Hirigintza Batzordeko eta Hirigintza Gerentziako kideek gaur, asteazkenarekin, bisitatu dute Sanduzelaiko parke berria, “Gridilla Etxe” zaharrak eraisteko lanak amaitu eta ingurua urbanizatu ondoren. Horrela, 10.000 metro koadrotik gorako eremu hori osatu da, zeinak eremu berdeak, jolasguneak eta zoladura berria barne hartzen baititu.
Parkearen zati bat hartzen zuten “Gridilla Etxe” zaharrak eraitsi ondoren, berdegunea irabazi eta, gainera, 745,77 metro koadroko lurzati berri bat sortu da, inguruari egokitua eta etxe-uhartea ixten duena, egun osatu gabe dagoena. Modu horretan, auzo-iragazkortasuna eman zaio Sanduzelaiko plaza berriari. Sortutako lurzatian, inguruko eraikinekin lerrokatuta dagoena, aurreikusten da beheko solairua eta lau solairu altxatuko eraikin bat eraikitzea, 18 etxebizitza eta merkataritza lokalak dituena. Eraikin berriaren hondoa, lerrokadurak eta altuera ondoko eraikinen antzekoak izanen dira. Etxebizitza horiek izanen duten garajearen gaineko urbanizazioa egiteke dago, eta eraikuntza egiten den unean eginen da.
Planeamendu berri horrek, etxe-uhartea osatzeaz gain, bidea emanen du inguruko kaleak lotzeko, hau da, Salva Doktorearen, Sanduzelai eta Labayen Doktorearen kaleak, oinezkoendako eta autoendako lotura hobetuz auzoko alde horretan.
Eraikin berriak Gridilla etxe zaharrek baino espazio gutxiago beteko du, beraz, gainontzeko tokia aisialdi- eta jolasgune gisa irabazi da. Inguruaren urbanizazioan, dagoeneko amaituta, zoladura berriak instalatu dira, dagoeneko urbanizatuta dagoen parkearen gainontzekoari jarraipena emanez, jolasgune bat gaitu eta eremu berdea hedatu da.
Eremu horretako diseinua, materialak, zoladurak, hiri altzariak eta argiak parkean proiektatutako plazaren diseinu berari jarraituz egin da, beraz, zoladura 60x40ko hormigoi aurrefabrikatutako errauts, boli eta korten koloreko lauzazkoa da eta erritmo ezberdinak ditu. Zolatutako eremuaren barruan egonleku bat sortu da zuhaitzez, zuhaixkez eta tapiz-landarez hornitutako parterre berde handi batez lagunduta, bai eta txikiendako jolasgune batez ere.
Eremua eskuhartzearen hegoaldeko mugan lerrokatutako eserleku batzuekin osatuko da eta lurrera ainguratutako altzairu galbanizatuzko hodizko bizikletendako aparkalekuak jarriko dira.
Eraispen-lanak Construcciones y Excavaciones Erriberri SLk egin ditu, 116.600 euroan (BEZa kanpo). Bestalde, urbanizazioa Lacunza Hermanos enpresak egin du, 256.494,87 euroko esleipen zenbatekoarekin (BEZa kanpo). Urbanizazio-lanek, CIMA Ingenieros eta Sergio Murillok egindako proiektuaren diseinua jarraitu dute eta urriaren amaieran amaitu ziren.