erripagaña Milagrosa eta Ipar Etxabakoitz. Bertan honako hauek saltzen dituzten establezimenduak daude: moda, oinetakoak, kirola, osagarriak, elektronika, informatika, telefonia, elikadura, altzariak, apaingarriak, loreak eta landareak, oihalak, haurtzarorako gauzak, etxerako gauzak, komunak eta osagarriak eta musika-instrumentuak. Era berean, badaude liburu-dendak, ile-apaindegiak, estetika-zentroak, optikak, bitxi-dendak, lurrin-dendak, farmaziak, masaje-zentroak, belar-dendak eta burdindegiak.
Iaz kanpaina berrantolatzeari ekin eta leku mugatuetan –Sarasate pasealekuan edo Baluarten– egiteari utzi zioten eta bezeroak establezimenduetara beraietara gerturatzearen alde egin zen, denda gehiagoren parte-hartzea errazteko, izan ere, horrela establezimendu bakoitzak bere eskaintza eta zerbitzuak hobe eskaini ditzake. Merkataritzako Alorrak ekimena martxan jartzeko aintzat hartu ditu merkataritza-elkarteak eta PamplonUp deskontu-bonuen kanpainan parte hartu zuten establezimenduak.
2007az geroztik, Iruñeko Udalak azoka hori antolatzen du hiriko merkataritza indartzeko xedez, eta plataforma bat eskaintzen die sektoreko profesionalei haien produktuak prezio onean erakusteko eta hurrengo denboraldira begira negozioen biltegiak husteko.