Herritarrak entzumena zaintzearen eta berrikustearen garrantziaz kontzientziatzea. Iruñeko Udalak eta Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioak (FEMP), Audika entzumen zentroekin elkarlanean Segi klaska entzuten izeneko jardunaldia gauzatuko dute asteazkenean. Gurutzeko plazan, Francisco Bergamín kalearen ondoan, entzumen-probak dohainik egiteko gune bat jarriko dute interesa duen ororendako.
Gunea goizez egonen da zabalik, 09:30etik 14:30era gutxi gorabehera. Proba horren bidez, pertsona bakoitzak bere entzumen-maila ezagutu ahal izanen du, eta balizko entzumen galera baten adierazle izaten ahal diren seinale eta sintomei buruzko informazioa jasoko du. Era horretan, entzumen-azterketak aldizka egiteak eta entzumen-galera bat garaiz detektatzeak duen garrantziaz sentsibilizatu nahi dira herritarrak.
Kanpaina herritar orori zuzendua da, adinekoei zein gazteei. Gero eta maizago antzematen dira entzumen-galerak gazteengan, besteak beste entzungailuak behar bezala ez erabiltzeagatik.
Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, 1.500 milioi pertsonak baino gehiagok dute era bateko edo besteko entzumen-galera munduan. Entzumen-galera garaiz ez detektatzeak arazo sozialak (isolamendua, komunikazio falta…), fisikoak (nekea, estresa, zorabioak…), psikologikoak (depresioa, suminkortasuna, mesfidantza…) eta kognitiboak (dementzia, alzheimerra…) sortzen ditu. Horiek horrela, urtean behin, gutxienez, entzumena berrikustea gomendatzen da.