
Tokiko Gobernu Batzarrak gaur onetsi du, astelehenarekin, Gure Sustraiak irabazi-asmorik gabeko gizarte ekimeneko kooperatibari esleitzea Gurbindo Etxea eta ondoko baratzeak kudeatu eta ustiatzeko lehiaketa publikoa. Arantzadi parkeko gune horretarako proiektu bateratzaile eta kolaboratiboa proposatu du, Gurbindo Komunitatea programak egun egiten duen lana osatzeko asmoz; programak adimen-desgaitasuna dutenak, neurri judizialen peko adingabeak eta adinekoak bateratzen ditu, nekazaritza zabalduz eta nekazaritzaren inguruan eta Garapen Jasangarrirako helburuei buruz sentsibilizatuz.
Gure Sustraiak kooperatibak aurkeztutako proiektuak jarraipena ematen dio Gurbindo Komunitatea programaren ikuspegiari, eta indartu egiten du Gurbindo Etxeak nekazaritza eta jasangarritasuna iruindarrei helarazteko egiten duen lana. Hain zuzen ere, lau zerbitzu proposatzen dira proiektuan: Gurbindo komunitatea programak babestutako gizarte-programak; ikasle, elkarte eta herritarrendako jasangarritasunaren aldeko hezkuntza-jarduerak; bertako produktu ekologikoa zabaltzeko elikadura jasangarriko programa bat, catering sozialak eta sukaldaritzarekin lotutako prestakuntza-ekintzak; eta eragin sozialeko proiektuak garatzeko gizarte-berrikuntzako programa.
Joxe Abaurrea San Juan Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zinegotzi ordezkariak prentsaurrekoan azaldu duenez, Gurbindo Etxea kudeatu eta ustiatzeko emakidak 25 urte iraunen du, eta gehienez ere 10 urtez luzatzen ahalko da. Gure Sustraiak kooperatiba 2002. urtean sortu zuten, Ollon: plantillan 40 pertsona daude guztira, eta horietatik 32 bazkideak dira. Sortu zenetik Olloko baserri-eskolan egiten dituzte ekintza garrantzitsuenak, erreferentea baita baratze, animalia eta ingurunearen bidez ingurumenarekin lotutako hezkuntzarako eta sentsibilizaziorako programak garatzen. Hogei urte hauetan hainbat egitasmo jarri dituzte martxan: besteak beste, Gure Artean CEE51 enplegurako zentro berezia eta Gurbindo Etxeko Hirikimuak Zentro Okupazionala.
Gurbindo Etxeak eta ondoko baratzeek 20.081,55 m2 hartzen dituzte guztira: Arantzadi parkeko hiru lurzati daude bertan, Katastroko 6. poligonoko 136., 144. eta 145. lurzatiak, hain zuzen ere. Lehenengo lurzatia Gurbindo Etxeari dagokio; beste biak, berriz, aisialdirako baratzeen eremuan daude, eta esleituta eta erabilgarri daude dagoeneko. Iruñeko Udalak deitutako lehiaketa publikoa gizarte-ekimeneko kooperatibei eta nortasun juridikoa duten irabazi-asmorik gabeko fundazio eta entitateei zegoen zuzenduta, betiere haien estatutu eta funtzionamendu-arauak eskatzen ziren jarduerekin lotuta bazeuden.
Belaunaldiarteko proiektu berritzailea
Gurbindo Komunitatea 2021ean sortutako proiektu kolaboratiboa da, Gure Sustraiak kooperatibaren, Gizain Fundazioaren eta Lacarra Adinekoen Elkartearen eskutik; hain zuzen ere, Lacarra Elkarteak hainbat baratze lantzen ditu aipatutako eremuan. Gurbindo Etxean adimen-desgaitasunen bat dutenek, neurri judizialen peko adingabeek eta adinekoek bat egiten dute. Hirikimuak Zentro Okupazionalak Nafarroako Gobernuarekin hitzarmena du, eta prestakuntzaren eta hezkuntza-proiektu integralaren bidez, 18 eta 65 urte bitarteko desgaitasun fisiko edo adimen-desgaitasunen bat dutenen, garuneko kaltea dutenen eta gaixotasun mental larria dutenen gizarteratzea eta laneratzea, autonomia eta bizi-kalitatea sustatzen ditu.
14 eta 18 urte bitarteko Gazte Justiziako Eguneko zentroak lan-aurreko eta prestakuntzarako gaitasunak eta gaitasun pertsonalak garatzeko jarduerak antolatzen ditu Arantzadiko inguruan, eta lan hori guztia Gizain Fundazioari esker da posible; fundazio horrek Gurbindo Etxeko Adingabeak zaintzeko eta hartzeko zentroa kudeatzen du: 6 eta 14 urteko neska-mutilen prestakuntzarako gune bat da, eta batez ere egoera berezian dauden eta ikasketa-plana jarraitu ezin duten horiei dago zuzenduta. Fundazioak adingabe eta gazteekin egiten duen lana jarduera terapeutikoen bidez osatzeko aukera dago: animalien bidez laguntza emateko jarduerak antolatzen dituzte eta baso-bainuez gozatzeko aukera eskaintzen dute, inguru naturaletan parte-hartzaileen bizkortasun-mailaren araberako jarduera fisiko atseginak eginda.
Programaren beste ardatzetako bat nekazaritzaren eta ingurumenaren inguruan sentsibilitzatzea da. Ikasleekin jasangarritasunaren aldeko hezkuntza-programak eginen dira, eta besteak beste, baratzeak, ibaiaren ekosistema, energia eta Arga ibaiaren parkea jorratuko dituzte; gainera, lantegi hauek eginen dituzte: sendabelarrak, habia-kutxak, sukaldaritza solidarioa, kandelak, xaboiak eta eguzki-labea, besteak beste. Halaber, Jasangarritasunaren aldeko eskolak jarri nahi dituzte martxan, ikasle eta ikastetxeekin Gurbindo Etxean eta ikasgeletan zikloka proposatzen dituzten programak abian jartzeko. Horrez gain, beste hauekin egin nahi dituzte jarduerak: NUPekin, Basogintzako Ikastetxe Integratuarekin, Hezitzaileen Eskolako Ikastetxe Integratuarekin, entitateekin, elkarteekin, fundazioekin eta turistekin; gainera, asteburuko jarduerak egin nahi dituzte talde eta familiekin.
Elikadura jasangarriko eta gizarte-berrikuntzako programak
Elikadura jasangarriko programaren barruan, Gure Sustraiak kooperatibak menuak aldatzea proposatzen du, irmoki sinetsita neurri horrek eragin positiboa izan dezakeela bertako ekonomian eta herritarren eta planetaren osasunean. Gurbindo Etxeko baratzeetako produktuak menu osasungarri eta jasangarri bihurtuko dituzte. Hala, horrek eragin positiboa izanen du Gurbindo Etxeko bazkarietan eta catering sozialeko zerbitzuetan. Elikadura jasangarriarekin lotutako prestakuntza eta gaikuntzarekin osatuko da prozesua, talde eta kolektiboendako ikastaroak eta lantegiak antolatzearen bidez.
Azkenik, proiektuaren laugarren ardatza gizarte-berrikuntza da. Gurbindo Etxea erreferentea da proiektuak garatzen eta beste entitate batzuei egitasmoak martxan jartzen laguntzen; besteak beste, gai hauek lantzen dituzte egitasmoek: energia-trantsizioa, klima-aldaketa hobetu eta hari egokitzea, nekazaritza-berrikuntza eta elikadura jasangarria. Gure Sustraiak kooperatibak sustatutako proiektu eta egitasmoek bi ekintza-ildo nagusi dituzte: batetik, aholkularitzari eta prestakuntzari lotutakoa, eta bestetik, proiektu zehatzak garatzearekin lotutakoa; hauek dira proiektu horietako batzuk: BiBos (Ongizatea eta baso-bainuak) eta Arkhé (Ekonomia zirkularreko gizarte-berrikuntzako sarea).